Maialen Beloki. Zinemagilea

«Utzi egin zaio trantsizioko euskal zinema nazionalaren inguruan eztabaidatzeari»

Antxon Ezeiza zinemagileak zuzendutako 'Ikuska' sailaren film laburrak izan zituzten mintzagai atzo Bilbon; euskal zinemaren oinarriak jarri zituen Ezeizak, beste zenbait zinemagilerekin batera.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Antxon Ezeiza zinemagileak (Donostia, 1935-2011) zuzendutako Ikuska bildumako film dokumentalak izan zituzten atzo mintzagai Bilbo Zaharra Forumek Bilbon antolatutako jardunaldietan. Maialen Beloki berton izan zen Ezeizaren ibilbideaz hitz egiteko.Zinemagilearen inguruko doktore tesia kaleratu zuen 2010ean.

Zer da Ikuska eta zertaz ari da?

Ikuska euskaraz egiten den dokumentalen lehen saila da, euskal gaien ingurukoa. 20 film labur dira, hainbat zuzendarik zuzendutakoak, eta guztiak Antxonek koordinatutakoak. Berak horietako lau zuzendu zituen, gehi Erreferenduma, sailaren probako dokumentaltzat hartu izan dena. Bertsolarien ingurukoa da bat, Donibane Lohizuneko arrantzaleen ingurukoa beste bat, hirugarrena artzainei buruzkoa, eta azkena, sailaren epilogoa.

Euskal zinemagintzaren oinarriak jarri zituen hainbat euskal zinemagilerekin batera. Nola egin zuten?

Antxonek hartu zuen parte eztabaida teorikoan, baita Ikuska-ren eta beste pelikula batzuen bidez ere. Alde teorikoan, euskal zinema nazionalak euskaraz izan behar zuela defendatu zuen, euskal estetika propioa behar zuela, eta, eduki aldetik, esan zuen ezin zela eskatu aktiboki nazioaren sorrera bultzatzeko edukirik, baina bai zapalkuntza betikotuko ez zuten gaiak. Praktikara eramatea zaila zen; Antxonek ez zuen euskara menderatzen, eta, gainera, ez zegoen azpiegiturarik halakoetarako. Orduan, Ikuska sortu zuen, eta, aldi berean, plataforma tekniko bat, euskal artistak eta teknikoak prestatzeko. Era horretan, eraikuntza nazionalaren alde bere harri txikia jarri zuen.

Beraz, politika eta filmagintza elkarrekin doaz haren lanean.

Bai, Antxonek eta bere garaikide askok uste zuten inguruko gizartea hobetzea zuela helburu arteak. Alde horretatik, haientzat artea politikoa zen. Pelikulak egin zituenean, ideologia baten barnean egin zituen. Bestetik, egia da bere afiliazio politikoek, hainbat momentutan, industria batean edo bestean sartzen lagundu ziotela. Madrilen egon zenean Alderdi Komunistako kidea izan zen; horregatik sortu zitzaikion aukera batzuk.

Nola bihurtu zen Antonio Eceiza Antxon Ezeiza?

Madrilen hasi zen lanean; zinema ikasketak egin zituen berton. Han errealismo dialektikoaren inguruko testuak idatzi zituen Nuestro cine (Gure zinema) aldizkarirako. Nuevo cine español (Zinema espainiar berria) mugimenduan hartu zuen parte. Ezeiza Espainiako Alderdi Komunistako kidea zen, eta filmak ideologikoki hor kokatu behar dira. Burgosko prozesuaren ondoren, bere identitatea berraurkitu zuen. Erbestean egon zen, eta Euskal Herrira itzulita, trantsizio garaian, jada euskal zinema nazionalaren defentsa egin zuen.

Nola eragin zioten erbesteratu beharrak eta Mexikon emandako garaiak haren zinemagintzari?

Mexikon, lehen aldiz, askatasunean lan egin ahal izan zuen. Madrilen beti tentuz ibili behar izan zuen, gaiak eliptikoki sartuz. Egindako filmek beti dute bigarren zentzu bat. Mexikon, ikaragarrizko aldaketa ikusten zaio lanean. Euskal Herrira bueltatutakoan, horretan jarraitu zuen.

Nola aldatu da euskal zinema Ikuska bilduma ekoitzi zenetik hona?

Egoera guztiz aldatu da. Orduan bazirudien euskal arte guztiak eraikuntza nazionalaren aldekoa izan behar zuela. Denbora pasatu ahala, gauzak asko aldatu dira; jendeak jada ez du sentitzen arteak hori izan behar duenik. Azpiegitura aldetik ere Euskal Herrian industria antzeko bat sortu da; baina ez da nahikoa. Trantsizio garaiko helburu horiek bertan behera geratu dira, eta euskal zinema nazionalaren inguruan eztabaidatzeari utzi zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.