Ismael Manterola
BEGIZ

Utopiatik estilora

2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Irratian esaten ari dira jarri berri duten musika klasikoko piezak avantgarde (sic.) estiloa daukala. Nire barrurako pentsatu dut, noiztik da abangoardia estilo bat? Hala bada, noiz bihurtu zen abangoardia estiloa?

XX. mendearen hasieran arte mugimendu iraultzaileei deitu genien abangoardia. Modernitatearen beste ahalegin askok bezala, arte akademiekin puskatu nahi zuten, baina era iraultzaile baten bitartez, hau da, guztia irauli, eta hankaz gora jarri nahi zuten jasotako tradizioa. Beraz, mugimendu iraultzaileak zirenez, askatasuna jarri nahi zuten artearen sormenaren oinarrian, nahiz eta horrek ez duen esan nahi mugimendu horietako parte hartzaile guztiek askatasun pertsonala edo askatasun mota guztiak defendatzen zituztenik. Pentsa dezagun futuristengan, adibidez, artearen iraultzaileak ziren museoak erretzea eskatzeraino, baina haietako askok faxismo italiarrean militatzen bukatu zuten. Edo Picasso bera, kubismoaren sortzaileetako bat izan arren, inguruan izan zituen emakumeen dominatzaile, xurgatzaile eta, sarritan, abusatzaile ere izan zen.

Hala ere, abangoardiek askatasun kolektiboaren gaineko kezkak izan zituzten, eta arte ismo askok harremanak izan zituzten XX. mendearen hasierako mugimendu sozial emantzipatzaileekin. Pentsa dezagun Bauhausen, adibidez: gizartearen bizi baldintzak hobetu nahi zituen eraikuntzarako eskolaren bidez. Edo gogoratu suprematismoak edo konstruktibismoak Errusiar iraultzan izan zuten protagonismoa.

Baina, Bigarren Mundu Gerraren ondoren, abangoardista askok Estatu Batuetara ihes egin zuten, eta bertako egoerak behartu zuen abangoardia eduki sozialak alde batera uztera eta forma hutsa bilakatzera. Europatik ihes egindako abangoardista horiek Estatu Batuetako etorkizuneko arkitektoak, artistak eta diseinatzaileak trebatu zituzten. Konpara ditzagun Bauhaus eskolatik 30eko hamarkadan irtendako altzari diseinuak, adibidez Marcel Breuerren aulkiak, Eames senar-emazteak 50eko hamarkadan diseinatutako bulegorako aulkiarekin. Lehendabizikoak etxeetan jartzeko aulkiak ziren, era industrialean altzairuzko tutuz eta saretaz merke eta azkar egiteko aproposak. Bigarrenak enpresarien bulegoetan behar ziren altzairuz eta larruz osatutako altzari moderno eta funtzionalak ziren. Lehenbizikoek karga sinboliko gutxi zuten; bigarrenak, aldiz, nazioarteko enpresa handiek behar zituzten tronuen antzekoak ziren.

Material berberekin gauza ezberdinak egin daitezke. Altzairuz, beiraz eta plastikoz egindako formalismo funtzional hotzak garbitasuna, argitasuna eta modu industrialean produzitzeko aukera eman eta gizartearen egoera hobetu dezake, baina forma hutsa bihurtuta kapitalismo irabazle berriaren sinbolo ere bihur daiteke. Horrela pasatu zen abangoardia estilo hutsa izatera. Ez ote da gauza bera gertatzen ari ideologiekin?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.