Jantzi berri duen txapela eskuan hartuta atera da kalera Etxahun Lekue (Larrabetzu, Bizkaia, 1980), «nekatuta baina pozik». Gertukoen eta bertsogintzan ari direnen zorion mezuek «asebete» dute. Ez alferrik. Dozenaka herrikidek agurtu eta zoriondu dute elkarrizketa hasi aurretik, eta beste horrenbestek amaitzean. Finalean bere «onenean» aritu nahi zuen, eta, lehen zatian eroso ez sentitu arren, aurrera egin zuen; aurrera egiten jakin zuen.
Nola jaso duzu txapela?
Poz handiarekin. Satisfazio handia hartu dut; bai txapelak ematen duena, bai txapelagatik jaso ditudan mezuek eman didatena. Zorion mezuek asebete naute batez ere. Jende asko poztu den sentsazioa dut. Bertsolari askok zoriondu naute, bertso munduan dabilen jendeak, antolatzaileek, bertso eskoletako kide askok… Gainera, ez da bakarrik izan txapelaren ostean zoriondu nautela. Finalaren aurreko asteetan ere askok esan didate poztuko liratekeela txapela jantziko banu. Zintzo esan didatela uste dut, eta horrek asebetetzen nau pertsonalki. Uste dut badagoela niganako aitortza bat bertso mundutik datorrena. Ez agian mediatikoki hain zabal iristen den jende batena, baina bai bertsogintzan dabilen jende batena. Hori bada finalaren ostean eta finalaren aurretik jaso dudan zerbait.
Ospatzeko aukerarik izan baduzu, nola ospatu duzu?
Ez dut ospakizun handirik egin. Orain dela hiru aste, ume bat eduki dugu, eta atzo [larunbatean] nahikoa denbora eman nuen etxetik kanpo. Finala amaitzean, hartu genituen pare bat trago Miribillan bertan, baina segituan etorri ginen etxera. Ardura inportanteagoak ditugu, eta horri erantzun behar zaio.
Esan duzu ezberdin bizi izan zenituela finalaren lehen atala eta buruz burukoa. Nola sentitu zinen?
Lehen atalean, oso lotuta sentitu nintzen. Oso lotuta, eta ariketaz ariketa asmatu ezinean. Gehiegi jausi gabe agian, baina ez nintzen batere gustura sentitu. Txapelketa hau prestatzen oso gustura aritu naiz, eta oso pozik gelditu nintzen Larrabetzuko finalaurrekoan egindako saioarekin ere, nahiz bakarkakoan ez nuen asmatu. Eta finalera zoaz, 4.000 pertsona dituzu aurrean, zure onena eman nahi duzu… Nire helburua zen nire mailarik onenaren parean-edo ibiltzea, eta sentsazioa dut hortik nahiko urrun nenbilela lehen atalean. Horrela ibili nintzen buruz burukoaren aurreko atsedenera arte. Eta gero, eseri, eta nire izena esan zuten. Bigarren aukera moduan hartu nuen buruz burukora igarotzea: «Orain arte ez dut eman ahal izan dudana. Ea orain aukera dudan publiko eder horri benetan naizena eskaintzeko». Buruz burukoan egindakoa hobetu ahalko litzateke, baina orduan behintzat gustura sentitu nintzen.
Xabat Galletebeitiarekin aritu zinen buruz burukoan.
Buruz burukoa hasi aurretik oholtza atzera joan ginenean, Xabatengana hurreratu nintzen beste ezer baino lehen, eta ez zedila lasaitu esan nion. Arriskutsua ere bada buruz burukoan kantatuko duela esatea, frustrazioa eragin lezakeelako gertatu ezean, baina nahiko argi neukan bera izango zela buruz burukora pasatuko zirenetako bat. Burura etorri zitzaidan lehen gauza izan zen hori; joatea, animoa ematea eta ez lasaitzeko esatea. Ez dut askotan kantatu Xabatekin, eta, hala ere, bada estimu handitan dudan bertsolari bat. Gauza batzuetan nire antza ikusten diodalako izan liteke. Ez da oso bertsolari esplosiboa, ez da oso mediatikoa… Baina sekulako bertsolaria dela iruditzen zait. Poztu ninduen buruz burukoan harekin kantatzeak, eta oso eroso jardun genuen elkarrekin. Espero dut hemendik aurrera gehiagotan izatea harekin kantatzeko aukera.
Hamargarren Bizkaiko Txapelketa, zortzigarren finala eta hirugarren buruz burukoa. Tokatzen zen txapela lortzea?
Jende askok esan dit hori. «Merezi duzu, tokatzen zaizu». Baina behin baino gehiagotan esan dut txapela ez dela merezimenduzko sari bat. Orain arte, esaten nuen finalean bertsotan ondoen egin duen bertsolariak janzten duela txapela. Orain, pentsatzen dut bertsotan epaileek ustez ondoen egin duenarentzako sari bat dela. Final bakoitzean hutsetik abiatzen gara, eta zortziok ditugu aukera berak. Merezi dudan edo ez dudan merezi? Ibilbidearen saria eman izan baliote, agian bai, baina nik beste mereziko luke Iratxe Ibarrak lehenago, edo Aritz Lopategik, edo txapel gabe joan diren beste askok. Badakit txapela ez dela merezimenduzko sari bat, baina txapela jantzi ostean esan direnetatik hori ere jaso dut.
Xabier Amurizak jantzi zizun txapela. Zer gorde duzu une horretatik?
Benetan hunkitu nintzen. Ez naiz erraz hunkitzen direnetakoa. Sarri aurpegiratzen dizkidaten gauzetako bat hori da, besteak beste Onintzak (Enbeita) sarri esaten didana. Askotan esaten dit zera baino lehorragoa naizela, baina une horretan asko hunkitu nintzen. Oso polita iruditu zitzaidan Amurizak egin zuen hizketaldi labur hori, eta ukitu egin ninduen. Badakit, aurretik ere esan zidalako, benetan poztu zela, eta horrek asko esan nahi du niretzat. Ez da izan nire maisuetako bat, nire maisuak Lopa [Jon Lopategi] eta Txiplas [Xabier Arriaga] izan ziren, baina erreferente bat izan da. Amuriza bada bertsogintzatik haragoko erreferente bat. Horrelako bertsolari batek, horrelako pertsona batek txapela janztea, bertso ibilbidea horren modu dotorean amaitu duen urtean, eta, gainera, hark esanda bertso ibilbideari errematea ematea dela… Hori hor geratuko da, eta niri jantzi zidan txapela.
Luhuson (Lapurdi) larunbat goizean izandako polizia operazioari kantatu lehen agurrean, eta aipatu zenuen hori dela bertsolari moduan duzun konpromiso txikia.
Larunbat goizean izan nuen horren berri. Bezperan goiz samar joan nintzen ohera, eta larunbatean bertan jakin nuen. Banuen agur bat pentsatuta, banuen zer esan, baina badaezpada beste bat pentsatu nuen. Saioa hasi aurretik bertsolariok batu ginenean, galdetu egin nien beste zazpiei ea baten batek bazuen asmorik aipatzeko… Inork ez zuen baiezko argirik esan, eta horri kantatzea aukeratu nuen. Txapela ere herrigintzan, euskalgintzan, kulturgintzan… borondatezko lanean ari den jendeari eskaini nion. Iruditzen zait atzoko finalean 4.000 pertsona egoteko ardura haiena dela, eta herri hau dagoen egoeran egoteko ardura ere jende horrena dela. Batzuek konpromiso handiak hartzen dituzte, Luhusokoek esaterako, eta beste batzuek ez dute konpromisorik hartzen. Uste dut denok hartu beharko genukeela konpromisoren bat. Ni gaur egun ez naiz pertsona oso konprometitua, baina nire konpromiso txikiak hartzen ditut… Batez ere, bertsolaritzat dut neure burua, eta nire ekarpentxoa bertsotik egin nezakeela uste dut.
Buruz buruko saioko kartzelako ariketan ere hortik jo zenuen.
Kartzelako gaia entzun nuenean ere hori etorri zitzaidan burura. Ez dira pertsonalki ezagutzen ditudan pertsonak, baina segituan etorri zitzaidan burura Mixel Berhokoirigoinen irudia. Beti iruditu zait oso pertsona interesgarria. Ez dut ezagutzen; hedabideetan ikusi dudan apurra baino ez, baina oso pertsona argia iruditzen zait, oso komunikatzaile ona. Berhokoirigoin etorri zitzaidan burura, eta hari kantatu nion kartzelakoa. Horrekin pozik gelditu naiz.
Azken asteotan, askotan esan da zortzikote gaztea zinetela finalekoa.
Final gaztea dela entzuten badaramatzat urte batzuk… Final gaztea bada, baina ez nuke esango aurreko asko baino gazteagoa izan denik. Nik 23 urte nituen lehenengoz finalean sartu nintzenean. Esango nuke orduan nagusiak Iratxe [Ibarra] eta Unai [Iturriaga] izango zirela, eta ez zituzten 30 urte baino gehiago izango. Final hura aurtengoa baino gazteagoa izango zen, baina egia da belaunaldi bateko baino gehiagoko bertsolariak egon garela. Bada kontu bat, Onintzak ere askotan aipatu duena, eta ni ere asko pozten nauena… Onintza, Beñat [Ugartetxea] eta hirurok adin berekoak gara, eta adin bertsukoa da Ibon ere [Ajuriagojeaskoa]. Ume ginela ez ginen bereziki nabarmendu eskolarteko txapelketetan. Gu baino gehiago nabarmendu ziren asko bidean gelditu dira; guk segitu egin dugu, ekinean-ekinean. Poztekoa da hori.
Zenbait belaunalditako bertsolariak igo zineten oholtzara.
Egia da Miren [Amuriza] eta Jone [Uria] adinez gu baino gazteagoak direla, baina urte asko daramatzate plazan gurekin kantuan, edo guk baino plaza gehiago egiten. Ardurak hartzerakoan, ez dut uste gurekiko alde handirik dagoenik. Xabaten kasua izan liteke adierazgarriagoa, nahiz bigarren finala zuen, eta ezberdina den horregatik. Nik uste Nerea [Ibarzabal] finaleko deskubrimenduetako bat izan zela. Freskotasun itzelarekin aritu zen, eta haren bakarkakoa izan zen finaleko bertsoaldi gogoangarrienetako bat.
Zortzikote moduan, nola moldatu zineten?
Giro oso ona izan genuen, elkar laguntzekoa. Egia da bakoitza berera egoten dela, eta kontzentrazio handiko uneak direla; baina saioa hasi aurreko uneetan eta atsedenean laguntasun giroan jardun ginen. Giro ona dugu gure artean, eta, batez ere, giro naturala. Belaunaldi ezberdinetakoak gara, baina ez dut uste hori igartzen denik. Modu naturalean gertatzen ari da belaunaldi aldaketa. Egia da txapelean ez dela etorri aldaketa hori, baina plazan igarri da. Eta txapelean ere etorriko da; etor dadila, gainera.
Zertan aldatu da zure bertsolari izateko modua, Bizkaiko lehen final hartatik hona?
Ez dakit. Egia esan, ez naiz horri buelta asko ematekoa. Irakurtzen ditut beste bertsolari batzuen gogoetak, haien bertsokeran izandako aldaketei buruzkoak, izan nahi duten bertsolari moduaren ingurukoak… Gozatzearekin lotzen dut nik bertsoa; ikaragarri gozatzen dut bertsoarekin. Bertso bakoitzean ahalegintzen naiz ahalik eta ondoen egiten. Noski, ez naiz 23 urte nitueneko pertsona bera, eta hori bertsokeran ere igarriko da, baina ez da egin dudan bide kontziente bat. Bertsokeran aldatu banaiz, berez etorri delako izan da, ez nik bilatu dudalako.
Aurrera begira, zer egin nahi duzu bertsotan?
Nire asmoa da ahalik eta gutxien aldatzea. Heldu daitezke aurreko urtean baino saio gehiago, baina ez nago kexatzeko. Saio dezente izaten ditut; ezberdinak, maila txukunekoak… Jende ezberdin askorekin kantatzeko aukera izaten dut. Egin didaten beste elkarrizketa batean ere aipatu dut badaudela antolatzaile batzuk nirekin oso ondo portatu direnak, saio baterako urtero-urtero deitu izan nautenak. Aurten, saio berriak datozenean, gustura joango naiz; baina poz handiagoarekin joango naiz urteroko saio horietara. Dei bat jaso dut ja, oso gustura erantzun dudana.
Etxahun Lekue. Bertsolaria
«Uste dut badagoela niganako aitortza bat bertso mundutik datorrena»
Finaleko saioaren lehen atalean «lotuta» sumatu zuen Lekuek bere burua. «Bigarren aukera moduan» hartu zuen buruz burukora igarotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu