Usandizagaren «harribitxi» berreskuratua

EOSek 'La Llama' opera berrestreinatu du.Kontzertu bertsioan ematen ari da egunotan, Juan Jose Oconek prestatu eta zuzenduta

Musikariak, erakundeetako ordezkariak eta Usandizagaren oinordekoak, atzo, aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ohean hasi zen Jose Maria Usandizaga (Donostia, 1887-1915) La Llama opera konposatzen, gazterik hiltzera behartu zuen tuberkulosiak gogor erasana ordurako,

buruz sortu eta idatzitakoa pianoan probatzeko ezindurik gaitzaren ondorioz. Lan hura guztiz amaitzea ere eragotzi zion gaitzak, azken konpasak baino falta ez zitzaizkiola hil baitzen, duela ehun urteko urriaren 5ean, artean 28 urte baino ez zituela. Anaiak, Ramon Usandizagak, oso gertutik jarraitu zuen sortze lan neketsu haren prozesu osoa, eta hura arduratu zen azken konpas haien sorreraz. Mendi mendiyan eta Las golondrinas operek izandako harreraren ondoren, pentsatzekoa zen La Llama-k ere zirrara handia sortuko zuela, baina egilearen heriotza goiztiarrak itzalean utzi zuen haren azken obra. Atzo, ordea, haren heriotzaren mendeurrena gogoan, Jose Maria Usandizagaren La Llama opera berrestreinatu zuen Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, kontzertu bertsioan, Gasteizen. Emanaldi bera eskainiko du bihar, martxoak 18, Bilbon; ostiralean eta larunbatean, martxoak 20 eta 21, Donostian; eta hilaren 24an, asteartearekin, Iruñean. Aurrerago obraren partitura eta diskoa argitaratzeko asmoa ere badute EOSeko arduradunek.

Berrestreinaldiko emanaldietarako, La Llama-ren partituraren berreskurapen kritikoa egin du Juan Jose Oconek, eta bera da zuzendaria egunotako emanaldietan. Bakarlari gisa, Sabina Puertolas, Mikeldi Atxalandabaso, Damian del Castillo, Miren Urbieta Vega, Elena Barbe, Fernando Latorre, Maite Maruri eta Xabier Anduaga ari dira, eta Jose Manuel Tifek Andra Mari Abesbatza zuzentzen du.

La Llama egilearen heriotzatik ia bi urte eta erdira estreinatu zen, 1918ko urtarrilaren 30ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Beste bi hilabete geroago, 1918ko martxoaren 30ean, Madrilen eman zuten. Bartzelonan ere ikusi ahal izan zen geroxeago. Ondoren ez zuen beste emanaldirik izan 1953ra arte, Donostiako San Sebastian eguneko jaietan berreskuratu zuten arte. Musikazale eta adituen laudorioak jaso zituen arren, geroztik ez du oihartzun eta presentzia handirik izan.

Giro arabiarra

Libretoa Gregorio Martinez Sierrak sinatu zuen, baina gaiaren inguruko ikerketek frogatu dute testuen benetako egilea Maria Lejarraga izan zela, Martinez Sierraren emaztea. La Llama ez da kasu bakarra; garaiko obra askoren libretoak Lejarragak idatzi eta Martinez Sierrak sinatuak dira.

Tamar eta Adrianen arteko amodiozko istorioa kontatzen du, hiru ekitalditan banatuta, La Llama-k, Turkiako gerraren garaian kokatuta. Elkarrekin daudela atzemanda, Adrian atxilotu eta Tamar esklabo bihurtzen dute. Orduan Tamar sultanaren aurrean dantza egiten eta hura limurtzen saiatuko da, gisa horretan Adrianengana hurreratu ahal izango delakoan. Nahiz eta euskal musikaren oihartzun batzuk ere badituen —Ipar Euskal Herriko musikarenak bereziki, Oconek dioenez—, giro arabiarrean murgildutako obra da.

«Hain denbora gutxi bizi izan zenez eta hain talentu handia izan zuenez, ez dezagun behintzat 27 urterekin utzi, 28rekin baizik», komentatu du Juan Jose Oconek, La Llama berreskuratzearen garrantzia nabarmentzeko. «Harribitxi bat» da, izan ere, La Llama, haren ustez. «Las golondrinas opera da Usandizagaren obra nagusia orain arte. Baina litekeena da obra nagusia La Llama izatea aurrerantzean».

Partituraren edizio kritikoa egitea «lan konplikatua» izan dela esan du Oconek, zati batzuk ezin zirelako zuzenean irakurri. Horrek Usandizagaren obraren eta haren eragin nagusien ezagutzan oinarritutako interpretazio lan bat eskatu dio Oconi, eta teknologia berriek eskainitako laguntza ere baliatu du interpretazio egoki bat egiteko ahalegin horretan.

Usandizagak obra amaitu gabe utzi eta azken konpasak anaia Ramonek sortu izanari ez litzaioke aparteko garrantzirik eman behar, Oconen ustez, bi milatik gora konpas dituen obra batean hamazazpi baino ez baitira anaiak idatzitakoak. «Arturo Toscaninik Turandot ematean egin zuena egitea gustatuko litzaidake niri ere», azaldu du zuzendariak. «Obra Giacomo Puccinik hil zenean utzitako lekuan utzi zuen. Ramonen omenez, ordea, nik ez dut horrelakorik egingo».

Kontzertu bertsioa lantzeko, Oconek obra osoa aztertu eta ekitaldi bakoitzeko zatirik interesgarrienak aukeratu behar izan du.La Llama-k «orkestrazio bikaina, modernoa eta zoragarria» du, zuzendariaren ustez. «Bere talentuari esker, Usandizagak erliebe eta kolorez betetako paisaiak eratzen zituen instrumentuen konbinazioen bitartez, melodiarik sinpleenez abiatuta eta nortasun lasai, malenkoniatsu eta gozoaz ukituz».

Parisen egin zuen egonaldian Usandizaga harmonia inpresionistari buruzko ezagutzaz jabetu zen, eta Claude Debussy, Maurice Ravel, Giacomo Puccini, Modest Mussorgski eta Nikolai Rimski-Korsakov musikagileei izan zien mirespena ere agerikoa da haren lanetan , Oconek dioenez. «Baina ez zuen bakarrik talentu musikal handia. Haren antzerki-sena ere oso nabarmena zen, bigarren ekitaldiko antzerki-efektuek erakusten duten bezala: presoen koroak eta koro arabiarrak euskal melodia ezagun bat abesten dute, ereserkia balitz bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.