Uste gabeko pandero jotzailea

'Iturbide, igitai jolea' izenburupean, Imanol Arregi 'Iturbide'-ren biografia plazaratu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. Disko bat du osagarri liburuak, haren grabazioekin

Imanol Arregi Iturbide eta Amagoia Gurrutxaga egilea, atzo, Azpeitian. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Etxean bazuen nork irakatsi, baina berez ikasi zuen panderoa jotzen. Berezkoa zuen erraztasuna. Eta plazaz plaza erakutsi izan du dohain hori urte askoan. Hala ere, bera ez dela pandero jotzailea dio egun Imanol Arregi Zubizarreta Iturbide-k (Azpeitia, Gipuzkoa, 1935). «Panderista jaio egin behar da. Panderista da berez bokazioa daukana panderoarentzako. Nik ez neukan. Nik erraztasuna eta festaren bokazioa nituen». Iturbide, igitai jolea liburuan daude jasota haren hitzak. Amagoia Gurrutxaga Uranga BERRIAko kazetariak osatu du haren biografia, eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak plazaratu berri du. Liburuarekin batera, Loiola Herri Irratiko, Trikitixa Txapelketako zein hainbat plazatako saioetako grabazioak biltzen dituen diskoa ere argitaratu dute. Atzo aurkeztu zuten lana Azpeitian egileak, Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariak eta Eneko Etxeberria alkateak, Iturbide bera lagun zutela.

Gurrutxagak pandero jotzailearekin joan den udan izan zituen solasaldi luzeak daude liburuaren oinarrian, baina beste hainbat lagun ere elkarrizketatu zituen kazetariak. Horien artean daude Milagros Azkue Iraola haren emaztea, Joxemari Iriondo Unanue kazetaria, eta Ramon Zubizarreta Larrañaga Landakanda eta Imanol Urkizu Lertxundi pandero jotzaileak. Horiek guztiek kontatutakoekin eta Trikitixa Elkartearen artxiboko materialarekin osatu du Iturbideren soslaia. Eta hala definitzen ditu kazetariak haren ibilbidea eta ekarpena: «Afizioa bainoago, ofizio bihurtu du panderista lana. Ofizioa duintzen saiatu izan da. Eta eztarriak nahi bezala laguntzen ez ziola sentituta, oholtza beste era batean betetzen asmatu du. Estilo propioa izan du, digitazio bereziarekin oso, eta hori zeharo maite izan dute askok».

1935eko abenduaren 29an jaio zen Imanol Arregi Zubizarreta, Azpeitiko (Gipuzkoa) Iturbide baserrian; etxeari zor dio, beraz, goitizena. Hamar senideetan zaharrena zen, eta bera jaio eta zazpi hilabetera hasi zen gerra. Gurasoak abertzaleak zituen, eta estualdirik pasatu behar izan zutela kontatzen du liburuan. Baserrian lan handia izaten zutela etxekoek, eta bizitza erosoa ez izan arren, kontent bizi zirela. Hala laburbiltzen du bere ume eta gazte garaia: «Lana lepo egin behar izaten genuen. Eta senide zaharrena nintzenez, lanean bizkor ikasi behar izan nuen. Hirugarren Munduan bizi izan naizelako bizi izan naiz gero ondo».

Eskolan sei urterekin hasi zen, eta «ikasteko gogo izugarria» bazuen ere, behi batek aitari hanka zapaldu eta lehertu zionean, joateari utzi egin behar izan zion. Ortografia, adibidez, bere kabuz ikasi zuela aipatzen du. Autodidakta izan zen musikan ere, oso txikitatik gogoko zuena. «Gogoan dut behin, mutil kozkorra nintzela, hemen gertuko Agerre baserrian, Sakabi soinujolea eta Txokolo txistularia ari zirela. Sei-zazpi urte izango nituen. Pinuditik egon nintzen haiei entzuten. Haize bat finagoa bazebilen! Eta izoztu arte hantxe, bakar-bakarrik, entzuten. Soinu zalea ni!». Aitak panderoa jotzen zuela, baita haren hiru anaiek ere. Izeba batengandik zetorkien ohitura. Gerrak, ordea, dena amildu zuen. «Kieto utzi zioten panderoari etxeko denek guda haren ondorioz». Inork ez zion jotzen erakutsi, baina «odolean» zeraman erraztasuna. «Hamar senidetatik, zortzik berezkoa ekarri genuen joera. Inori ez zioten ikasi gure etxekoek panderoa nola jo. Ezta neuk ere».

Tradiziozalea

Urrestillan jo zuen panderoa lehen aldiz jendaurrean Iturbidek. Soinu jotzaile bat ari zela han, eta eskaini ziotela pandero bat, Iturbidekoa izanda, derrigor jakin behar zuela jotzen. 16 urte zituen, eta artean sekula jo gabea zen. Panderorik ere ez zuen baserrian. «Hura eta gero, igitaiarekin jarduten nuen arbi sororako bidean, jaiko pieza buruan nuela. (...) Igitaiak oso terreno txikia zeukan, eta baliteke nire pandero jotzeak, tarte txikian soinu ugari ateratzeko gaitasunak, zerikusia izatea horrekin». Gazte garai hartan, hainbat herritako jaietan ibili zen jotzen, beti beste norbaitek utzitako panderoarekin. Dirua ere eskaini izan zioten inon jotzeagatik, baina «konplejua» ei zuen, eta ez zuen bere burua era horretan ikusten.

Milagros Azkue Iraolarekin ezkondu zen 1965ko apirilean. Garai hartan, Loiola Herri Irratirako hainbat pieza grabatzen hasi zen, Joxemari Iriondoren eskariz. Beste hainbat trikitilariren grabazioak ematen zituzten Gure erromeria saioan, eta, haren arrakastaren ondotik, Trikiti Txapelketa Nagusia antolatu zen irratiaren ekimenez. 1970ean egin zuten lehen aldia, eta Iriondok eskatuta jo zuen Donostiako Trinitate plazan; Felix Illarramendi Errota-rekin aritu zen, baita pandero jotzaile onenaren saria irabazi ere.

Garai hartan hasi zen panderoa bizibide bihurtzen Iturbiderentzat. 36 urte zituela erosi zuen lehen panderoa. Eta aurrerantzean, erromeriaz erromeria ibili zen, soinu jotzaile batekin edo bestearekin; Pikua, Laja, Epelde, Sakabi... Bi seme bazituela ordurako, eta trikitilariek diru asko egiten zutela dio liburuan. Horretan izan zuen berak ere eraginik, musikari haiek ordain duina jaso zezaten ahalegin handia egiten baitzuen, haren kideek kontatu dutenez.

1970eko urteetan grabatu zuen lehen diskoa, eta beste zenbait lan ere ondu zituen geroago. Plazetan ez ezik, txapelketa gehiagotan ere izan zen, eta beste lau aldiz jantzi zuen txapela, hirutan Iñaki Garmendia Laja-rekin arituta, eta, azkena, 1985ean, Miren Etxanizekin. Hurrengo urtekoa izan zuen azken txapelketa, ereduen talka islatu zuena. Ordura arteko lehiakide klasiko askorik gabe eta polemikarekin igaro zen aldi hura, aldaketa nabarmena ekarri zutelako lehen postuetan geratu zirenen proposamenek —Joseba Tapia eta Xabier Berasaluze Leturia izan ziren txapeldun, eta bigarren Kepa Junkera eta Jose Maria Santiago Motriku—. 1988ko finalaren harira Pako Aristik idatzitako artikuluari erantzunez, gutuna ere idatzi zuen Iturbidek kazeta batean, Trikitixa edo rock izenburu iradokitzailearen pean. Liburuan ere azaltzen du bere jarrera talka hari buruz, eta bere burua tradizio zaletzat jotzen du. «(...) Bakailao txapelketa denean, ez kokotxak prestatu. Epaimahaikoei kokotxak almejekin gustatuko zaizkie akaso, baina bakailaoa egin behar da. Trikitiarekin berdin. Ez daukat ezer gazteen kontra, eta birtuosismoa erakusteko jaialdiak egitea oso ondo iruditzen zait, baina trikiti txapelketan trikitia jo».

Berak uste gabe, panderoaren bueltan ibili da bizitza osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.