HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Nire ohe azpiko maitagarria'

Utikan ipuin hezitzaileak

Idazlea: Rosalinde Bonnet. Ilustratzailea: Rosalinde Bonnet. Itzultzailea: Amets Santxez Munain. Argitaletxea: Ibaizabal.

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Azal gogorreko liburu etzana da (21x24 cm), eta 42 orrialde ditu. Album ilustratua da.

Infantila dei daitekeen ilustrazio mota erakusten du. Haur protagonista buruhandi xamarra da, inguruan panpina eta jostailu ugari dituena, eta pertsonaia gaizto aski samurtuen konplizitatean ari zaiguna. Errematerako, txakur txiki bat du bidelagun.

Kontua da ohe azpiko maitagarria gaixotu egin zaiola, eta bere kabuz aritu beharko duela gainerako irudimenezko izakiak artatzen: armairuko itzala, mahai azpiko munstro papur-jalea, basoko erregea...

Halako planteamendu gozoarekin erreparoa pizten zait niri, baina oraingoan uste ez nuen bidetik jotzen du gidoiak. Izan ere, alegiazko pertsonaiekin gero eta txikizio handiagoak egiten ditu protagonistak (jana lurretik, bainuontziko ura eskaileretan behera noranahi...), egin behar ez direnen katalogo bat osatzen ariko balitz bezala, eta, azken orrialdeetan, gurasoak agertzean, katarsia gertatzen da, gurasoak ere jolas sinbolikoaren partaide direla jakiten dugunean.

Garbi dago egileak haurraren plazera bilatu duela, eta ez gurasoak asetzeko zintzokeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.