Urtzen betiko esentzia

Hamar urte isilik egon eta gero, 'Astiro' diskoa kaleratu du Urtzek; Durangon emango dute lehen kontzertua

Urtz taldeko Josu Ariztegi, Xabier Camarero eta Iñigo Cousillas; arrainontzian, Victor Arguelles taldekidea Astiro diskoarekin, Donostiako Aquariumean atzo egin zuten aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
25 urte igaro dira Donostia aldeko lau gazte elkartu eta Urtz taldea sortu zutenetik, eta hamar urte agertokietatik jaitsi eta zaleengandik agurtu zirenetik, ustez, betiko. Baina hamar urteko isilunearen ondoren, Astiro (Baga-biga) diskoarekin itzuli da taldea, «gozatzeko eta gozarazteko» helburuarekin. Erritmo kutsakorrez osatu dute diskoa, eta estilo ugari uztartu, baina, taldekideek azaldu dutenez, Urtzen betiko esentzia dauka lan berriak ere.

Dena den, ez dira hutsetik hasi Astiro diskoko hamar abestiak sortzeko. Taldekide bakoitzak tiraderan «hainbat altxor» zituela azaldu du Xabi Camarero Urtzeko ahotsak eta gitarra jotzaileak, argitaratu gabeko abesti ugari, alegia. Diskoa hilabete gutxitan grabatu badute ere, aurretik lan handi bat eginda zegoela aitortu du. «Bakoitzak etxetik abestiak eraman ditugu, eta ideia horiek denen artean landu ditugu, beti egin izan dugun bezalaxe», adierazi du Camarerok.

Grabaketa prozesua oso polita izan dela esan du, bestalde, Camarerok, aspaldiko lagunekin elkartzeko aukera izan dutelako eta momentu bakoitza bizitzen eta gozatzen ari direla. Orain hurrengo urratsen zain daude, eta, Josu Aristegi bateria jotzaileak esan duenez, agertokietara igotzeko gogotsu daude. Orain dela 25 urteko sentipen berberak izan dituzte diskoa grabatzen aritu diren bitartean, eta «kontzertuak ere garai batekoak bezalakoak badira, primeran!», gaineratu du.

Estilo nahasketa

«Oso zaila egin zaigu beti Urtz definitzea», dio Aristegik, «hainbat estilo jorratzen ditugulako». Baina, bateria jotzaileak kontatu duenez, horixe da Urtzen xarma eta esentzia, momentu bakoitzean barrutik atera zaiena abestu dutela. «Disko koloretsua da, denetarik dago: balada oso indartsu bat, eta baita erritmo biziagoko abestiak ere. Gure musikari mugarik ez jartzen ahalegindu gara», gehitu du Camarerok.

Ritxi Aizpuru Baga-Biga diskoetxeko arduradunaren hitzetan, berriz, disko «rockeroa» da Astiro, eta kantu guztiek zeresan handia dute. Urtzen berezitasun den Camareroren ahotsa nabarmendu du, bestalde: «Hamar urte isilik egon bada ere, lehengo indar bera dauka. Entzuleak txundituta utziko ditu». Diskoa aurkezteko lehen kontzertua Durangoko Plateruenan emango dute, abenduaren 7an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.