Utopia: ez-lekua den leku ona. Gizarte ideala, armonia, ihes egiteko toki bat. Ameskeriazkoa. Baretasun egoera bat, perfektua. Ez orain eta ez hemen. Urruneko leku bat da utopia. Irla bat. Hala deskribatu zuen lehen aldiz Tomas Morok ustezko mundu utopiko hori. Uharte baten moduan, Utopia-n (1516). Lortu nahi eta ezina, horixe Morok marraztu zuen ez-lekua. Ordutik izan dira borrokatutako utopiak, ordea. Horra sozialista utopikoak, horra 1968ko Maiatza: Parisen, Berlinen, Pragan, Mexikon, Euskal Herrian... 50 urte pasatu dira ordutik, eta Jakin Fundazioak berreskuratu du eztabaida: Utopiarik ba al da gaur egun? Amestu al daiteke gizarte hobe baterako iraultza? Korapilo horiek askatzeko atzo hasi eta gaur amaituko den Utopia 68/18. Iruditeria berriaren bila jardunaldia antolatu dute UEUrekin eta Usurbilgo Udalarekin (Gipuzkoa) elkarlanean. Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak eztabaidaren oinarriak jarri ditu sar-hitzan. Utopiak utzi dio irla izateari: «Utopia jada ez da izango iristezina den leku hura, baizik eta posible denaren zentzua zabaltzeko eraldaketa praktika bide bat». Hemen eta orain, eta etengabeko prozesuan. Gaiari heldu diote segidan Amaia Lasa idazleak, Alba Garmendia EHUko Filosofia doktoregaiak eta Eduardo Apodaka EHUko irakasleak.
Garmendiak azaldu ditu utopia klasikoaren ezaugarriak: «Utopiak berez du kritikarako gaitasuna, unean uneko errealitatea aldatu nahi delako. Bestetik, ihes egiteko bide bat da, eta, amaitzeko, behin desiratutako egoera horretara iritsita egikaritzen da proiektua. Imitazioa besterik ez da». Nabarmendu du, ordea, hori dela utopia ulertzeko era klasikoa, eta gaur egun, egiten zaiola kritika horri berari. Utopia berrien beharra aldarrikatu du.
«Ez dago utopia bakarrik. Utopia asko daude, gizartea bera konplexua delako eta eraldatzeko gauza asko daudelako», hala hautsi du Lasak utopia klasikoen lehen ezaugarria. Ez dago utopia bakarrik, eta, hortaz, utopiak ez dira estatikoak: «Utopiaz beteta bizi gara, eta utopiaz beteta gaude». Hamaika iraultzaren atzetik ibilitakoa da Lasa. Hala idatzi zuen berak ere 17 urterekin, olerki batean: «Ez naiz borrokalaria, baina borroka guztietan sartzen naiz».
Ordutik bizi izan ditu hainbat aldaketa; hainbat utopiaren erdiestea. Euskararen batasuna, 68ko Maiatza, ikastolen mugimenduaren sorrera... «Eraldaketarako eta borrokarako garaia zen hura. Utopietan sinestekoa». Nikaraguara joan zen ondoren, gobernu sandinistarekin hezkuntza arloan lan egitera: «Hor ikusi genuen utopia posible zela baina beti egongo zela zer eraldatu. Iraultza bat gertatzen bada, beste utopia bat sortzen da».
Alegia, ez dago errepikatzen den utopiarik. Ezin da egin imitaziorik. Hala uste du Garmendiak ere, eta azaldu ditu utopia berrien ezaugarriak: «Utopia berrietan ez dago erabateko perfekziorik, eraldaketa osoa bilatzen da, eta, batez ere, lekuari berari baino prozesuari ematen zaio garrantzi handiagoa». Horrexegatik azpimarratu du beharrezkoak direla iraultzarako subjektu berriak: «Periferikoak direnak ohartu dira beharrezkoa dela iraultza berrien bidean abiatzea. Eta, batez ere, jabetu dira prozesua bera dela garrantzitsua».
Literaturan igarri du aldaketa Garmendiak. Garai bateko narrazioetan leku paregabe horiek deskribatzen ziren, eta pertsonaien helburua zen paradisu hori bilatzea. Orain, ordea, Garmendiak azpimarratu duenez, pertsonaien trantsizioan jartzen da arreta, eta istorioen amaierak irekiak dira sarri: «Pertsonaiek badute eraldaketarako gogoa. Distopia batean bizi dira, eta egoera hobe baten bila jotzen dute, baina garrantzitsuena bide hori da, ez helmuga». Marge Pierciren Woman on the Edge of Time eleberria jarri du horren adibide.
Eraldaketarako gogo hori hartu du abiapuntu, hain zuzen ere, Apodakak. Haren ustez, gizarte fatalista da gaur egungoa: ezintasun kolektibo bat sumatzen da, eta «errealismo kapitalistaren» distopiak elikatzen du gizartearen iruditeria. Horregatik, eraldaketarako «grina» izatea iraultzetarako pizgarri izan daiteke, haren arabera. Ez da nahikoa, ordea. Helburu lorgarriak ezarri, eta egunerokoan landu daitezkeen planteamenduak aurrera eramatea da haren proposamena: pragmatismo iraultzailea.
Pragmatismoaren beharra
Apodakak bat egin du Garmendiaren planteamenduarekin: «Utopia klasikoei kritika egiteko sortu zen distopien diskurtsoa. Baina utopia berriak dira behar ditugunak. Bideari erreparatzen dietenak». Harago jo du, gainera: «Esparru sinbolikotik jarduera materialera igaro behar gara. Utopiak egin behar ditugu: egia bihurtu, egikaritu». Alegia, praktiketan arreta ipintzea beharrezkoa dela nabarmendu du Apodakak, eta horretarako ezinbestekoa da pragmatismoa, haren ustez.
«Utopien aldean, beldurra diogu pragmatismoari, eskuinak bere egin duen kontzeptu bat delako». Eraginkorra izatea gizarte neoliberalen ezaugarri nagusietako bat bilakatu dela aitortu du, baina «pragmatismo dogmatiko» horren aurrean, hark «pragmatismo iraultzailea» proposatzen du: «Jendeari erakutsi behar zaio badaudela aukera posibleak, eta areago, aukera horiek irekitzeko lan ildoak zehaztu daitezkeela».
Hori nola egin ere proposatu du Apodakak. Lan hipotesiak zehaztu, eta praktika konkretuen bitartez ekintza ildoak ezartzea da bidea. Hor gurutzatzen dira, hain zuzen ere, utopia eta pragmatismoa: «Ideal utopikoak helburuak izango balira bezala irudikatu behar ditugu. Benetan bete daitezkeen xede moduan». Horra Lasak aipatutako euskara batua, ikastolen legeztatzea eta Nikaraguako iraultza.
Garmendiari ere egin dio keinu: «Tokian tokiko errealitatetik abiatuta egin behar dugu irakurketa kritikoa. Beharrezkoa da unean uneko harreman eta egituren hausnarketa egitea». Hortaz, Garmendiak esan moduan, abiapuntua eta bidea, biak dira azken helburu utopikoa baino garrantzitsuago. Marxek eta Engelsek ere hala kritikatu zituzten sozialista utopikoak: «Gaitzetsi zuten utopikoek egoera ideal bat irudikatu zutela, lekuan lekuko irakurketa kritikoa egin gabe», azaldu du Apodakak. Gaineratu du biek garrantzi gehiago eman ziotela iraultza komunistaren prozesuari, estatu komunistaren deskribapenari baino: «Praxi iraultzailean jarri zuten arreta. Pragmatikoak izan ziren, erabat».
Manifestu Komunista idatzi zela 170 urte bete dira aurten, Errusiako Iraultza gertatu zela 100 urte bete ziren iaz, eta 68ko Maiatzetik mende erdi joan da, baina bai Lasak, bai Garmendiak eta bai Apodakak, hirurek berretsi dute utopien eta iraultzen beharra. Helmugari baino gehiago, bideari arreta ipintzea, eta prozesu dinamikoen inguruan hausnartzea; hor jarri dute gakoa. Morok duela 600 urte deskribatutako irla atzean utzi, eta utopia berrien subjektuetan pentsatu behar da, haien ustez.
Utopia berrien subjektuak
Baina Apodakak deskribatutako «errealismo neoliberalean», egoera distopiko horretan, nork izan behar du utopia eta iraultza berrien bila joango den subjektua? «Bazterrekoak» dira, Garmendiaren ustez, utopia berriak segituko eta sortuko dituztenak: «Iraultzan sinesten dute oraindik periferiakoek, aldaketaren subjektua dira, eta utopia berriak sortzen dituzte, prozesuetan arreta ipiniz».
Mugimendu feminista, mugimendu sozioekologikoa, mundu zabaleko herri mugimenduak... Horiek dira, hizlarien ustez, eraldaketarako subjektu berriak. «Loratu gabeko utopia bat da emakumeen ahalduntzea», nabarmendu du Lasak. «Hala ere, 70eko hamarkadaren ondotik, lan ugari egin ondoren, berriz ere kalea hartu du mugimendu feministak. Hor ikusten dut utopiarako gogoa». Bat egin du Garmendiak. Horretaz gain, Apodakak azpimarratu du mugimendu sozioekologikoak duen grina: «Erabateko hondamendian gaudela ohartarazten dute, baina ikuspegi fatalista horretan gelditu beharrean, gogoetak eta proposamenak mahaigaineratzen dituzte».
Hain justu, Jakineko jardunaldiotan bi mugimendu horiei leku egin diete, Zaintzaren utopia mahai ingurua izan zen atzo, eta Utopia sozioekologikoa gaur. Izan ere, tokian tokitik, eta inolako irlara joan gabe, utopia berrien atzetik segitzeko aukera baitago.
[youtube]https://youtu.be/vz6hMUuGFBQ[/youtube]
[youtube]https://youtu.be/D8Wnw_Reh4Q[/youtube]
[youtube]https://youtu.be/KGM7nlHvFrM[/youtube]