Hegaldaka abiatu, eta, orain,munduari agur. Horrela laburbil daiteke Pauline Junquet eta Juliette Alfonsoren musika ibilbidea. Joan den ostiralean kaleratu zuten Veloma, bigarren diskoa. Hamabi kantuz osatutako lana da, lehenbiziko lana baino «ausartagoa» eta «pausatuagoa», bien erranetan. Sei hizkuntza baliatu dituzte; badira sorkuntza propioak, eta badira jada ezagunak diren kantuak ere.
Taula gainean ezagutu zuten elkar biek, 2014an, Telethonen kari —diru bilketa ekimena, medikuntza arloan ikerketak aitzinera eramateko ekimena—. Eta aste baten buruko hasia zuten elkarlana; bi gitarrak eta bi ahotsak batu zituzten bikotea osatzeko. «Berehala hasi ginen errepertorio komun baten sortzen, aste baten buruan». Orduan, 20 urte zituen Junquetek eta 16 Alfonsok. «Gazteak ginen; ez genekien batere zertara abian ginen».
Jostatzetik oholtza gainera
2015ean egin zuten lehen kantaldia elkarrekin, Kalakan taldearen lehen partean jotzeko gonbita ukan baitzuten, Arrosan (Baxenabarre).
Ordura arte ez zuten euskaraz kantatzen, gehien bat ingelesez ari baitziren biak. «Kalakanen lehen partea egiteko, bagenekien hobe genuela euskaraz egitea; beraz, hortik etorri da euskaraz egitearena, biek elkarrekin», Junquetek. «Kontzertu goxoa izan zen, jendea gisakoa, eliza betea... Lehen aldiarentzat, xantza anitz ukan genuen. Ondotik, ene gurasoek gaualdi bat antolatu zuten Madagaskarrentzat, eta buzz delako bat izan zen; 'oh lala, haur beltz batek bere herriaren omenez kantatzen du, euskaraz!', eta hortik, ezagunago bilakatu ginen», oroitu du Alfonsok.
Gero, kantaldiak ezker eta eskuin biderkaturik eta hutsune bat sentiturik, 2017an egin zuten Hegaldaka, lehenbiziko diskoa, Patrice Tetevuiden laguntzarekin. «Ez genuen deus ere ezagutzen musika munduan: soinua, tresnak, harremanak, eszena... Gazteak ginen». Kolaborazioak izan ziren, hala nola Thierry Biskarirekin eta Anje Duhalderekin. Hitzen aldetik, Maddi Sarasua eta Amets Arzallus izan zituzten laguntzaile. «Hegaldaka izena hautatu genuen ohantzetik ateratzen ginelako. Lehen esperientzia ederra izan da, anitz ikasi dugu, eta 200 kontzertu inguru egin ditugu. Disko horrekin mundu profesionalera sartu gara; serioskiago aritu gara», azaldu du Alonsok.
Iraganari begira jarri, eta oroitzapenak eskapatzen zaizkie biei, eta irribarre handiarekin so egiten diote lehen diskoari. «Neskatxak ginen; anitz ikasi dugu geroztik!», Junquetek.
«Nortasuna finkatuz»
Lehenbiziko diskotik hiru urte pasatu dira, eta joan den ostiralean kaleratu zuten bigarren lana. Malgaxezko veloma hitzak agur erran nahi du euskaraz. Madagaskarren jaioa da Alfonso, eta sorterriaren «omenez» egin du diskoari izena eman dion kantua.
Diskoaren irakurketarentzat «erraza» izanen zen izen bat nahi zuten biek. Eta malgaxez izatea horrela justifikatu dute: «Ez genuen hautatu nahi euskararen eta frantsesaren artean, zeren zerbait neutroa nahi genuen. Diskoan sei hizkuntza baliatzen ditugu. Ez dugu hizkuntza bakar bat hautatu nahi musika egiteko, eta, beraz, zaila da hautatzea zer hizkuntza nahi dugun diskoari izena emateko». Alta, lehenengoan euskara hautatu zuten, baina aldaketa bat nabarmendu dute oraingoan. «Hegaldaka euskaraz zen , eta euskal mundua hunki genuen; bigarren disko horretan pixka bat ireki nahi izan dugu», Junquetek. Hala, euskaldunak hunkitzen segitu nahi dutela erran dute, baina beste norabide bati so daude biak. «Espero dugu kontzertu gehiago egitea Espainian eta Frantzian, adibidez, beste publiko bat hunkitzeko».
Hala, urte bat eta erdi behar izan dute diskoa prest uzteko, eta begi onez ikusten dute eginiko ibilbidea. «Harro gara egin dugunaz», erran du Alfonsok. «Gure estiloa plantan eman dugu; aldaketak izan dira; gehiago asumitu dugu gure nortasuna. Zerbait finkatu dugu», gehitu du Junquetek. Veloma, gaurko mundua ikusten duten bezala erakustea izan da bientzat, eta askotariko gaiak kantatu nahi izan dituzte. Halere, denen artean, hiru kantu nabarmendu nahi izan dituzte; lehena, Borrokatu eta eman. «Emaztetasuna aipatzen zuen kantu bat nahi genuen, eta Iker Laurobari galdetu genion musika egitea. Maddi Sarasuak idatzi dizkigu hitzak, eta Izarorekin egin dugu kantua. Beharbada, klipa ere eginen dugu». Alfonsok idatzitako Veloma ere azpimarratu dute. «Afrikar kolore bat ekarri nahi genuen. Horretan lagundu gaitu Rebecca M'Boungouk». Gisa horretan, orain arte baino mitxa gehiago dutela uste dute, erritmo gehiago, indar gehiago, eta, lehen aldiz, dantzatzeko musika egin dute. Hirugarrenik, Jonquetek idatzitako kantu bat aipatu dute, Amazoniaren desagertzeari buruz egina. Oro har, inguruko gaiez inspiratu dira. «Gure mundua begiratu dugu, eta maite ditugun gaiak aipatu ditugu, baita borrokak ere».
'Veloma' diskoa kaleratu dute Pauline eta Juliettek
'Hegaldaka' diskoa egin zuen Pauline eta Juliette bikoteak 2017an. «Ausartago», «pausatuago» eta nortasuna «finkaturik», hamabi kantuz osaturiko disko berria kaleratu dute iragan ostiralean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu