Su eztian ondu dute Donostiako Ze Esatek taldekoek Ibilita ikasten da erortzen diskoa, estudioko bosgarrena. Orain artekoen aldean, laburragoa da —25 minutu irauten du—, askoz ere rockzaleagoa, eta punk rock amerikarraren kutsu argia du. Jokin Gilisagasti da Ze Esatek taldeko bateria jotzailea eta abeslaria. «Pozik» dago ia urtebeteko lanaren ondoren erdietsi duten emaitzarekin. Gaineratu du publikoak harrera beroa egin diola proposamen berriari. Izan ere, dagoeneko hasiak dira azarotik kalean den diskoa aurkezteko kontzertuak eskaintzen.
Orain arteko lanen artean zuzenena da Ze Esatek taldearen azkenekoa. Zortzi abestiz dago osatua, eta Gilisagastik dio disko motza osatzeak gauzak «aurrez ondo pentsatuta» edukitzea eskatzen duela. Duela urtebete eten bat egin zuten, taldearen norabidearen inguruan gogoeta prozesu bat zabaltzeko. «Rockaren aldeko apustua zen egin genitzakeen apustuen artean gehien motibatzen gintuena». Aurreko lanekin alderatuta, nabarmen handitu da gitarrak diskoan duen pisua. Ukaezina da Kaliforniako punk eta rock melodikoaren eragina.
Dena den, ia bederatzi urtean landutako taldearen soinuaren ikur nagusi izan diren aire instrumentuek bestelako izaera bat dute oraingoan. Ezin da esan inondik inora bigarren mailan daudenik. Izan ere, abestien egituran «bestelako hutsune» batzuk betetzeko baliatu dituzte. «Gure asmoa ez da izan aireko instrumentuak zokoratzea, eta egin duten sakrifizioaren konpentsazio moduko bat izan da Rude Girl abestia». Ska klasikoaren kutsu nabaria duen abesti horretan, emakumeen eskubideak dituzte aldarri.
Funtsean, Ze Esatek taldea osatzen duten kideen helburu nagusia «ondo pasatzea» izan da beti. Sarritan aldarrikatu izan dute rockaren itzalpean dibertitzeko xedea. Oraindik ere, 2009an bezala, proposamen berria entzunda nabari da dibertitzen jarraitzen dutela. «Gogoratzen naiz taldean hasi ginenean ez genekiela zertan ari ginen ere; dena zen berria», onartu du. Baina ordutik denbora ez dela alferrik igaro irizten dio: «Lehen dena zen festa eta parranda, eta orain ez diogu horri uko egiten, baina buru gehixeagorekin egiten dugu guztia». Alde horretatik, nabarmendu du heldutasunak ematen duen patxada dela orain taldeak dituen indarguneetako bat.
Kritika ikur hartuta
Oro har, lan berria osatzen duten abestietako hitzek lotura zuzena dute egunerokoarekin: mozal legea eta turismoaren inguruko eztabaidak, kasurako. Abestien hitzak idazteaz Sustrai Colina eta Andoni Mujika arduratu dira. «Gu gogaitzen gaituzten arazoak islatzen dituzten hitzak hautatu ditugu batez ere». Gainera, taldea Donostiakoa denez, turismoaren gaia jorratzera «ia behartuta» zeudela sentitu dute. «Iragan udan, bolo-bolo ibili da turismoaren afera, eta islatu beharreko zerbait zela iruditzen zitzaigun».
Bestalde, nabarmentzekoak dira diskoan izan diren kolaborazioak ere. Koban taldearekin egindakoa nabarmendu du Gilisagastik. «Haiekin kolaboratzen dugun lehenengo aldia da; Su olatu baten abestiari sekulako distira eman diote». Baina, Kobaneko kideekin batera, besteak beste Gatibuko Alex Sarduik eta Skakeitaneko Pello Armendarizek ere jarri dute euren hondar aletxoa.
Datozen asteetan, diskoa aurkezteko kontzertuetan murgilduko dira buru-belarri. Urtarrilaren 26an Oñatiko (Gipuzkoa) Gaztetxean joko dute, eta 27an Donostiako Doka kafe antzokian. Otsailaren 3an, Gasteizko Kubik aretoan izango dira, eta 16an, Legorretako (Gipuzkoa) antzokian.
Urtebetean ondutako aldaketa
Ze Esatek taldeak 'Ibilita ikasten da erortzen' diskoa kaleratu du. Taldearen bosgarren lana da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu