Argi du nondik datorren, zein den bere istorioa. Kalean ikusitakoa kontatu nahi izan du Ladj Ly zuzendariak (Paris, 1980) Les misérables filmean. Jatorrizko Montfermeil auzoan bizi izan zuen gertakari batetik abiatuta kozinatu du kaleko bizitzaren thrillerra, minutuero tenperatura igota, harik eta eztanda egiten duen arte. Salaketa film bat da, «alerta oihu bat», baina hori baino gehiago ere bai. Ez du edonork estreinatzen bere lehenengo pelikula Cannesko Zinemaldian; bazterrak aztoratu zituen, gainera. Epaimahaiaren saria eman zioten, eta Oscar sarietan Frantzia ordezkatzeko aukeratu dute. Hain zuzen, herrialdeak bizkarra ematen dien auzoetako erretratua da Lyrena, Frantziako «auzoetako lekukotza».
Kalean galdetuz gero zer den Les misérables, batek baino gehiagok erantzungo luke Hugh Jackman agertzen den musikal bat dela. Victor Hugoren istorioa Frantziarentzat berreskuratu nahi izan duzu nolabait?
Hugoren nobelak eragin handia izan du gu guztiongan, umetatik; Frantzian, orokorrean. Baina nobelaren pasarte bat Montfermeilen kokatua dago, nire auzoan. Hugok garrantzi sinboliko handia du Frantzian, baina ez han bakarrik, mugak gainditzen baititu. Txikitan irakurri nuen Les misérables, eta berriz heldu nion gero, filma egiteko. Atzera irakurri nuenean, iruditu zitzaidan gaurkotasun bizia duela, nahiz eta beste garai batean idatzi zuen. Liburuko miseria hori gaur egun ere badago, eta horren berri eman nahi nuen. Dena dela, garrantzitsua da argitzea ez dudala eleberriaren moldaketa bat egin; keinu bat besterik ez da.
Gaztetan zeure auzoan izandako bizipenak daude istorioaren oinarrian. Horren muturrekoa da egungo egoera ere?
Betiko gatazka da, funtsean. Egoera berbera da; ez da 30 urtean aldatu. Horrekin pesimista naiz. Duela 30 urte ere herritarrak matxinatu egiten ziren, eta arazoa behin eta berriz errepikatzen da. Polizia indarkeriak hor jarraitzen du, eta egoera zaila bizi dute aldirietako auzoetan, baina benetakoa da: nik auzo horietako lekukotza jaso dut.
Filmaren hasieran, jatorri guztietako herritarrek elkarrekin ospatzen dute Frantziako futbol selekzioaren garaipena. Guztiak berdintzen ditu horrek.
Guztiak dira frantsesak, nahiz eta Frantziak berak ez dien hori aitortu nahi. Pelikula egungo Frantziaz ari da, eta egungo Frantzia multikulturala da: beltzak, musulmanak, turkiarrak, pakistandarrak daude. Uste dut futbola dela jende hori guztia batzeko modu bakarra. Denak elkartzen dira kausa beraren inguruan. Partida bukatzean, berriz, bakoitza bere bizitzara itzultzen da.
Islamaz aritzeko ezohiko modu bat bilatu duzu filmean?
Islamaz hitz egiten dugunean, beldurtu egiten gara. Hedabideek karikaturizatu egiten dute erlijioa, haren irudi groteskoa zabaltzen dute. Islama terrorismoarekin lotzen dute zuzenean. Ni Montfermeilen bizi naiz; han musulmanak dira gehienak, eta ez dut terrorista bakar bat ere ezagutzen. Erlijioak funtzio soziala du batez ere. Beste gizarte egitura batzuk sortzen dituzte horrela, ingurua zaintzeko.
Auzoetako bizitza kontatzeko, kamera barruraino sartu duzu.
Ni dokumentalak egitetik nator, eta, fikziozko film bat egiterakoan, kamera sorbalda gainean hartzeko gogo handia nuen. Jendearengana hurbildu nahi nuen ahalik eta gehien, etengabeko mugimendua bilatzeko.
Beste batzuetan, aldiz, urrun kokatzen zara, dronearekin.
Niretzat, dronea kamera soil bat baino gehiago da pelikulan. Buzz pertsonaiak mugitzen du kamera auzoan zehar, baina kamerak berak bizia du, pertsonaia bat da.
Oscar sarietan Frantzia ordezkatuko du filmak, eta Amazonek zabalduko du. Nola jaso duzu berria?
Harro egoteko modukoa da filma Ameriketako Estatu Batuetan eta mundu osoan erakustea, noski. Mezua benetan iristen ari da, pelikula unibertsala delako. Frantziaz ari da, baina baita Brasilgo favelez ere, esaterako. Mundu osora zabalduko du eztabaida.
Aitortza horiek egiten dituztenek euren burua zuritzen dute horrela?
Usteko banu pelikulak ezer alda lezakeela, irabazia nuke partida. Alerta oihu bat da, mahai baten bueltan eseri eta irtenbideez hitz egin dezaten eskat zeko bide bat. Zuritzeko erabili arren, puntu batzuk ukitzen ditu.
Donostiako 67. Zinemaldia. Perlak. Ladj Ly. Zinemagilea
«Usteko banu pelikulak ezer alda lezakeela, irabazia nuke partida»
Kamerarekin «jendearengana hurbildu» nahi izan du Ladj Lyk bere lehen film luzean. Frantziako aldirietako bizimoduaren kronika gordina da 'Les misérables'. Donostiako Zinemaldira ekarri dute, Perlak sailera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu