Giuseppe Verdiren Il trovatore opera ezagunak emango dio amaiera OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartearen 71. denboraldiari. Lau emanaldi egingo dituzte guztira: larunbatean lehena, eta hilaren 29an azkena. Beste bi ekitaldiak 23an eta 26an izango dira, ohi bezala, Euskalduna jauregian.
Lorenzo Mariani arduratu da eszena zuzendaritzaz, eta azaldu duenez, muntaketa «minimalista eta mistikoa» izango da. «[Obran]Ez dago errealismo narratiborik; atmosferak bilatu nahi izan ditut». Marianik aitortu du Ingmar Bergmanen Det sjunde inseglet (Zazpigarren zigilua) filma izan duela inspirazio iturri eszenaratzea prestatzean. Marianiren arabera, operaren girotzea «iluna» izango da, «partiturak atmosfera itogarri eta indartsuak eskatzen dituelako, baita metafisikoak ere, gaua misterioa baita batik bat».
Antonio Garcia Gutierrez XIX. mendeko antzerkigile espainiarraren oholtzarako obra batean inspiratuzen Verdi opera idazteko. Erdi Aroangirotua da opera, Aragoiko Erreinuan eta Bizkaian, eta bi istorio garatzen ditu aldi berean. Batetik, Azucena ijitoaren mendekua kontatzen du. Ama eta semea sutan hil dizkiotela uste du Azucenak, eta beste pertsona bat modu berean hil dezatela nahi izango du. Bestetik, Leonoraren eta haren atzetik dabiltzan bi gizonezkoren arteko maitasun istorioa kontatzen du —bi gizonezkoak etsaituak daude haien artean—. «Mendekua, heriotza, borrokak eta jelosia dira istorio apasionatu eta basati honen osagai nagusiak», azaldu du Cesidio Niño OLBEko zuzendari artistikoak.
Lehen mailako taldea
Bilboko Orkestra Sinfonikoak—Francesco Ivan Campak zuzendua—, «lehen mailako kantariak» lagunduko ditu emanaldiotan, Niñok azpimarratu duenez. Celso Albelo tenor espainiarra Manrico izango da, Azucenaren «ustezko semea», zeina Leonoraz maiteminduta dagoen. Azken horren rola Anna Pirozzi soprano italiarrak beteko du, eta Juan Jesus Rodriguez baritono espainiarra Lunako Kondea izango da obran. Azkenik, operako talde nagusia Ekaterina Semenchuk mezzosoprano bielorrusiarrak osatuko du, Azucenaren rolarekin.
Il trovatore ez da opera ezezaguna Bilbon, OLBEk oholtzaratuko duen hamabosgarren aldia baita hau. Hain zuzen ere, 1953an OLBE sortu zutenean eman zuten lehenengo obretako bat izan zen. 2008an taularatu zuten azkenekoz.
Bestalde, hilaren 27tik 29ra bitartean, Verdiren inguruko biltzarra antolatu du opera elkarteak: Verdi for the Ages: Iragana, oraina eta etorkizuna. Verdiren 30 bat adituk parte hartuko dute biltzar horretan, eta konpositorearen obraren hainbat alderdi aztertuko dituzte.
Verdiren 'Il trovatore' operarekin itxiko du denboraldia OLBEk
Hilaren 20an, 23an, 26an eta 29an taularatuko dute obra, Bilbon. Celso Albelo tenorra eta Anna Pirozzi sopranoa izango dira protagonista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu