Usandizaga Urtea izendatu dute aurtengoa Donostian, Jose Maria Usandizaga konpositorearen heriotzaren mendeurrena dela eta. Sortzaile donostiarraren obra entzuteko aukera ugari eskainiko ditu horrek, XXI. mendean ere gaurkotasun handikoa dela jarri nahi baitute agerian. Egitarau oparoa osatu dute horretarako. Baina kontzertuez gain, Usandizagaren partiturak bildu dituztela eta haren lanak grabatuko dituztela azaldu zuen Jon Baguesek, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko zuzendariak, atzo, Donostian eginiko aurkezpenean. «Usandizaga entzun ez ezik,XXI. mendera ekartzeko urtea ere bada», azaldu zuen.
Berez, joan den astean hasi zen egitaraua, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Kursaalean kantu lau baten gainean eskaini zuen obertura sinfonikoarekin. Hilaren 18an, San Sebastian egunaren aurreko kontzertua eskaini zuen Txistularien Udal Bandak, egitarauaren barruan hori ere. 2015ean, Usandizagaren obrak eskainiko dituzten beste hamaika emanaldi izango dira EOS, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Musikaste, Musikene eta Andra Mari, Easo zein Santa Maria basilikako abesbatzen eskutik, besteak beste. Eresbileko zuzendariaz gain, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez Etxezarreta eta Eusko Jaurlaritzako Kultur Hedapenerako zuzendari Clara Montero izan ziren aurkezpenean, lau erakundeek eta beste hainbatek elkarlanean osatu baitute egitaraua. Usandizagaren hiru iloba ere bertaratu ziren.
Pianorako, organorako eta korurako kutsu klasikoko partiturez gain, herri musikari lotuago ageri diren piezak ere badira sortzailearen obran, txisturako idatzitakoak tartean. Baina haren obran bereizgarririk nabarmentzen bada, opera nabarmentzen da, hiru idatzi baitzituen bere ibilbide laburrean: Mendi Mendiyan (1910), Las Golondrinas (1914) eta La Llama. Haren azken proiektua izan zen La Llama, Usandizagaren heriotza goiztiarrak eten zuena. Hirurak zuzenean entzuteko aukera izango da, kontzertu gisa: EOSek eta Ainhoa Artetak martxoan eskainiko dute La Llama; abuztuan Mendi Mendiyan eskainiko dute EOSek eta Easo abesbatzak; eta Donostiako Orfeoiak eta Musikene Orkestrak azaroan interpretatuko dute Las Golondrinas. Donostian ez ezik, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean ere izango da emanaldirik. Halaber, inoiz interpretatu gabeko haren obra bat ere sartu dute egitarauan, Meza lau ahots mistotan izenekoa.
Bestalde, Usandizagaren obra «gaurkoa, modernoa eta berreskuratzea merezi duena» dela iritzita, Eresbilek partitura andana jarri du eskuragarri bere webgunean, baita haren biografia zabal bat, argazki artxibo oparo bat, eta zenbait grabazio ere —materialetako asko familiak utziak dira—.
Ibilbide labur bezain oparoa
Gazterik, 28 urte baino ez zituela hil zen Usandizaga, baina ibilbide oparoa jorratu zuen konpositore gisa. Pianoa jotzen amarekin hasi zen, eta Donostiako Udal Musika Akademian eta Parisko Schola Cantorumen jarraitu zituen ikasketak. Baina pianotik konposiziora egin zuen jauzi. Frantziako eskola erromantikotik eta verismo italiarretik edan zuen, baina baita euskal herri musikaren tradiziotik ere. Ezaugarri horiekin, Jesus Guridirekin batera, euskal operaren aitatzat jotzen dute askok.
Usandizagaren obra zabalduko dute Donostian haren mendeurrenean
Konpositorearen lan nabarmenenak zuzenean eskainiko dituzte, idatzi zituen hiru operak tartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu