Irakasle lanetik eszedentzia hartu, eta urtebete eman zuen Asun Garikanok William Faulknerren (New Albany, Mississippi, AEB, 1897 - Oxford, Mississippi, AEB, 1962) The Sound and the Fury liburua itzultzen. «Montpellier inguruko landetxe batean isolatuta, Faulknerren liburu guztiak irakurri nituen, baita egileari buruz idatzitako azterketa kritikoak, biografiak, Estatu Batuetako hegoaldearen historiari buruzko liburuak eta abar ere», kontatu du. Gorputza han, baina burua nobelako Yoknapatawpha konderrian. Hotsa eta ardaila izan zen urtebeteko lan haren emaitza. Ibaizabal argitaletxeak argitaratu zuen, 1992an, eta Elkarrek berrargitaratu iazko azaroan.
Literatura Unibertsala bildumako liburu asko deskatalogatuta zeudela ikusita, Urrezko Biblioteka egitasmoa jarri zuten martxan zenbait eragilek, haiek berreskuratzeko; hau da, beharrezko zuzenketak eta moldaketak eginda, berriz argitaratzeko. Saileko 16.a da Garikanoren Hotsa eta ardaila. Ortografia kontuak eta Euskaltzaindiaren azken urteetako arauak errespetatuko zituen testua eskaintzea zen itzultzailearen hasierako asmoa. «Ez dira alferrik pasatu 25 urte, eta uste nuen baino aldaketa gehiago egin ditut azkenean. Hiztegiak askoz ere hobeak dira gaur egun, eta, horri esker, lexiko mailan, zehatzagoa da bertsio hau, landareen eta animalien izenei dagokienez, esate baterako».
Garikanoren esanetan, «sintaxi argi bat lortzea» izaten du kezka nagusi itzultzen ari denean, eta ahalegin horretan ikasitakoak aplikatzen saiatu da Faulknerren liburuan ere. «Itzulpena gaurkotzen baino gehiago, hobetzen saiatu naiz. Itzultzea lan utopikoa da, izan ere, batik bat literatura unibertsaleko libururik ederrenak itzultzeaz ari garenean». Hemen hitz bat ordezkatu, han esaldi barruko elementuen ordena aldatu, hala ibiltzen da itzultzailea. «Esperantza izaten dugu beste urrats txiki bat egiten ari garela jatorrizkoaren bikaintasuna lortze aldera, utopia horretara hurbiltze aldera».
Kontaera berezia
Mississippiko familia baten gainbehera kontatzen du Hotsa eta ardaila-k, eta traizioak, suizidioa eta ihesak dira agertzen diren beste gaietako batzuk. Hala ere, kontatzen dena baino gehiago, kontatzeko modua da liburuaren bereizgarri nagusia. Gertaera berberak lau aldiz kontatzen baitira, lau narratzaile ezberdinen ahotsetik: hiru anai-arreben ikuspegitik, aurrena, eta gertaerak kanpotik begiratzen dituen narratzaile baten ikuspegitik, azkenik. «Narratzaile horietako bakoitzak ahots bat du, eta bakoitzari dagokion ahotsarekin, tonuarekin, asmatzea da itzulpen honen zailtasunetako bat. Oso desberdinak baitira narratzaile bakoitzaren kontatzeko erak».
Itzulpenari lotutako beste bi berezitasun ere aipatu ditu Garikanok. Ordena kronologikoa hautsi, eta orainaldiko eta iraganeko kontuak nahastuta ageri dira liburuan. Letra normaletik etzanera pasatuz adierazten ditu egileak jauzi horiek. «Itzultzerakoan kontu handiz ibili beharra dago horrekin, jauzi horiek behar bezala adieraztea laguntza handia baita irakurlearentzat». Protagonisten hizkerak ere eskatu dio arreta. «Alde handia dago nobelako zuriek hitz egiten duten ingelesetik beltzek hitz egiten dutenera. Baina horri euskaraz —edo beste edozein hizkuntzatan— irtenbide bat emateko edozein ahalegin asmakizun hutsa litzateke: kale egitera kondenatutako saioa».
Itzultzeko liburu zaila zela onartuta ere, abantaila bat izan zuela azaldu du. Faulknerren mundua eta garaia ondo ezagutu ezean, kosta egiten da nobelan egiten diren aipamen batzuei tankera hartzea. «Aipamen horietako batzuk erabat opakoak dira gaztelaniazko eta frantsesezko itzulpenetan. Euskarazkoari ekin genionerako, ordea, nobelaren edizio kritiko bikainak zeuden, aipamen horiek argitzen zituztenak».
Itzultzailearentzat edizio horiek izan baziren lagungarri, irakurlearentzat, hitzaurrea. Han aurkezten dira, esaterako, nobelako protagonistak. Faulkner bera ere ohartuta zegoen bere kontatzeko moduaren originaltasunaz, eta garai batetik besterako jauziak kolore desberdinez inprimatu nahi izan zituen. Alabaina, azkenean, letra normala eta etzana txandakatuz adierazi zituen. «Egileak berak ere izan zuen buruan irakurleari laguntzaren bat emateko asmoa, beraz, ez dut uste hitzaurreko argibide txiki horiek itzultzailearen gehiegizko esku hartzea direnik».
Hain zuzen, egileak bizi zuen testuingurua ere kontuan hartzekoa iruditzen zaio Garikanori. Aurreko bizpahiru nobelek izan zuten harrera eskasa ikusita, hurrengo liburua gogoak ematen zion bezala idaztea erabaki zuen Faulknerrek, garaiko joera, editore, argitaletxe eta abarri kasurik egin gabe. «Horrela sortu zen XX. mendeko nobelarik originalenetakoa eta ederrenetakoa».
Hotsa eta ardaila itzuli eta hurrengo urtean, irakaskuntzara itzuli zen Garikano. «Lan obsesiboa izan zen, eta nire osasun mentalarentzat hobe izango zela pentsatu nuen». Geroztik, irakasle lanak uzten dizkion tarteetan itzuli izan du. «Hogeita bost urte geroago, ez dakit halako lan bati ekiteko kemenik izango nukeen. Baina pribilegiotzat daukat orduan halako obra eder bat itzultzeko aukera eduki izana».
Literatura
Utopiara hurbiltzeko beste urrats bat
1992an itzuli zuen William Faulknerren 'Hotsa eta ardaila' nobela Asun Garikanok, eta berrargitalpena etorri da orain. Uste baino aldaketa gehiago egin dituela kontatu du, itzulpena gaurkotzen baino gehiago hobetzen saiatuko delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu