Nazioarteko ballet konpainia esanguratsuenetako bat da Victor Ullate Ballet. 1988an sortu zen, eta nazioarteko ospea lortu duen Espainiako lehen dantza talde pribatua da. Hala ere, Victor Ullate konpainiako zuzendariak (Zaragoza, Espainia, 1947) adierazi du azkenaldian «estualdi ekonomiko handia» izan duela konpainiak: «Meritu handiak egin behar izan ditugu gauden lekura iristeko». Hori hala izanik, batzuetan konpainiaren etorkizuna «kolokan» egon dela azaldu du. Egoera horretara iristeko, laguntza ekonomikoen «eskasia» izan dute bide: «Madrilgo Autonomia Erkidegoak %60 murriztu dizkigu laguntzak hiru urtean». Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, emanaldia eskainiko du gaur ballet konpainiak Kursaaleko auditoriumean, 20:00etatik aurrera.
Hertsiki lotuta egon da dantza Hamabostaldira, eta 75. urteurrena duela eta, antolatzaileek lehen urteetako funtsa oroitu nahi izan dute. Jaialdi honetan, lehen aldiz ariko da gaur Ullateren dantza konpainia, eta koreografoak azaldu du programa «mistoa» aurkeztuko dutela lau dantza taularatuz: Jaleos, Tres, Après toi eta Bolero.
1996an, New Yorkeko City Centerren estreinatu zen Victor Ullateren Jaleos lana, eta koreografoak azaldu du oraindik ere «indarrean dagoen» pieza dela. Luis Delgadoren musika du oinarrian, eta dantzariak «bikain» azaltzen dira, Ullateren esanetan: «Zoragarria da azaltzen duten maisutasuna eta teknika landua».
Eduardo Lao ballet konpainia horren zuzendari artistikoa da Tres koreografiaren sortzailea. Ludwig van Beethovenen Claro de luna, Bosgarren sonata eta Bigarren sonata lanetan oinarriturik, bikote harreman batean beste pertsona bat agertzen denean zer gertatzen den azaltzea du helburu.
Après toi koreografia Maurice Bejart belgikar dantzari eta koreografo zenaren omenez prestatu zuen Ullatek. Beethovenen 7. sinfonia-n oinarritu da horretarako, Mauriceren oroitzapenarekin lotzen baitu obra hori.
Bolero da Ullateren azken sorkuntza, eta XX. mendeko 20ko hamarkadan girotu da garai hartako konposizioa eta balleta omentzeko. Emanaldirako sarrerak aspaldi amaitu ziren.
Amezketan (Gipuzkoa), bestalde, Fernando Bengoetxea Altuna Fernando Amezketarra-ren omenez, Garai hura gara emanaldia eskainiko dute Andoni Egaña bertsolariak, Xabier Lizaso pianistak eta Ainhoa Garmendia sopranoak, San Bartolome elizan, 19:30ean. 250 urte dira Fernando Amezketarra jaio zenetik, eta Hamabostaldia herrian egindako programa bereziari batu zaio.
75. Musika Hamabostaldia
Victor Ullate: «Konpainiaren geroa kolokan egon izan da batzuetan»
Victor Ullate Ballet konpainia estreinakoz ariko da gaur Hamabostaldian, lau koreografiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu