Tentsio une gorenean, pelikula amaitzeko hamabost minutu falta direla, sute alarma piztu da! Baina ezer ez da mugitzen. Ikusle batzuek aretoko laguntzaileei begiratzen diete izututa ote dauden ikusteko, eta erdiz bakarrik altxatu dira euren aulkietatik beste batzuk, konbentzitu antza, laster berriz ere proiekzioa abiatzeko eskatzeko moduan izango direla. 2024ko Veneziako Zinema Jaialdiko hedabideentzako proiekzioan gertatu da hori, eta Marco filma izan da ikusleak eserlekuetara itsatsita utzi dituen pelikula. Orizzonti sailean proiektatu dute Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako lana, eta Italian daude bi zuzendariak ere egunotan, protagonista rolak jokatzen dituzten aktoreekin: Eduard Fernandez eta Nathalie Pozarekin.
Alarma faltsuaren biharamunean azaldu dute nola jaso zuten albistea. «Afaria zapuztu ziguten, Volpi salan gertatutakoa kontatu zigutenean. Hori da hori hasiera, pentsatu genuen». Baina ez zieten kontatu publikoa sumindu egin zela, amaiera ikusi gabe geratuko zirela pentsatzen zutelako, eta areto aurrealdean bildu zirela denak, berriz ere proiekzioari ekin zioten arte itxaroteko, eta txalo beroak jaso zituela lanak gero, bai eta komentario oso positiboak ere.
CNT sindikatuko buruzagietako bat izan zen Marco (Enric Marco Batlle), eta, hainbat urtez, denei sinetsarazi zien preso eduki zutela nazien kontzentrazio esparru batean. Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkartearen presidente izatera eraman zuten haren karismak eta sinesgarritasunak. Deportatuek kontzentrazio esparruetan bizitakoa salatzea bilakatu zen haren bizitzako misioa, geroztik. Harik eta 2005ean historialari batek haren kontakizuna zalantzan jarri zuen arte.
«Duela hamazortzi urte hasi ginen dokumental bat egiteko ideiari bueltaka. Hainbat aldiz bildu ginen Marcorekin ere, elkar ezagutu eta haren konfiantza irabazteko»
JON GARAÑOZinema zuzendaria
«Aspalditik dator proiektua», azaldu du Garañok. «Duela hamazortzi urte hasi ginen dokumental bat egiteko ideiari bueltaka. Hainbat aldiz bildu ginen Marcorekin ere, elkar ezagutu eta haren konfiantza irabazteko. Baina egun batez Alemaniara joatekoa zela esan zigun, eta bidaia bakarrik egingo zuela, han egindako espetxealdia baieztatzen zuten paper batzuk bilatzeko. Itzuleran onartu zigun Alemaniako talde batekin egin zuela bidaia hura eta dena grabatu zutela, dokumental bat egiteko». Eta, beraz, kaxoian bukatu zuen zuzendarien proiektuak. 2010era arte, behintzat. Urte hartako Donostiako Zinemaldian, han agertu zitzaien Marco berriz ere, eskuetan butifarra bat zeramala. «Berari buruzko dokumental bat egiteko eskatu zigun», gogoratu du Arregik. Material mordoa ere grabatu zuten ordukoan, baina berriz ere bertan behera utzi zuten proiektua gero. «Baina, azkenean, istorioa fikziozko pelikula batekin kontatzea erabaki genuen». Eta hori da Venezian ikusi ahal izan den Marco.
Marco propio bat
Kontakizunaren protagonistak bezala, filmak ere geruza asko ditu. Errealitatearen irudikapenari, hedabideei zein manipulazioari buruzko gogoeta pizten duen jolas bat da. Pertsonaiaren eta haren bueltako historiaren konplexutasuna islatzen duen ispilu joko bat.
«Berari buruzko dokumental bat egiteko eskatu zigun Marcok 2010ean, baina, azkenean, istorioa fikziozko pelikula batekin kontatzea erabaki genuen»
AITOR ARREGIZinema zuzendaria
«Gure Marco propioa sortu behar genuen pelikularako, baina haren energia berarekin». Eduard Fernandezi begira eman du lehen azalpena Arregik, eta aktoreak jarraitu du kontakizuna, irribarrez. «Banuen Marcoren historiaren berriren bat, baina Aitorrek eta Jonek grabatutako material guztia ikusi nuen. Marco eta haren bizitza konplexua aztertu ahala, psikiatriko batean jaiotako ume hura izaten nuen nik buruan, kanpora begira, munduan leku bila zebilena. Hitzontziekin gertatu ohi denez, ahoan zeukan hori dena berak. Nik, berriz, begietan eta begitartean ditut ezaugarri nagusiak, eta, horregatik, pixka bat kostatu zitzaidan horretaz ahaztu eta adierazpenak, mugimenduak eta gainerako guztia ahora eramatea. Gogor egin dugu lan, baina oso ongi pasatu dugu barrukoaren eta kanpokoaren arteko bereizketa desegiten zuen Marco hori behin eta berriz jokatzen».
Nathalie Pozak barrez eten du Fernandezen azalpena. «Hain ongi pasa dut Eduard Marcorena egiten ikusten, ezen pelikularen ondoren kosta egin baitzait berriz ere Eduard errekonozitzea».
«Gogor egin dugu lan, baina oso ongi pasatu dugu barrukoaren eta kanpokoaren arteko bereizketa desegiten zuen Marco hori behin eta berriz jokatzen»
EDUARD FERNANDEZAktorea
Pozak Lauraren rola jokatzen du filmean, Marcoren emaztearena. Haren alboan geratzea erabaki duen emakumearena, alegia. «Marcoren zerbitzura zegoelako da hori, eta, hura hitzontzi hutsa den bezala, isiltasuna da Lauraren bermea. Haren begien bidez ere begiratu behar zaio Marcori. Epaitu beharrean, lehen-lehenik, onartu egin behar da emakume hau. Pertsonaia bat jokatzen duzunean, haren deabruaren abokatua bihurtzen zara. Makillatzen ninduten bitartean, besteen komentarioak entzuten nituen, eta neure buruari galdetzen nion ea nola ez genuen harengan geure burua errekonozitzen, guztiok dugulako gauzarik larrienak ere estaltzeko joera. Laurak badaki dena gezurra dela, baina badaki Marcok zer lortu duen ere: ikusgaitasun handia eman diolako elkarteari. Eta hark lortutako guztia berak eraitsi behar ote duen galdetu behar dio bere buruari Laurak».
«Laurak badaki dena gezurra dela, baina badaki Marcok zer lortu duen ere: ikusgaitasun handia eman diolako elkarteari»
NATHALIE POZAAktorea
Garañok hartu du hitza berriz. «Laurak ez du puxika lehertu nahi, Marcok deportatuen aldeko lan handia egin duelako». Eta Marcok erabilitako esaldi batekin gehitu du ñabardura gero Arregik. «Zer kontatzen duzun baino garrantzitsuagoa da nola kontatzen duzun. Entzuleen eta kontalariaren arteko paktu bat dago hor. Ikusleek orain gurekin egiten duten paktu bera da, haiek ere ez dakitelako kontatzen dugun horretan zer den benetakoa eta zer fikziozkoa».
Erritmoa, argazkia, antzezpenak, musika eta zuzendaritza dira ikusleak eserlekura itsatsita mantentzen dituzten osagaiak, baita suteen aurkako alarma batek jotzen duenean ere.