Literatura

'Vasconia' ikonikoaren hirurehun ale jarri dituzte salgai, Federiko Krutwigen figura aldarrikatzeko

Lehen edizioan inprimatu ziren hirurehun aleak, 1962an. Krutwigen Lagunak elkarteak berreskuratu ditu Bilboko Kafe Antzokitik eta Ipar Euskal Herriko zenbait txokotatik. Horiekin lortutako irabaziak Krutwigen lana dibulgatzeko baliatu nahi dituzte.

Manu Ertzilla eta Oskar Arantzabal, 'Vasconia' liburuaren ale batekin, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Manu Ertzilla eta Oskar Arantzabal, 'Vasconia' liburuaren ale batekin, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Oskar Arantzabal eta Manu Ertzilla Krutwigen Lagunak elkarteko kideek sorpresa bat eman dute, Federiko Krutwig idazle eta ideologoak idatzitako Vasconia saiakera ikonikoa berreskuratuta. Liburuak ukitu, orriztatu eta usaindu besterik ez dago lehen ediziokoak direla baieztatzeko. Ahanzturatik ateratako jatorrizko ale horiek salduz, Federiko Krutwigen figura aldarrikatu nahi dute, bai eta haren ekarpena dibulgatu ere.

Euskal kultura politikoaren ikono izan zen Federiko Krutwigen Vasconia (Getxo, Bizkaia, 1921-Bilbo,1998). Izenburuak zehaztapen bat ere badakar aurretik: Estudio dialéctico de una nacionalidad (Naziotasun baten ikerketa dialektikoa). Fernando Sarrailh de Ihartza goitizenez eman zen argitara, 1962an; artean ez dago erabat garbi Parisen inprimatu ote zen edo Lapurdiko kostaldeko herriren batean izan ote zen; Buenos Airesen behintzat ez zen izan, liburuak bere lehen orrialdeetan hala dioen arren. Klandestinitatearen halabeharrak dira horiek.

Testuinguru geopolitikoa

1962an, Gerra Hotzean murgilduta zegoen mundua. Orduko aita santuak, Juan XXIII.ak, Fidel Castro eskumikatu zuen, eta Kubako misilen afera ere urte berean ezagutarazi zuten, Jorge Oteizaren Quosque Tandem bezala. Antikolonialismoa ere puri-purian zegoen: Frantziak Indotxinako gerra galdu zuen, eta Aljeriak, Ziprek eta Tunisiak, berriz, independentzia lortu. Euskal Herrira etorrita, lurraldeko zatirik handienean Francoren diktadurapean bizi ziren, eta mugimendu politiko eta sindikalak borborka ari ziren. Ipar Euskal Herria, berriz, husten ari zen egunetik egunera; bi mutur erakusten zituen: turismoa eta lan falta.

Krutwig deserriratuta zegoen ordurako. 1952an ihes egin zuen Bilbotik, eta, Alemanian zazpi bat urtez bizi izan ostean, Ipar Euskal Herrian kokatu zen, argazki estudio bat jartzeko asmoz. Orduan ezagutu zuen Mark Legasse, baita Pako Miangolarra ere, Vasconia liburuaren sustatzailea. Manu Ertzillak azaldu duenez halaxe esan omen zion Miangolarrak: «Euskal kausaren alde liburu bat idatzi beharko zenuke, ez nahitaez irakurtzekoa, baizik eta euskal kausa hor dagoela esango lukeena». Gerora, Krutwigek berak esan zuen «burko gisan erabiltzeko» idatzi zuela Vasconia.

Mundu berri baten bila

Ertzillaren arabera, ordura arteko nazionalismoa apurtzeko asmoz sortu zen liburua: «Ez da tradizionalista, ez da JEL [Jainkoa eta Lege Zaharra] ideiaren jarraitzailea, ez Eusko Jaurlaritzarena...». Horri guztiari mundu zaharra deitzen omen zion Krutwigek, eta hark mundu berri baterako idatzi nahi.

Ordura arte baliatutako Zazpiak bat-en eta kontzeptu sabindarren gainetik Vasconia hautatzeak ere badu funtsa Ertzillarentzat, baita jatorriari heltzeak ere: «Inork ez zekien Euskal Herria noiz hasi zen, eta Krutwigek sakontasun historikoa eman zion. Euskal Herria jada ez zen abstrakzio bat edo fabulazio bat izango euskaldunentzat».

«Inork ez zekien Euskal Herria noiz hasi zen, eta Krutwigek sakontasun historikoa eman zion. Euskal Herria jada ez zen abstrakzio bat edo fabulazio bat izango euskaldunentzat»MANU ERTZILLAKrutwigen Lagunak elkarteko kidea

Vasconia deitzen dion horrek bi adiera ditu Krutwigen lumapean. Batetik, geografia da, historiaren bidez azalduko duen lurraldea. Baina etnia ere bada, eta lurraldea habitatzen dutenen berri emateko ikerketa dialektiko zabala egin zuen liburuan, «ez, ordea, estatikoa, ordura arte egin zen moduan». Euskal nazioa nahitaez euskararen gainean eraiki beharra zegoela adierazi zuen, gainera, idazle eta ideologoarentzat munduan kokatzeko tresna bat baitzen euskara.

Marxismoa

Historia progresiotzat zeukan Krutwigek, eta, horren harira, ikuskera marxistara lerratu zen Vasconia-ren lehen ediziohartan. Alta, gerora egindako berrikusketetan beste muturrera jo zuen, eta aurrerabidearen kontrako gisa definitu zuen marxismoa. Materialismo historikoa ere teoria faltsutzat jo zuen.

Krutwigen beste hainbat kontu ere hartu ditu hizpide Ertzillak. Esate baterako, Vasconia-ren eta sionismoaren arteko lotura. Izan ere, Krutwigen erreferentzia garrantzitsuenetako bat Israelgo lehen ministro ohi Menahem Begin izan zen. Ertzilla: «Krutwigek dioenean Euskal Herrian Uliberri izeneko komunak antolatu behar direla, kibbutzez ari da».

Krutwigek semeari zion ezin ikusia ere aipatu du, baita horrek izan ditzakeen ondorioak ere. Izan ere, Krutwigen obraren inguruko oztopo nagusietako bat eskubideen jabetza da.

Krutwigen Lagunak elkarteko Oskar Arantzabal kezkatuta mintzatu da: «Krutwigen lanak dibulgatu egin nahi genituzke, baina lan gehienen eskubideak semearenak izango dira, eta hura non dagoen ere ez dakigu». Vasconia-ren hirurehun aleak salduz ateratako dirua haren figura aldarrikatzeko proiektuetarako erabili nahiko dute: «Komiki biografiko bat atera, antzerki lanen bat sortu edota liburua itzuli». Alain Eiguren, esate batera, Vasconia euskaratzen hasita dago.

.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.