Literatura

Utopia anarkista bati eskainitako trilogia

Asel Luzarraga idazleak Askayala izeneko fikziozko lurraldean kokatu du Esan gabe doa eleberria, eta trilogia baten lehen alea dela esan du

Asel Luzarraga. OSKR MATXIN EDESA
Inigo Astiz
2022ko ekainaren 7a
16:30
Entzun

Venezuelaren eta Guyanaren artean dago Sakau izeneko herrialdea. Edo han zegoen, behintzat, harik eta 2016an iraultza piztu, herritarrek herri askeen federazioa sortu, eta lurraldeari izena aldatzea erabaki zuten arte; ordutik aurrera, lurraldeari Askayala izena jarri zioten. Hamar urte joan dira matxinadatik, eta pixkanaka egonkortuz doa sarean osatutako asanblea sistema, baina horrek ez du esan nahi gatazkarik ez dagoenik, eta, gainera, gainean dute nazioarteko aliantzaren inbasio mehatxua ere. Bere utopia anarkista irudikatu ahal izateko asmatu du fikziozko geografia hori Asel Luzarraga idazleak, eta bertan kokatu du Esan gabe doa eleberria. Txalaparta argitaletxeak kaleratu du lana, eta trilogia baten lehen alea izango dela iragarri du egileak.

«Iraultza bera zelan gertatzen den kontatzea baino interesgarriagoa zen niretzako jada gizarte horretan bizi direnek dituzten erronkak, ezinegonak eta zailtasunak kontatzea», azaldu du egileak. Horregatik kokatu du trilogiako lehen kontakizuna 2026. urtean, esperimentu iraultzaileak jadanik hamar urteko ibilbidea egina duenean. Lau kapitulu ditu liburuak, eta pertsonaia banari jarraituko dio haietako bakoitzak. Haien bizipenen bidez helduko zaio irakurleari utopia horren nondik norakoen berri. Eta hala laburtu du amets hori egileak. «Liburuan planteatzen dena da etorkizuna gura badugu desazkundea behar dugula. Gizarte iraultzaile hori da, desazkundean bizi den gizarte bat, gaur egun hain liluratuta gaituen teknologiaren munduari uko egin diona, neurri batean, hori jasanezina delako, eta ahalegindu dena bizitzen naturagaz, beste oreka batean».

Errealismoa, distopiak eta, azkenik, utopia

2009an sortu zitzaion trilogia idazteko ideia, artean Txilen zegoela. Argitaratu berria zuen Utopiaren itzalak izeneko eleberria, eta bidean zuen Bioklik. Friedrich Nietzscheren Honela mintzatu zen Zaratustra irakurtzen zebilela ere gogoratu du idazleak, Asier Serranok bidalitako nobelaren eskuizkribua ere esku artean zerabilela, eta hala sortu zitzaiola nobela baterako izan zitekeen pasarte bat, «karikatura estilora» idatzitakoa. Burua martxan jarri, eta hala heldu zen ideia. «Bat-batean konturatu nintzen trilogia bat egin behar nuela».

Orduan sortu zitzaion aspalditik buruan zerabilen erronka bati aurre egin beharra ere. «Garai batean idatzi ditut liburu guztiz errealistak, gure gizartean kokatutakoak, nik ezagututako munduan; gero hasi nuen bide distopikoa, etorkizunera begira, baina askotan izan nuen buruan bueltaka islatu behar nukeela ez egun daukagun gizartea, ez gizarte honek nora garamatzan ere, baizik eta garatu behar nuela nik amesten dudan gizartea. Zelangoa izango zen nik buruan daukadan gizarte anarkista hori».

Hori da argitaratu berri duen eleberriaren muina, eta hori landuko dute hurrengoek ere.

Simun Palsu idazleak sinatuta

Onartu duenez, «gaitza» egiten zitzaion mundu utopiko hori Europan kokatzea, eta horregatik jo zuen Latinoamerikara. Errealismo magikoaren tantak ere baditu liburuak, horregatik, idazleak dioenez. Fikziozko idazle bat ere sortu du Luzarragak nobelak idazteko: Simun Palsu. Eta, beraz, nobelan, fikziozko idazle horren eskutik helduko zaio kontakizun osoa irakurleari.

Berrikuste fasean du jadanik trilogiaren bigarren pieza. Laburragoa eta umoretsuagoa izango dela aurreratu du egileak, eta iraultza egin aurreko bizimodua kontatuko du. Bi urte barru espero du kalean Luzarragak, eta, dioenez, buruan du hirugarrena ere, kasu horretan, etorkizun are urrunagoan kokatua. «Egunkari formatua izango du».

Luzarraga unibertsoa

Idazleak bere mundu propioa eraikitzeko duen modua laudatu du Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editoreak. «Sortzen ari den unibertso hori da bere balio handienetako bat, eleberriz eleberri osatzen doana». 2003an eman zuen argitara bere lehen nobela idazleak —hamaika ispilu ganbil— eta, Elkar argitaletxearekin argitaratu berri duen gazteei zuzendutako Katuak jandakoa eleberriaren ondoren, hamabigarren nobela du Esan gabe doa. Bada, Arrularen ustez, lan horien guztien artean sortuz joan den erreferentzia mundu hori da Luzarragaren lorpen literario handienetako bat. «Ez dut ikusten beste inor halako ezertan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.