Luis Nuñez 2010az geroztik Iruña-Veleiako aztarnategiko zuzendaria denak Gasteizko Lehen Instrukzio epaitegian deklaratuko du ostiralean, SOS Iruña-Veleia elkarteak haren aurka jarritako kereila bat tramiterako onartuta. Eliseo Gil aurreko zuzendaria babesteko sortutako elkarteak berak eman du albistea komunikabideetara igorritako ohar baten bitartez. Nuñezi «ondareari kalte egitea eta justizia oztopatzea» leporatu dio SOS Iruña-Veleiak.
2006ko ekainean Eliseo Gilek zuzentzen zuen Lurmen enpresak III., IV. eta V. mendeetako zeramika zatietan hainbat ostraka aurkitu zituen, eta euskara eta kristautasuna III. menderako sortuak zirela ondorioztatu zuten. Gerora, ordea, aurkikuntza hura faltsutze bat izan zela adierazi zuen Ertzaintzaren ikerketa batek. Oraindik kasua auzibidean dago.
Bitartean, SOS Iruña-Veleia elkarteak salatu zuen hondeamakinak inguruan sartuta bertako ondarea hondatzeko arriskuan zegoela. 2010ean salaketa bat jarri zuten, baina epaitegiak artxibatu egin zuen bere garaian. Bost urte geroago, 2015ean, aztarnategiko beste gune batean kalteak eragin zirelakoan,beste salaketa bat aurkeztu zuen elkarteak. SOS Iruña-Veleiak adierazi duenez, ohartu ziren 6. eremuko lurra hondeamakina batekin mugitu eta lisatu zutela: «Eremu horretan induskatu gabeko gune bat zegoen, zalantzan jarri diren ostraketako asko, horien artean euskarazko asko, agertu ziren lekutik oso gertu». Salaketa hori hartu du aintzat orain epaitegiak. Horren ondorioz deitu dute Luis Nuñez zuzendaria deklaratzera.
Veleiako zuzendariaren aurkako kereila tramiterako onartu dute
SOS Iruña-Veleia elkarteak salatu zuen Luis Nuñez, «ondareari kalte egin eta justizia oztopatzeagatik». Etzi deklaratuko du epaitegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu