Kritika. LIteratura

Urtzen doazen bizitzak

Lide Hernandoren 'Izotz ura' liburuaren azala.
Lide Hernandoren 'Izotz ura' liburuaren azala.
2024ko apirilaren 21a
05:05
Entzun

'IZOTZ URA'

Idazlea: Lide Hernando. Argitaletxea: Susa.

Izotz ura du izenburua Lide Hernando musikariak Susa argitaletxean atera duen lehen nobelak. Saioa eta Mara dira nobelako protagonistak, bi musikari, zein baino zein ezberdinagoak: lehenengoak, taldean egiten du bere bidea, Euskal Herriarekin eta euskal gatazka deitzen dugun horrekin konprometituago; Marak, ordea, bere musika eta hitzak konpromiso politikoaren gainetik jarri, eta bestelako bide batetik dihardu, ezagunagoa da nazioartean, baina bakartiagoa ere bada bere bizitza. Musika ekoizteko bi jarrera eta ikuspuntu hezurmamitzen dira Saioaren eta Mararen pertsonaien atzean, eta, horien bitartez, musikaren industrian leitmotiv diren hainbat auzi mahaigaineratzen ditu liburuak. Idazlea musikaria izateak, hortaz, eragin zuzena izan du liburuaren eraikuntzan, baina, nago alderdi hori muina baino, atzeko oihala edo atrezzoa izan dela gehiago; oinarrian, giza harremanez dihardu obrak, zehazki, Saioaren eta Mararen harreman konplexuaz, eta musika izan da idazlearentzat horra heltzeko bidea eta aitzakia.

Aitortu behar dut aurreiritziekin hasi nintzela liburua irakurtzen: musikari batek idatzitako musikaz mintzo den beste obra bat izango den esperantzarekin. Baina, hori ere aurkitu dudan arren, nire harridurarako, bestelako diskurtso batekin egin dut topo: laguntasunaren mugetan dagoen bi emakumeren arteko sare konplexua ezin hobeto deskribatzen da obran. Nobelak, gainera, ez du laguntasuna idealizatzen, harreman guztiek, eta, bereziki, laguntasunak dituen ertz guztiak diren-direnean dakartza; giza harremanek geruza asko dituztela erakusten digu liburuak, eta apur-apurka joan daitezkeela, gainera, endekatzen, pobretzen, izotza legez urtzen. Asko gustatu zait hori kontatzeko eta musikaz hitz egiteko emakumeak baliatzea: diskurtso kulturalak askotan eraiki baititu emakumeen arteko harremanen inguruko kontakizunak, eta gehienetan maitasun erromantikoa lehenetsi horietan. Oraingoan, ostera, Hernandok bi emakumez hitz egitean, maitasun erromantikoan baino gehiago, lagunekin izaten dugun hartu-emanean jartzen du fokua, alaitasunez, memoriaz, minez eta konpelexutasunez jantzitako maitasun afektiboan, hain zuzen. Idazleak jakin du irakurle hau harritzen eta giza harremanen dinamika konplexu hori bere gordinean ekartzen. Horra hor liburuaren indargunea.

Narratologikoki, aldiz, ez zait horren interesgarria iruditu. Egia da badagoela lanketarik alderdi kronologikoan: nobelan urte asko kontatzen dira, baina idazleak asmatu du hautatzen, eta ondo gainera, zein momentutan gelditu, zein eliptiko utzi, eta, batez ere, aurrera eta atzerako saltoak nola ordenatu. Pertsonaien karakterizazioarekin batera, disposizio kronologiko horrek irakurlearengan interesa pizteko beharrezko dinamismoa ematen dio nobelari. Gainontzekoan, ordea, estetikoki nahiko laua iruditu zait obra, bai dimentsio sinbolikoan, baita narrotologikoan ere.

Edonola ere, artefaktu gisa horren landua ez iruditu arren, Lide Hernandok sortzen duen unibertso afektiboak hutsune estetiko hori orekatzea lortzen du, eta, are, irakurle hau harrapatu eta konbentzitzea ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.