Lekuak eta lekukoak (III). Txirrita eta Ereñotzuko Latxe baserria

Urumearen ertzean ernea

Hernanin jaio zen Txirrita, Ereñotzu auzoko Latxe baserrian. Ez zuen handik hartu ezizena, baina han eman zituen 13 urteetan egin zen bertsolari.

Hijos de Jaime Puig fabrikaren aztarnak, Latxe baserriarenak izandako lurretan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Hernani
2012ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Donostialdeko zikloturisten zirkuitu ofiziala bihurtua da gaur egun Hernanitik Goizuetara doan errepidea. Beste inon ez dute horrenbeste kilometro egiterik segidan horko patxadarekin, ez semafororik eta ez biribilgunerik, trafiko nahiko murritzarekin, ordainetan aldapa gogor bat igotzen penatu beharrik gabe. Udako bero zakarretatik ihesi hondartzara joan nahi ez dutenen plan alternatiboa ere eskaintzen du errepide horrek, errekako uraren zaleari bere txoko freskoak eskaintzen dizkion Urumea ibaiaren konplizitatearekin. Ez zuen halakorik ez ezagutu ez irudikatu Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita bertsolariak Hernaniko Ereñotzu auzoko Latxe baserrian eman zituen urteetan, 1860an jaio zenetik 1873an familia osoa Errenteriako Txirrita baserrira aldatu zen arte. Geroago ere ez, jakina.

Errepide horretan Hernanitik aurrera eginda, 6. eta 7. kilometroen artean dago, errepidearen eta Urumea ibaiaren artean, egungo Latxe etxea, izena Txirritaren jaiotetxeari zor diona, baina Txirritaren jaiotetxea izan gabe. Txirritaren jaiotetxearen jatorrizko lursaila errepidearen bestaldean dago, pista batean aurrera eginda ehun metro eskasera, Uxako errekaren ondoan, Txirrita irudikatzen duen harrizko buruak seinalatua: «Txirritaren oroimenez 1963'ko urrillaren 20'an. 14-8-1860 / 3-6-1936». Manuel Lasartek bertso gogoangarriak jarri zizkion Leitzan bere omenez ezarri zuten irudiari. Entzutekoak lirateke Txirritak, ikusterik izan balu, bereari jarriko zizkiokeenak.

Txirritak bost urte eta erdi zituela, 1866ko otsailean, amaitu zituzten Ereñotzuko San Antonio eliza eraikitzeko eta prest jartzeko auzolanak. Haren aita izan zen bultzagile nagusietako bat, Juan Bautista Lujanbio —Juan Bautista Lucambio, orduko paperen arabera—. Urte batzuk geroago, aitak eliza hura eraikitzen zenbat lagundu zuen gogoan zuela, honela amaitu zuen Txirritak bertso bat: «gure aita're ortarako zan / ontza bat urre botia, / ori egiten gastatua da / nik bear nuen dotia».

Eliza harexen aurrean egin zuen Txirritak, eliza inauguratu zenetik zortzi urte eta erdira, plazako bertsolari gisa estreinako agerraldia, geroago kantatutako bertso ezagunetan gogoratu zuen moduan: «Mila zotzireun irurogeita / amalau urte urrian / lenengo plazan kantatu nuen / nik Hernaniko lurrian / San Antonio deitzen diogun / ermita baten aurrian / lagunak alkar ixtimatuaz / lengo oitura zarrian».

Mutil koxkorretan ikasia

Estreinaldi hartan 14 urte zituen Txirritak, eta ordurako Errenteriako Txirrita baserrian bizi zen. Ereñotzuko Latxe baserrian bizi izan zen artean ez zen, beraz, plazako bertsolari izan. Baina argi dago, bertsoa zer den eta nola egiten den ez ezik, bertsoa egiten ere ondo zekiela Latxeko mutikoak Txirritara joan zenerako. Herriaren memorian geratu diren Txirritaren bertso ugarien artean bada Latxen bizi zen garaikorik ere, hargin andaluziar bati jarritakoak batez ere: «Aiziak bidali du / andikan onuntza, / geroztik emen dabil / gure andaluza; / argiñ ona zala ta / zakurraren putza, / bera eroriko dek / ez akiyok bultza».

Txirritari buruzko beste kontu asko bezala, bertso hori noiz eta nola sortu zuen Antonio Zabalak azaldu zuen Txirrita: bizitza ta bat-bateko bertsoak liburuan (Auspoa sail nagusiko 18 eta 19. zenbakiak, 1962). Fabrika batek hartu zituen Latxeko soroak eta lurrak: Hijos de Jaime Puig. Destilería de Leñas y Fábrica de Productos Químicos. Fabrika horretako pareta bat egiten aritua behar zuen bertsoak aipatzen duen delako hargin hori, hargin onaren ospea bereganatua nonbait. Bezperan egindako pareta okerra zuzentzeko ahaleginean hari kolpeka harrapatua zuen Latxeko Jose Manuel mutiko erneak —artean han bizi baitzen—, bertsotarako teknika perfekzioz bereganatua ordurako eta adarra jotzeko makina pronto.

Ereñotzuko Txabolategi baserriko Domingo Erroizenea izan zuen, Antonio Zabalak bildutako aztarnen arabera, bertsoaren tekniketan irakasle nagusi Latxeko mutil koxkorrak. «Neri bertsotan erakutsi bear didazu, Domingo», esaten omen zion Jose Manuelek, zortzi edo bederatzi urte zituen garaian, Jose Oiarbidek Antonio Zabalari kontatu zionez.

Fabrika eta etxe berriak

Fabrikako nagusiek sortu zuten gaur egun Latxe izena duen etxea, fabrikako langileak han bizi zitezen, beren familiekin, lantokiaren ondoan. Jatorrizko Latxe baserria, berriz, hustu ondoren, erori egin zen denborarekin.

Fabrikako eraikinak ere erorita daude aspaldidanik. Haien aztarnak aise ikusten dira errepidetik pasatzerakoan, tximinia luze bat denen artean nabarmenena. Langileentzako sortutako etxebizitzek, aldiz, jendea aterpetzen jarraitzen dute, bizileku izaten. Haren ondoan, fabrikako nagusiena izandako etxea dago, hutsik, zaharkituta eta prezintuz itxita. «Puig 1919 Latxe», irakurtzen da etxeko fatxadan, balkoi baten gainean.

Nagusiena izandako etxearen aldameneko zelaia aisialdirako eta atsedenerako gunea bihurtzen da uda partean: sarrera baten truke zelai eder bat eskaintzen zaio bezeroari, mahaiz eta aulkiz ondo hornitua, Urumea ibaian bainatzeko aukerarekin; autoa ere sar daiteke lursail horretan, 4 euro ordainduz gero.

Ereñotzura askotan

Nahiz eta Errenteriara aldatu eta ezizena ere bizileku berritik hartu, sarri itzuli zen Txirrita Ereñotzura, bertsotara gehienetan edo ia beti. Ereñotzuarrik zaharrenek ume zirela Txirrita ikusi izana gogoratzen dute, bertsotan etxe batetik, «balkoi bete gizon», plazatik erantzuten zion beste bertsolari batekin teman.

Jaiotetxeari buruzko istorio bat ere asmatu zuen Ereñotzun bertsotan aritu zen batean, Antonio Zabalak Jose Oiarbide ereñotzuarrari jasotako bertso honetan: «Txirrita zarrak beti izan du / aurreko zarren fedia, / zenbait bezela ez da izandu / sinesmenikan gabia; / zaku bat urre izan biar du / gure aitonak gordia, / saiatzen dira galanki baña / ezin billatu ordia».

Ezio baserriko Manuel bertsolariarekin egin zuen saio batean ere aipatu zuen jaiotetxea Txirritak, Pablo Zubiarrainek Antonio Zabalari kontatu eta hark Ustu ezin zan ganbara. Txirritaren zenbait bertso ta gertaera liburuan (Auspoa sail nagusiko 126. zenbakia, 1976) jaso zuenez: «Zu Ezkio'ko Manuel zera, /ni jaio nintzan Latxian, /garai batian barriyu ontan / neskatx ederrak bazian; / gazte denboran ibiltzen giñan / pandanguan da baltsian, / gure orduko aixkire zarrak / danak ezkondu al ziran?».

Latxera itzuli nahi ez

Ereñotzura bai, baina jaiotetxera ez zen itzuli Txirrita. Hona zer istorio jaso zion Antonio Zabalak Ereñotzuko Akola baserriko Gregorio Santa Kruzi, Txirrita: bizitza ta bat-bateko bertsoak liburuan:

«Egun batean, gizon larria zala, Latze inguruan ari omen zan lanean Txirrita. Artean, Latze baserria oso-osorik zegoan. Fabrikako enkargatuari or etorri zitzaion, bere jaiotetxea ikusi nai zuela esanez.

»Baietz, lagunduko ziola, erantzun zion, eta alkarrekin joan ziran.

»Ateondoraiño eldu ziran, eta orduan Txirritak onela esan zuan:

» —Arrayia!... Arrayia!... Esaera zaarra da: jaiotako tokira iltzera. Ni ez noa, ba, barrena sartzera.

»Eta buelta eman eta sartu gabe alde egin zuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.