Bilbon jaio zen Vicente Larrea, 1934an; aita bilbotarra zuen, Jose Larrea Etxaniz eskultorea; eta ama, berriz, nafarra, Pilar Gaiarre Galbete. Zazpi anai-arrebetan bosgarrena zen, eta oso txikitatik ekin zien arte ikasketei, etxeko tailerrean lehenik, Atxuriko Arte eta Lanbideen Eskolan ondoren, eta Bilboko Berreginen Museoan geroago —aitona ere eskultorea izan zuen—. Etxeko tailer hartan urte luzez egin zituen eskultura publikoek eragin handia izan zuten bere obran, eta teknika konplexuak lantzeko gaitasuna ere bereganatu zuen bertan. Tailerrean lantzen zuten eskultura motaren ildotik eman zituen berak ere lehen obrak, eta eskultura garaikidearen lengoaia garatzen hasi zen geroago. Hala, 1964an, familia enpresa desegin, eta bakarka ekin zion ibilbide profesionalari.
Urte haietan sortu ziren abangoardiako euskal taldeak ere, eta Larreak Emen taldearekin bat egin zuen, Bizkaikoarekin. 1966an, Gipuzkoako artistek osatutako Gaur taldekoek eta Emeneko kideek erakusketa bateratua egin zuten Bilboko Arte Ederren Museoan. Larrea 1968an hasi zen abstrakzioarekin, izaera eraikitzaile geometriko, lerrozuzen edo bihurgunetsuko eskulturen bitartez. Denbora batez, forma geometriko eta organikoak uztartu ondoren, bigarrenen alde egin, eta apurka, forma konplexu eta itxiagoak gailendu ziren bere lanetan, barruan zutena guztiz ezkutatu arte.
2013an zazpi artelan eman zizkion artistak Bilboko Arte Ederren museoari. Eta Javier Viar orduko museoko zuzendariak Eduardo Txillida, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearen ondorengo gisa aurkeztu zuen Larrea, dohaintza jasotzeko ekitaldian. «Bigarren belaunaldi bat osatzen du Vicente Larreak, Remigio Mendiburu eta Rafael Ruiz Balerdirekin batera».
Larrearen esanetan, «eskulturak norberaren bizitzaren ondorio dira». Haren obra asko ikus daitezke Euskal Herriko kaleetan. Bilbon ez ezik, Iruñean ere topa daitezke, esaterako. Izan ere, hark berak aitortu bezala, bere lanak kalean ikustea zen artistak gustukoen zuen gauzetako bat.