Kultura

Urtea amaitu aurretik ireki nahi dute Durangoko Plateruena

Udalak adierazi duenez, eredu publiko-komunitario bat mamitzen ari dira orain. Durangoko Azoka igaro ostean zabaldu nahi du.

Abenduan bi urte egingo ditu itxita Plateruenak. ARITZ LOIOLA / FOKU
Berria
2022ko irailaren 29a
10:40
Entzun

2020ko abenduan Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokia itxi zutenetik, bi prozesu parte hartzaile egin dira, aretoaren etorkizunari buruzko iritziak jasotzeko. Bata udalak bultzatu du, eta bestea, berriz, herritar talde batek. Anboto aldizkariak jakinarazi duenez, atzo egindako udalbatzarrean EAJko zinegotzi Jon Sergio Atxotegik galdetuta, udal gobernu taldeko Iker Urkizak adierazi zuen urtea amaitu aurretik ireki nahiko luketela Plateruena.

Urkizak jakinarazi zuen azken hilabeteetan hainbat pauso eman dituztela proiektu berriak nolakoa izan beharko lukeen aztertzeko bidean. Hain zuzen ere, beste herri eta hiri batzuetako ereduak izan dituzte kontuan: besteak beste, Azpeitiko (Gipuzkoa) San Agustin kulturgunea, Madrilgo Matadero eta Zaragozako (Espainia) beste proiektu bat.

Bildutako informazioarekin, txosten juridiko-tekniko bat egin dute, eta, bertan, Plateruena kudeatzeko hiru eredu proposatzen dira: kudeaketa zuzena (udalak kudeatua), zeharkakoa (kontzesio bidezkoa) eta partekatua, hau da, publiko-komunitarioa. «Azken horrek islatzen ditu ondoen prozesu parte hartzaileetan jasotakoak. Eredu horri forma ematen ari gara», azaldu du Urkizak, Anboto-k jakinarazitakoaren arabera. «Udalak bere baliabideak jarriko ditu, eta komunitarioa izango da Durangoko elkarteak, eragileak eta sortzaileak kontuan hartuko dituen heinean. Hortik kultur mahaia irtengo da, eta mahai hori izango da Plateruenako kultur arloko motorra», azaldu du Urkizak.

Urtea amaitu aurretik zabaldu nahi dute Plateruena. Abendu hasieran, Durangoko Azokan, Ahotsenea gunea kokatuko da bertan, eta horren ondoren irekitzen saiatuko dira. «Eta ezin bada, 2023aren hasieran».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.