Zinema

'Vampire humaniste cherche suicidaire consentant' filmaren freskotasuna saritu du Fant jaialdiak

Ariane Louis Seizeren filmak jaso du jaialdiko Film Onenaren Saria; ‘Shé' filmarentzat izan da Sail Ofizialeko Labur Onenarena, eta Pablo Rioren ‘Conej Steps Out’ lanarentzat Euskal Film Laburrik Onenarena.

'Shé' filmeko fotograma bat. FANT
'Shé' filmeko fotograma bat. FANT
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko maiatzaren 10a
15:50
Entzun

Maitasun istorio batek irabazi du. Banpiro nerabe baten eta bere buruaz beste egin nahi duen mutil deprimitu baten arteko amodio istorio batek, bai, baina amodio istorio batek, halere. 30 urte bete ditu aurten Bilboko Fant Zinemaldi Fantastikoak, eta Ariane Louis Seize zuzendari quebectarraren Vampire humaniste cherche suicidaire consentant filmari eman diote jaialdiko Film Onenaren Saria. Epaimahaiak azaldu duenez, «maitasun istorio zoragarria delako, freskotasunez, gaztetasunez eta egungo gizartearekin konektatuta egoteak dakarren originaltasunetik abiatuz kontatua». Hain justu ere, generoko elementuak baliatzeko duen modua nabarmendu du Sail Ofizialeko epaimahaiak.

'Vampire humaniste cherche suicidaire consentant' filmaren trailerra.

Rene Zhan zuzendariaren Shé filmak irabazi du Sail Ofizialeko Film Laburrik Onenaren Saria. Kasu honetan, «munduan bere lekua aurkitu nahi duen etorkin gazte batek jasaten duen ziurgabetasuna eta presioa tratatzeagatik». Eta, azkenik, Pablo Rio zuzendariaren Conej Steps Out lanarentzat izan da Euskal Film Laburrik Onenaren Saria. Epaimahaiak «lotsagabekeria», «energia» eta animazio klasikoen aldeko «apustu psikodelikoa» goretsi dizkio lanari.

Aipamen berezirik gabe

Ana Hormaetxea gidoilaria, Chris Oosterom Amsterdamgo Imagine zinema jaialdiko zuzendaria eta Aracelic Perez-Rastrilla ekoizlea izan dira Sail Ofizialeko epaimahaiko kideak, eta atal horretako lanen kalitatea nabarmendu dute. Oosteromek onartu duenez, aipamen berezia merezi zuten lanak ere izan dira tartean, baina jaialdiaren antolakuntzari kontsulta egin ostean, halakorik ez ematea erabaki dute. Eta, Oosteromek azaldu duenez, berdin jokatu ohi dute eurek ere Amsterdamgo jaialdian. «Halako aipamenek distira kentzen diote irabazleari».

Ikuspegia izeneko atalean ere hiru sari izan dira. Daniel Moreno Garciaren He soñado con olas filmarentzat izan da Film Luzerik Onenaren Saria, eta Victor Wamerdamen Ik ben geen robot lanarentzat laburrik onenarena. Tamara Garcia ekoizlea, Marta Salvador gidoigilea eta Oscar Salazar kazetaria izan dira sail horretako epaimahaiko kideak. Eta kalitate orokorra nabarmendu dute haiek ere. Edonola ere, erabakia «ia aho batez» hartu dutela ere zehaztu dute.

Bestalde, Siyi Liu zuzendariaren San gui Quing Shi filma bereziki nabarmendu da. Hark jaso du Sail Ofizialeko Film Luzerik Onenarentzako Publikoaren Saria, bai eta Epaimahai Gaztearen Sail Ofizialeko Film Onenaren Saria ere. Eta Raul Mongeren La ley del más fuerte izan da ikusleen ustez Sail Ofizialeko laburrik onena.

Horrez gain, Usue Alvarez eta Urko Olazabal aktoreek jaso dute Euskal Film Laburretako Interpretazio Onenaren Saria, Deadly Draw filmean egindako lanagatik. Pascal Plante zuzendariaren Red rooms filmaren gidoia nabarmendu du Euskal Gidoigileen Elkartearen Sariak.

Beka eta saritutako lanen proiekzioa

Aldaketa egin du antolakuntzak sariekin aurten. Saritutako film laburrek bakarrik jaso dute sari ekonomikoa. Sail Ofizialeko irabazleak eta ikusleek aukeratutakoak, esaterako, 3.000 eurokoa; euskal film laburrik onenak, 2.500 eurokoa; eta Ikuspegi saileko film laburrik onenak, 1.750 eurokoa. Hala, euskarazko film bat egiteko beka bat sortzeko baliatu dute orain arte film luzeentzat izan ohi ziren sariak. Horregatik, 5.000 euroko laguntza jasoko du Amaia San Sebastianek Olentzerori eskatu nion filma ekoizteko.

Seizeren banpiroak ez ezik, saritutako gainerako lanak ere proiektatuko ditu jaialdiak bihar. BBK Salan izango da hori. 17:00etan emango dituzte Ikuspegi sailekoak, eta 19:00etan Sail Ofizialekoak.

 

Lamberto Bava: «Zuzendari bakoitzak du bere kontatzeko modua»

Umberto Bava zinemagilea, 2024ko Fant Fantastikoko Izarrak saritua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Lamberto Bava zinemagilea, 2024ko Fant Fantastikoaren Izarra sariduna. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kaixo, Lamberto Bava naiz, gidoigilea, ekoizlea, zuzendaria eta, orain, idazlea». Berez, zinemagintzan egindako lau hamarkadatik gorako ibilbidea aitortu nahi izan dio aurten Fant jaialdiak, eta horregatik eman diote Fantastikoaren Izarra izeneko ohorezko saria. Mario Bava zuzendaria zuen aita, eta umetatik ezagutu du fantasia eta beldurrezko generoa. Eta hamaika film zuzendu, filmatu, ekoiztu eta idatzi arren, ingeles eskoletan egongo balitz bezala aurkeztu du bere burua zinemagileak Bilbon, mikrofonoa hartu bezain pronto, justu jaialdiko palmaresa jakinarazi ostean.

1980ko hamarkadan zuzendu zuen bere lehen pelikula, Macabro, eta Demons da haren lan multzoko alerik nabarmenetako bat. Onartu duenez, utzia du jadanik zinemagintza, eta idazten dabil azkenaldian, baina pozik jaso du Bilboko jaialdiaren aitortza. «Sari guztiak dira eskertzekoak, adierazten baitute zure lanak ez daudela ahaztuta, eta, adibidez, pentsa Demons egin nuenetik 40 urte joan direla». Hamabost minutu inguruko hitzaldian presente egon da haren aitaren itzala ere, eta aingeru guardakoetako bat izan zuela onartu du zinemagileak. «Zinemagile bakoitzak du istorioak kontatzeko bere modua. Aitaren kontatzeko eta filmatzeko moduak bizirik iraungo du, agian, nigan; nire zerbait izango den bezala Dario Argentoren lanetan».

Bavak gaur jasoko du saria, itxiera ekitaldian, bai eta Pedro Olea zinemagile bilbotarrak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.