Uruguai dute argituko

Miarritzeko Latinoamerikako kulturen 27. jaialdia irailaren 24an hasiko da, astelehenarekin. Uruguaiko produkzioaz gainera, argentinarrak datoz usaian bezain sendo

Alicia Cano eta Leticia Cubaren Locura al aire dokumentaleko irudi bat. BERRIA.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2018ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Merkatu eta industriarik ez badu ere, bere 3,4 milioi biztanlerekin, zinema bat baduela baieztatzeko ekitaldia egin dute aurtengo Miarritzeko Latinoamerikako kulturen jaialdian. Horrela azaldu du Uruguai herrialdearen hautua Lucile de Calanek, jaialdiko arduradunak.

Baieztapen hori berresteko gisan pentsatua dute irailaren 24an, hau da, heldu den astelehenean hasi eta igande arte iraunen duen 27. edizioa. Horretarako, Uruguaiko zinema egin duten hamar film ekarriko dituzte, lehiaketatik kanpo. Besteak beste, Pablo Stollen Hiroshima, edota Mauro Sarser eta Marcel Mattaren Los Modernos. Zerrenda horretan sartu dute Mal dia para pescar ere. Alvaro Brechneren filma Juan Carlos Onetti idazle uruguaitarraren Jacob y el otro narrazioan oinarritzen da. Eta ez da kasualitate bat film hori hautatu izana. Juan Carlos Onetti idazleari omentzekoa baitute jaialdi denboran. Horretarako, Juan Carlos Mondragon idazle uruguaitarra eta Antonio Muñoz Molina idazle espainiarraren arteko solasa antolatua dute.

Ez da kasualitatea ere Alvaro Brechner film zuzendari uruguaitarra film selekzio horretan izatea. Jaialdiak preziatzen duen film egilea baita. Horren lekuko, aurtengo fikzioen lehiaketan sartu izana. Orotara 8 fikzio dira lehiatuko, eta horien artean Brechneren Compañeros. 1973ko Uruguaiko girora eramaten du fikzioak. Juan Maria Bordaberriren mendeko diktadura militarrak preso sartzen dituen hiru aurkari politikoen existentzia borroka segitzen du fikzioak. Nola borrokatzen diren, jasaten dutenak ez ditzan ero bihurtu. Filma jaialdia zabaltzeko atxiki dute. Heldu den astelehenean Gare du Midi geltokian emanen dute, 19:30ean. Lehiaketetan aurkitu daiteken bigarren eta azken film uruguaitarra, dokumentalen sailean dago. Hemen ere erotasuna da ardatz. Locura al aire filmarekin Alicia Canok eta Leticia Cubak Montevideoko Vilardebo erietxe psikatrikoan sartu dute kamera. Vilardoz irratia animatzen baitute bertan eri eta langileek. Mexikoko irrati topaketa batetara joatekoak direla, erotasunari begiratzeko ohiturak zangopilatzeko balio dituzten solas eta bizipenak bildu ditu kamerak.

Uruguaiko sorkuntzaren zikloan beti, aurtengo erakusketa eta musika saioetan Uruguaipresente izanen da. Jaialdia ez baita bakarrik zinema jaialdi bat, antolatzaileek azpimarratzen dutenaz. Funtsean, publikoak ere barneratua du aspaldian Herriko Kasinoko Herrixkaren giroa.19:00etatik 2:00ak arte luzatzen dira animazioak, urririk.

Eta hor zintzilikatzen dute baita urteroko erakusketa. Aldi honetan Uruguaiko argazkilaritza garaikidea ezagutzera emanen dute. Matilde Campodonico, Magela Ferrero, Roberto Fernandez Ibañez eta Alvaro Zinno dira lau artistak. Kontzertuen artean, Luciano Supervielle uruguaitarraren elektro tangoa dute, astelehenean, 23:00 aritzekoa da.

Argentina indarrean

Uruguaiko zinema argira ekartzeko lan berezia egiten bada aurten, indar berezirik egin gabe beti bezain presente eta sendo agertzen da aldi honetan ere Argentinako sorkuntza, sail guztietan.

Horien ikur eta aldi berean OHE edo objektu hegalari ezezagun: La Flor. Kasik 14 oren irauten du fikzioak. Mariano Llinas film zuzendariak zazpi urte behar izan ditu bururatzeko. Oinarrian, lau aktore ditu: Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa eta Laura Paredes. Buenos Airesko Bafici zinema jaialdiko film hoberenaren saria ukan, eta Locarnoko jaialdian aurkeztu berririk dator Lapurdira.

Klasiko bihurtuko dela konbentzituak dira jaialdikoak. Zehazki zer den gaia laburbiltzea, aldiz, «biziki konplikatua» dela azaldu du De Calanek. «Labirento baten gisakoa da». Halere, Antoine Sebire jaialdiko ordezkari nagusi berriak laburpen saialdi bat egin du: «Komedia musikatu bat da, aldi berean espioi film bat edo B serieko beldur egiteko film bat». Hiru emanalditan zatiturik proiektatuko dute filma. Lehen partea asteartean, 18:00etan, Gare du Midi aretoan. Bigarrena biharamunean, 13:00etan, beti leku berean. Eta hirugarren eta azkena, ostegunarekin, 11:45ean, eta hor ere leku berean.

Argentinaren ondoan, Brasil,Kolonbia eta Mexikoko lan andana bat ere ikusten ahalko da, droga, diktadura, memoria eta zapalkuntza kontu anitz direla tarteko. Cristina Gallego eta Ciro Guerraren Pajaros de Verano fikzioak, adibidez, Kolonbiako narkotrafikoaren jatorriak irudikatzen ditu, Wayuu familia bat duela protagonista. Ciro Guerra film zuzendaria ezagun egin zen, besteak beste, El abrazo de la serpiente (2015) filmagatik. Asteartean, 15:00etan ikusten ahalko da Gare du Midi aretoan. Donostiako Zinemaldira ere ekarriko dute filma. Beste film bat aipatzearren, Eva Villaseñoren M dokumentala da. Miguel segitzen du. Gizarte zapaltzaile baten erdian, gero eta eguneroko zailagoa du Miguelek. Herriko kasinoan emanen dute asteazkenean 12:30ean.

Azken saio bat ematekotan, Mai da Bai (Eta ezetzik ez dago) filma izan daiteke. Eider Ballina, Ann Baskara eta Imanol Eppherre euskaldunek Txilen egin dokumentala Miarritzen estreinatuko dute. Garabide dute ekoizle. Maputxeek wallmapu hizkuntza berreskuratzeko daramaten borrokan oinarritzen da filma, Garabide egiturarekin duten harremana ere kontatzen duela. Gazteleraz eta euskaraz da filma. Euskarazko azpidatziak baditu. Baina Miarritzen frantses azpitituluekin emanen du jaialdiak. Asteazkenean, 10:00etan Royal zinema gelan emanen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.