Usopopek hamar urteko zikloa itxiko du asteburuan

Anari, Efrim Manuel Menuck, Joseba Irazoki eta Lagunak, Lisabo, Lysistrata eta This Is The Kit ariko dira, besteak beste. Bihartik etzira egingo da jaialdia, Saran

Kate Stables artista ingelesa dago This Is The Kit taldearen buruan; laukotean ariko da Usopopen, igandean. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Pausa bat da. Ez amaiera bat. Baina aurtengo Usopopek ziklo bat itxiko duela, bederen, ziurra da. Hamar urte bete ditu aurten Sarako (Lapurdi) musika jaialdiak, eta, urteurrena ospatzerekin batera, etenaldi bat ekarriko du. Hala azaldu du antolakuntza taldeko Patxi Dutournierrek: «Hastapenetik erabaki genuen proiektuari pausa bat emango geniola, gu aspertu aitzin. Eta orain heldu da momentua: baditugu proiektu anitz aurrera eramateko, diskoetxearekin ere hasi gara, eta hor jarri nahi ditugu energiak». Aurretik, ordea, egindako bidea eta hamar urte betetzera heldu izana ospatuko dute asteburu honetan, «Bi eguneko XXL urtebetetze besta bat» izango da.

Denera, hamar kontzertu izango dira; guztiak, Lizarrietako gainean. Aurten arte, larunbat gauekoak izan dira han, eta biharamunekoak, berriz, Sarako zenbait txokotan, hala nola herriko plazan eta Santa Katalina kaperan. «Hori izan da festibalaren ezaugarrietako bat: jendeari Sarako leku bereziak ezagutaraztea. Santa Katalina kapera, adibidez, gutxitan erabiltzen zen herrian, eta badu xarma berezi bat». Orain urtean behin edo birritan antolatzen dituzte kontzertuak han, eta, jaialdiak etena izango duen arren, halako saioekin jarraitzeko asmoa dutela aurreratu dute.

Usopop jaialdi «independentea» izan da hasieratik, Dutournierren hitzetan. Lehen urtean, egun bateko ekimen modura pentsatu zuten; bi bihurtu ziren gero; eta, antolakuntza taldea bezala, publikoa ere ugarituz joan da. Halere, «independentea» izateak dakarrena ez dela inoiz galdu dio Dutournierrek: «Balio kontua da. Zerbait gogoz egiten bada, bere nortasuna sartuz, azkenean hori dena ikusi egiten da. Jendeari gure etxera etorriko balitz bezala egiten diogu harrera».

«Talde bakoitza, hautu bat»

Aurtengo programazioari begira,«izarrak lerrokatu egin balira bezala» sentitzen du Dutournierrek. «Miresten ditugun taldeak ekartzea lortu dugu. Kartelbururik ez; talde bakoitza da gure artean egin dugun hautu bat». Musika elektronikoarekin hasiko da jaialdia, Asile Club taldearekin. Eta ondotik helduko dira Joseba Irazoki eta Lagunak. Lehen jaialdian jo zuen Irazokik, eta Zu al zara? disko berriarekin itzuliko da orain. Lysistrata ariko da gero, Saintestik (Frantzia) datorren hirukotea. The thread lehen lan luzearekin oihartzun handia lortu zuten rock eszenan, eta bigarren lana dute bidean.

Emil Manuel Menuck kanadarra ariko da gero; Dutournierrentzat, «eredu bat». Diskografia zabala du, eta Godspeed You Black Emperor eta Silver Mount Zion taldeen eta Montrealgo Constellation etxearen sortzailea da, besteak bete. Lisaboz ere antzera mintzo da Usopopeko kidea: «Gutxitan jotzen dute; ohore handia da gurekin izatea». Sei urteren ondoren, Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen lana aurkezten ari dira orain. Los Chimberos deitu duten karaoke-DJ saio batek itxiko du gaua.

Bazkalostean hasiko dira kontzertuak igandean. Lankum izango da lehena; laukote dublindarrak «poetiko bezain politiko» diren hitzekin emango ditu bere kantuak. Eta atzetik, This Is The Kit-ek. Kate Stables ingelesa laukotean ariko da, bera banjoan, folk doinuak joz. Euskal Herrikoak izango dira hurrengo biak: Anari ariko da lehenengo — «hastapenetik alboan duguna»—, etaMadeleine azkenik, post-rocketik edaten duen laukote donostiarra.

Iaz, euriagatik, Lizarrietatik herriko kiroldegira eraman zituzten kontzertuak. Hala dago iragarrita aurten ere, baina ez dituzte lekuz aldatuko: «Aurten, urteurrena izaki, Lizarrietan mantenduko ditugu; babeslekuak izango dira». Sarrerak salgai daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.