Nekea sentitzearekin batera, poza ere badu Amets Arzallus Antiak (Hendaia, Lapurdi, 1983). Aurreko finalaren «arantza kenduta» dago haren ustez, buruz burukoa jokatu ahal izanagatik berriro.
Zelan zaude?
Egun intentso eta lantsu baten biharamuna da, eta aurreko astea ere nahiko kontzentratua izaten da; orduan, neke puntuarekin. Pozik nago neure buruarekin, ikusita nola eraman dudan txapelketa. Poza daukat botatako bertso dezenterekin. Beti daukazu borroka zerbaitekin, eta irristadaren batekin edo, baina finalaren sentsazio ona daukat. Uste dut egin dudala egin nahi nuena, egin nezakeena eta bilatzen nuena. Oreka eman nion mezu aldetik, etikoki zein estetikoki gutxi gorabehera nire intentzioen ildoan. Aho gustu onarekin bukatu dut.
Desberdinak dira BECeko eta Nafarroa Arenako oholtzak?
Oholtza ez da berdina, baina testuinguru eszenografikoan ez diozu diferentzia handirik nabaritzen. Entzule kopuru handia, ikusgarritasuna, medioen presentzia... alde horretatik antzekoa da. Iruñean izateak duen esanahi politiko hori da desberdina. Euskal Herriari forma eman nahi dion ekitaldia da. Gure bertsogintza, kultura, holako eztanda kolektibo baten parte da.
Buruz burukora pasatu zinenean luze egin zizun txalo publikoak luze. Zer da 13.000 pertsonak zu txalotzea?
Oso momentu berezia. Kasik esan nezake momenturik bereziena dela. Jendearen partetik maitatua sentitu nintzen, lagundua, bultzatua... ez dago puntuaziorik hori berdintzen duenik, momentu horretako sentsazioa eta jasotzen duzun maitasuna eta esker ona. Gero, hartu nuen poz eta emozio horrekin, kosta zitzaidan pixka bat buelta ematea eta ariketetarako beharko nituen kontzentrazio eta hoztasun egokiak harrapatzea. Kendu dut arantza bat, 2013an irabazi ondoren kosta zitzaidalako 2017an egun bakarrean tonua harrapatzea.
Finalerdien ondoren esan zenuen «mendikate bat zeharkatzea» izan dela zuretzat aurten txapelketa. Lortu duzu gailurra?
Finalerdiak gorabeheratsuak izan dira, zailak direlako eta horko atmosfera eta klima guztiak zeharkatzea ez delako erraza. Hori pasatu nuen barrutik eta kanpotik, eta lasaitasunez eta indarrez heldu nintzen finalera, neure buruarekiko ispilua indartuta, eta konfiantzarekin.
Goizeko ariketek kontzentrazio handia eskatu zidaten. Esaldi eta bertso bakoitza asko borrokatuta ateratzen zitzaidan, sei puntuko motzean kantatu nuen arte. Hortik aurrera, gozatzen hasi nintzen, eta piztualdia hartu nuen.
Bertsolarien argazkia aldatzeaz gain, bertsoetarako heldulekuak, tokiak eta erreferentziak ere aldatu dira aurten finalean, eta hori ez da kasualitatea.
Argazkia ez da argazki hutsa. Argazkiak argazki oina izaten du, eta hor testu bat edukitzen du, eta testurak. Feminismoan, tematika eta hari muturretan badago bizitzarako lanketa bat. Bertsotan egiten dugunok mezu bat komunikatzen dugu. Hori ere argazkiaren parte da. Bizitzan mamitua, berez ateratzen da oholtzan gero.
Nolakoa izan da beteranoekin kantatzetik beterano izatera eman duzun aldaketa?
Arraroa egin zait. Ez nau gaizki sentiarazi; aitortza bat ere badu beterano hitzak, eta ez daukat zimurrak izatearen konplexurik. Lehenengo aldiz kokatu naiz horren aurrean, eta beste leku eta beste funtzio batzuekin sentitu naiz. Plazera da eta zortea da leku horretatik bizitzen segitzea. Jendeak lekua hartu ahala, zure lekua galtzen joaten da, eta bazter batera gelditu zintezke. Transmisioa hori da, luzatuz gero zuk ere jasotzen duzulako bueltan.
Amets Arzallus Antia. Txapeldunordea
«Uste dut egin dudala egin nahi nuena eta bilatzen nuena»
Buruz burukorako haren izena esandakoan, minutu bateko txalo zaparrada batez erantzun zuen publikoak. Eskertuta eta aho zapore onarekin dago, finala amaierara arte jokatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu