Donostiako 60. Zinemaldia. Fermin Muguruza. 'Zuloak' filmaren zuzendaria

«Urtebete iraungo du Zuloak-ek»

Azken hilabeteetan jende askoren ahotan izan ondoren, azkenean estreinatu dute 'Zuloak', izen bereko musika taldeari buruzko dokumental faltsua.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Mugimendu handiko egunak dira hauek Fermin Muguruzarentzat (Irun, 1963), frenetikoak. Larunbatean estreinatu zuten Zuloak filma Antzoki Zaharrean, Zabaltegi-Bereziak atalean, eta egun hauetan haren gaineko azalpenak ematen ari da batean eta bestean.

Hilabete askoko lanaren ondoren Zuloak filma estreinatu duzu. Nola sentitzen zara filma aurkeztuta?

Larunbata tentsio handiko eguna izan zen. Eguerdirako gelditu ginen, prentsaurrekoa eman genuen eta gauean elkartu ginen denok filma elkarrekin ikusteko. Sekulako beharra nuen egun hori iristeko eta sentitzeko. Eta gozatu nuen.

Non eta nola abiatzen da proiektua?

Urte batzuk egin ditut kanpoan lan egiten, eta behin baino gehiagotan galdetu didate ez ote nuen Euskal Herrian zerbait egin behar. Hemengo musikaren inguruan hamaika dokumental egin daitezke, baina bat-batean ideia hau bururatu zitzaidan. Hor badira film batzuk erreferentzia nabarmenak izan direnak: Orson Wellesen F for Fake, Banksyrena, Winterbottomen Nine songs, Basilio Martin Patinoren El grito del sur: Casas Viejas... Beti esaten da dokumentala errealitatea dela, eta ez dugu zalantzan jartzen. Eta errealitatea eraikuntza bat da, kontatzen digunaren subjektibotasunak baldintzatua. Hortik sortzen da dena, baina egia da, azkenean, proiektuak aurrera egin ahala moldatuz joan dela, partaide bakoitzaren ekarpenari lotuta.

Dokumentala faltsua dela jakinarazi duzu filma estreinatu aurretik.

Hori eztabaidan egon den gaietako bat izan da. Denon artean erabaki dugu, baina baziren beste proposamen batzuk ere: inoiz ezer ez esatea, edo Zinemaldia pasa, filma estreinatu eta ondoren argitzea dokumental faltsua zela. Baina, tira, erabaki genuen orain esatea, hemen izugarrizko konplizitatearekin jokatu duelako jendeak.

Filma bi planotan dago eraikia. Batetik, Zuloak taldearen sorrera eta abiatzea kontatzen da, eta, bestetik, hainbat emakume musikariri eginiko elkarrizketak azaltzen dira. Zergatik bi plano horiek?

Arratek [Rodriguez] zergatik egiten ditu elkarrizketa horiek guztiak? Bada, dokumentazioa lortzeko taldea sortzeko! Noski, aitzakia bat ere bada guk jakin dezagun zer iritzi duten Anarik, Aiorak eta Maite Mursegok...

Filmean emakumeek hitz egiten dute. Beren presentziaz, beren ikuspegiaz... Ondoriorik?

Une batean Jota Bilboko Kafe Antzokiko soinu teknikariak dioena oso esanguratsua da. Bertako oholtzara igotzen direnen %95 gizonak dira. Ni horrekin gelditzen naiz. Baina, era berean, poza ematen du emakume talde batek bere lekua hartu izanak.

Riot grrrl mugimenduak eragin nabarmena dauka proiektu guztian.

90eko hamarkadaren hasieran mugimendua sortu zenean, nik lehenengo pertsonan bizi izan nuen, artean Negu Gorriak taldearekin. Europan biran ginela, Babes in Toyland taldea ere lokal beretan ari zen jotzen, eta Kurt Cobainek ere esaldi mitikoa bota zuen: «Rocka emakumeena da». Euskal Herrian, ordea, ez zuen isla izan. Jauko Barik taldea izan zen, baina gauza gutxi gehiago. Zuloak fikziozko talde gisa sortu da, baina orain benetakoa bihurtu da, eta uste dut bultza ditzakeela beste emakume batzuk agertokira.

Zuloak-ek hasiera eta amaiera izango du?

Bai, urtebeteko epea eman diogu proiektuari. Niri egitasmoak hasi eta bukatzea gustatzen zait, gero beste proiektu batzuei lekua uzteko. Eta filma martxan jarri ondoren, ikusi dugu polita izan daitekeela taldeak diskoa grabatzea eta kontzertuak ematea, baina beti denbora tarte baten barruan. Lehen Kortatu, Negu Gorriak eta bakarkako proiektu batzuekin egin dudan bezala. Egiteko modu bat da.

Alde horretatik, Zuloak taldeak ezingo luke egin bere bide propioa?

Ez, ez luke zentzurik. Filma egin dugu, eta errepertorio bat ere badu taldeak. Orain bertsio batzuk ere egingo dituzte, The White Stripes eta The Runawaysena, taldekideek beraiek aukeratutakoak, baina amaitu egingo da. Arrakasta handia duela? Bada, berdin du.

Zuloak taldearen musika Amanita Muskaria izeneko norbaitek sinatua agertzen da. Nor da?

Hori da argitu ezin dugun informazio bakarra. Euskal Herrikoa ez den emakume batek egin du musika, oso inplikatua egon den musikari batek, eta hitzak denon artean egin ditugu, baina kantuen egileak ez du inon agertu nahi.

Zu ohitua zaude kontzertu, bira eta abarretara, baina Zuloak taldekoentzat jauzi handi bat da hau. Zuk nola ikusi dituzu?

Sekulako ilusioa dute. Eta hori nik askotan sentitu izan dut. Bideak irekitzea izan da nire marketako bat. Eta ikusten dut Zuloak taldeko kideentzat ere ilusio handia pizten duen kontua dela. Hemen Zinemaldian izatea, jendea begira dutela ikustea... arrakastak inbidia edota komentario gaiztoak eragin ditzake, eta horretarako ere prestatu behar dute. Hau ikasketa prozesu bat da, eta horren barruan jaso behar dituzte kritika lagungarriak, baina baita kritika gaizto eta maltzurrak ere. Eta denbora honetan ikusi dut nola joan diren egokitzen. Harrigarriena da Ainhoa Unzueta gitarristak egin duen saltoa. Bere taldearekin eserita jotzen zuen, lotsati! Eta askatuz joan da.

Donostiako Aste Nagusian parte hartu ondoren, zuk zeuk baduzu oholtzara itzultzeko asmorik?

Datorren urtea esanguratsua da, 50 urte betetzen ditudalako eta hogei urte beteko direlako Borreroak baditu milaka aurpegi kaleratu genuela. Baina oraindik ez dakit zer egingo dudan. Begiratu beharko dut bira bat egiteko indarrarekin nagoen, musikariak libre dauden. Hori azaroan erabaki beharko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.