Giuseppe Verdiren Un ballo in maschera opera (Mozorro dantza bat) Iruñera helduko da lehen aldiz, aste honetan. Ostiralean eta igandean, Iruñeko Baluarte jauregiko areto nagusian taularatuko dute. Luxenburgo, Lorrena (Frantzia) eta Naonedeko (Bretainia) antzokien ekoizpen bat da, eta guztira 170 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte, artista eta teknikariak kontatuta.
Aktoreen artean izango dira Sergio Escobar tenore espainiarra (Gustavo III.a antzezten), Maria Pia Piscitelli soprano italiarra (Amelia), Artur Rucinski baritono poloniarra (Anckarstromgo kondea) eta Maria Jose Montiel mezzosoprano espainiarra (Ulrica). Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta AGAO abesbatza lirikoak osatuko dute taldea, Yves Abel kanadarrak gidaturik. Egunotan entseguak egiten ari dira auditoriumean.
Giuseppe Verdi musikagile italiarrak 1850eko hamarkadan ondu zuen Un ballo in maschera opera, bere bizitzako aldi emankorrenetako batean. Garai hartan konposatu zuen, halaber, bere trilogiarik ezagunena, Rigoletto, Il trovatore eta La traviata obrek osatutakoa.
Baluarten taularatuko duten operak benetako gertaera bat du oinarri: Gustavo III.a Suediako erregearen hilketa. 1792an hil zuten, Stockholmeko operan, mozorro dantza batean. Gertaera horretatik abiatuta, Verdik tentsio handiko thriller moduko bat eraiki zuen. «Maitasun nahasteek, sorgin profezia beltzek edota askatasun idealek elikatzen dute arriskuz, sineskeriaz eta zorigaitzez betetako opera hau», zehaztu du Baluartek. Opera korala da, eta hiru pertsonaia nagusientzat «oso zorrotza», nabarmendu dutenez.
Obra bi emanalditan eskainiko dute: ostiralean, otsailaren 4an, 20:00etan, eta igandean, otsailaren 6an, 19:00etan. Sarreren prezioa 30 eurotik 62 eurora bitartekoa da, eta Baluarteko leihatiletan eta www.baluarte.com webgunean eros daitezke.
Operan sakontzeko hitzaldiak
Operaren taularatzearen atariko gisa, bi hitzaldi antolatuko dituzte aurreko egunetarako, obra «sakonago ezagutzeko». Batetik, ostiralean, Juan Angel Vela del Campo musika saiakeragileak sarrera hitzaldia egingo du 19:00etan, El humanismo verdiano, contra viento y marea (Verdiren humanismoa, haize eta marea kontra) izenburupean. Bestetik, igandean, Xabier Armendariz musikologo eta musika kritikariak obraren konposizioaren testuingurua eta ezaugarri nagusiak azalduko ditu 18:00etan, 'Un ballo in maschera' en contexto (Un ballo in maschera testuinguruan) izenburuko hitzaldian. Baluarteko Gola aretoan izango dira bi hitzaldiak, eta sarrera librea izango da, lekua bete arte.