Uztailaren 21ean abiatuko da Erriberriko Antzerki Jaialdia

39 funtzio eskainiko ditu. Dantzak, musikak eta zirkuak ere izanen dute tokia. San Martin Unxek lehen aldiz hartuko du egitasmoa

Nafarroako Lore More konpainiaren Trapu zikinak antzezlanaren irudi bat. HITZA.
edurne elizondo
Nafarroako Hitza
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
«Askotarikoa» izanen da aurtengo Erriberriko Antzerki Jaialdia, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko jarduneko arduradunek eta jaialdiko zuzendariek jendaurrean nabarmendu dutenez. Joan den astean egin zuten jaialdia aurkezteko agerraldia, Iruñeko Baluarte auditoriumean. Zehaztu zuten jaialdiaren aurtengo 24. aldiak 39 saio eskainiko dituela; Erriberrin, Tafallan, Beiren eta San Martin Unxen eginen dutela—azken herri horretan, lehendabiziko aldiz—; eta antzerkiarekin batera musikak, dantzak eta zirkuak ere izanen dutela toki bat. Uztailaren 21etik abuztuaren 6ra eginen dute.

«Aurtengo proposamenak belaunaldi guztiei, ikus-entzule guztiei eta gure mundua astitzen duten gatazka guztiei egin nahi izan die so». Horixe erran dute Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia zuzendariek, hilabete barru abiatuko den Erriberriko Antzerki Jaialdiari buruz. 22 konpainiak hartuko dute parte, eta haietako zortzi izanen dira Nafarroakoak. Euskaraz ikuskizun bakarra izanen da aurten: Lore More taldearen Trapu zikinak.

Jaialdiak, gainera, sormena sustatzeko bi egonaldi izanen ditu, Tafallan eta Beiren. Batean, Mikele Urroz eta Lucia Ezker ariko dira, Mendia proiektuarekin; bertzean, berriz, Torcidas egitasmoa landuko dute Las Nenas Theatre taldeko kideek. Jaialdiak iraun artean eginen dituzte egonaldiak, uztailaren 21etik abuztuaren 6ra. Urrozek eta Ezkerrek euren lanaren bi emanaldi eginen dituzte —abuztuaren 1ean, Tafallan, eta 3an, Erriberrin—; Las Nenas Theatrek, berriz, Beiren aurkeztuko du berea abuztuaren 2an, eta Erriberrin abuztuaren 4an.

Egitaraua osatzeko, batetik, formakuntza jorratzeko hiru tailer eginen dituzte; eta, bertzetik, topaketak antolatu dituzte artisten eta kazetarien artean. Nafarroako konpainiekin ere eginen dute saioren bat, taldeon lanaren berri zabaltzeko.

Jaialdiak, halere, antzerkia izanen du oinarri, eta Erriberri izanen da egoitza nagusia. La Cava aretoan hamabi ikuskizun eginen dituzte; herriko karrikak ere bilakatuko dira oholtza, Erriberri Esperientziak izenburuko programaren bidez; asmoa da kale antzerkia sustatzea.

Sarrerak salgai

Erriberritik kanpo, Tafallan, Beiren eta San Martin Unxen ere hartuko dute aurtengo jaialdia, Erriberri Geltokiak izenburuko egitasmoaren bidez. Estefania de Paz Asin aktoreak Olvido Flores, Las maravillas de Júpiter bere ikuskizuna aurkeztuko du herriotan, bai eta Erriberrin ere. Carla Rovira, Desasosiego konpainia, Tanttaka Teatroa eta Maitane Azpiroz ere ariko dira Erriberri Geltokiak saioan.

Antzerki jaialdirako sarrerak salgai dira. Sarean eskura daitezke —Festivalteatroolite.com eta Baluarte.com helbideetan—, bai eta Iruñeko Baluarteko leihatiletan ere. Aurten, gainera, Cordovillako La Morea merkataritza gunean izanen da sarrerak erosteko aukera. Erriberrin, Enozentrumen egoitzan daude salgai; Tafallan, kulturgunean; eta Beiren, Ezpeleta jauregian. Erriberriko jaialdiari buruzko informazio osoa Festivalteatroolite.com helbidean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.