Batzuei erraza egiten zaie etorkizuna imajinatzea, eta askori, ziurrenik, lehenik auto hegalariak pasatuko zaizkie burutik. Yurre Ugartek imajinatu duen etorkizunean, ordea, ez da halakorik. 2160. urtera egin du salto idazleak, XXII. mendera, eta Iris XXII komiki liburuko istorioa idatzi. Julen Ribas ilustratzaileak jarri dizkio irudiak Ugarteren «utopia-distopia» kontakizunari. Txalaparta argitaletxearekin argitaratu dute. Nahiz eta Durangoko Azokan aurkeztu zuten, gaur arte ez da liburu dendetan eskuragarri egon, eta hemendik aurrera erosi ahal izango dute irakurleek.
Komikiaren mundua ezaguna da bi egileentzat. Izan ere, Ugartek Joseba Larratxe ilustratzailearekin, Katu hegoduna (Saure, 2014) eta Joana Maiz (Harriet, 2019) lanak kaleratu zituen. Ribasek, berriz, Eider Rodriguezen Santa Familia, eta Iban Zalduaren Azken garaipena komikietako ilustrazioak egin zituen. Biek ala biek Euskadi saria irabazi zuten, Haur eta Gazte Literatura kategorian.
«Gaur egungo kolapso eta hondamendi txikien kateatzearen emaitza irudikatu nahi izan dut». YURRE UGARTE Idazlea
Idazlearen esanetan, «kapitalismo patriarkalaren hondamendiek suntsitutako planeta batetik» bizirik ateratako gizarte batean oinarritzen da istorioa. Irla bat dute bizileku protagonistek. Lehen kolpean, badirudi liburuko gizarteak ez duela zerikusirik egungoarekin, ez baitago ez teknologiarik, ez bankurik, ez eta dirurik ere. Hala ere, pertsonaiek iraganaren mamua segika dute etengabe, arbasoen ondare kulturala berreskuratzen saiatzen baitira; jaso, eta euren hizkuntzara itzultzen dute.
«Gaur egungo kolapso eta hondamendi txikien kateatzearen emaitza irudikatu nahi izan dut», azaldu du Ugartek. Garazi Arrula Txalapartako editorearentzat, itxuraz urrun dagoen mundu horrek oinarri ezaguna duela ikusiko du irakurleak. Ez da soilik gizartearen bizimodua ikusiko: bizimodu horretara iristeko eman diren pauso eta gertaerak ere azalduko dira, flashback eran.
Gizarte perfektuan bizitzerik ez dagoenez, Ugarteri normala iruditzen zaio utopiak sortzea eta, horrenbestez, utopiak irudikatzen dituzten lanak sortzea. Uste du eroso egonez gero ez direla sortzen: «Sufrimendutik sortzen dira utopiak, minetik». Arrulak azaldu duenez, azken urteetan gora egin du utopia-distopiaren generoak. Gainera, horrelako istorioak euskaraz sortzea garrantzitsua iruditzen zaio editoreari, euskarazko iruditeria aberaste aldera.
Lan «luzea»
Julen Ribasek 2021ean jaso zuen Iris XXII proiektuan parte hartzeko proposamena. Garai hartan, Sua-n (Txalaparta, 2021) ari zen lanean, Su Ta Gar taldearen kantetako pasarteetan oinarritutako komikian, eta, interesgarria iruditu zitzaionez, proiektu berria aurrerago hartzea erabaki zuen. Ilustratzaileak azaldu duenez, diru laguntza jasotzea beharrezkoa izaten da horrelako proiektu bat aurrera eramateko. 2022ko deialdira aurkeztu, eta lortu zuten diru laguntza.
«Elkarlan guztiek dute euren berezitasuna, eta hau ere berezia izan da». JULEN RIBASIlustratzailea
«Ez dakit Yurrek buruan zuen errealitatera hurbildu naizen», aitortu du Ribasek. Marrazkilariaren eta gidoilariaren arteko elkarlana aberasgarria dela uste du, beste eremu batzuetara eramateko aukera ematen baitu; ping-pong partida batekin alderatu du. «Elkarlan guztiek dute euren berezitasuna, eta hau ere berezia izan da».
Teknika tradizionalak erabili nahi izan ditu ilustratzaileak irudiak egiterakoan: tinta txinatarra, pintzelak, paperean marraztea... Horrek «ukitu beroa» ematen dio emaitzari, haren iritziz. Gaur egun, ilustratzaileen artean marrazkiak digitalki egiteko joera hedatuta dagoen arren, eta nahiz eta berak ere gauza batzuk digitalki egiten dituen, lana «pertsonalagoa» egiten du teknika tradizionalak erabiltzeak, artistak esan duenez.
Komiki liburuaren istorioa irekia dela aipatu du Ugartek, eta, etorkizunean hala suertatuko balitz, aukera ikusten du jarraipena emateko. Lana argitaratzeko, laburtu behar izan du hasieran idatzi zuen testua; beraz, ez du zalantzarik gaiak gehiagorako eman dezakeela.
Komikigintza hauspotzen
Duela hamar urte hasi zen Txalaparta argitaletxea komikiak argitaratzen. Arrulak zehaztu du ezen, komiki asko egiten ez duten arren, urtean pare bat kaleratzen dituztela, Euskal Herriko komikigintzan euren alea jartzeko. Baldintzak ez direla onenak onartu du, baina argitaletxeak bide beretik jarraitu nahi du. «Gure helburua generoa egonkortzea da, komikigintzako baldintzak hobetuz». Euskal Herrian talentua badagoela uste du editoreak, eta harrobia sortu behar dela.