Vendetta, aldi berean klasiko eta elektroniko

Ska eta reggae klasikoa elektronikarekin uztartu ditu Vendetta taldeak bere ibilbideko bosgarren diskoa sortzeko: 'Bother'

Vendetta taldeko bost kideak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
«Orain arte kanta guztiak mahai gainean jarri eta diskoan kanta on bakar bat ere faltan ez gelditzea izan da gure asmoa beti, oraingoan bakar bat ere sobera ez egotea nahi genuen». Luisillo Kalandraka baxu jotzaileak deskribatu duenez, bide hori jarraitu du Vendetta taldeak bere ibilbideko bosgarren diskoa sortzeko, eta orain arteko lanik zentratuena atera dute. Ska, rocksteady eta reggae doinu klasikoak dituzte ardatz abesti guztiek, baina elektronika baliatuz jantzi dituzte denak. «Are gehiago batu ditu horrek kanta guztiak, soinu berezi bat ere ematen die, eta, halere, musikalki akaso gure diskorik puristena eta klasikoena izango da».

Hamar abesti ditu diskoak, guztira, eta, orain arteko beste lanetan bezala, tartekatu egin dituzte euskarazko eta gaztelerazko hitzak. Hiru daude euskara hutsean, bat erdiz euskaraz eta erdiz gazteleraz, eta gazteleraz gainontzekoak. Aurreko lanetan bezala, taldeko kide guztiek abesten dute, gainera. Kalandraka: «Hasieran aipatzen ziguten ez genuela abeslaririk, iradokiz bezala abeslari gabeko talde bat ez dela ezer, eta, orain, jendeak maiz aipatzen digu gustatzen zaiola guztiok kantari aritzearena».

Esfortzu berezia egin dute bideoklipekin. Batasuna lortzea izan dute hor ere erronka. Hiru bideoklip egin dituzte, orotara, baina lotuta daude hirurak. «Saiatu gara zerbait berezia egiten», onartu du Kalandrakak. «Diskoak arazo sozialak lantzen ditu, eta guztiak bideo bakar batean bil zitezkeela pentsatu genuen, eta hiru bideoklipak uztartu ditugu horregatik. Pelikula bat balitz bezala». Oraingoz, etorkizun distopiko bat irudikatzen duen Bother singlearen bideoa bakarrik aurkeztu dute, baina estetika hori izango dute hurrengo bi bideoek ere. «Oso ongi doa hori diskoaren elektronikarekin».

Erlaxatzerik ez

Denbora zeramaten elektronika txertatzeko gogoz, eta zuzenekoetan ere proba batzuk eginak zituzten, eta azkenean animatu egin dira. Javier Etxeberria gitarra jotzailea eta Pello tronboi jotzailea dira kantak konposatzen dituztenak, eta haiek bultzatu dute taldea bide horretan. Gainera, Reparazek ekoizle lanak ere egin ditu oraingoan lehenengoz. Toni Mejias rap abeslariaren kolaborazio bat ere izan dute, bestalde, Pao pao pao abestian.

Azken urteetan publiko zabala lortu du Vendettak, baina, Kalandrakak dioenez, ez dago erlaxatzeko aukerarik. «Lehena edo azkena izan, disko bakoitzarekin jokatzen duzu dena».

Martxoan hasiko dituzte birako kontzertuak, eta Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute lehena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.