Durangoko 57. Azoka. Elena Olabe eta Ander Sagardoi. Idazlea eta zinema ekoizlea

«Urte osoak eusten dio azoka asteari»

Pozik hartu dute murrizketarik gabeko azoka bueltan, eta gogotsu sumatu dute ingurua ere. Inguru hori zabaltzen asmatzea daukate gakotzat.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Andoni Imaz
Durango
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gertukoa dute azoka Elena Olabek eta Ander Sagardoik: durangarrak dira biak. Eta, aurtengoa, are gehiago: Olabek (1997) Keinura itzuli poema liburua aurkeztu du (Susa), batetik, eta Irrimarrarekin batera ondutako Mari Paz Jimenez eta pintura. Ahizpari gutuna (Pamiela), bestetik; Sagardoik (1994) Maider Oleagaren Irrits film laburra ekoitzi du, Sumendi Filmak etxearen bidez, eta Irudienean eman dute hura.

Zer harreman izan duzue orain arte azokarekin?

ELENA OLABE: Durangarra izanda, nahiko esperientzia intentsoa da, egun asko direlako segidan. Gustura hartzen ditut.

ANDER SAGARDOI: Kontzientzia daukadanetik ama antolakuntzan sartuta ibili denez, urritik edo azarotik izaten da «badator, badator!» sentsazio bat, eta, derrepente, lau-bost egunean bilakatzen da Durango horrelako eszenatoki bat. Luxu bat da hau edukitzea etxe parean.

Itzulera urtea da aurtengoa. Zer sumatu duzue inguruan?

OLABE: Nire inguruan, igarri dut jendeak gogo handia zuela batzeko, ekintza kulturaletan parte hartzeko, gauzak ezagutzeko, baina, batez ere, giroan egoteko. Eta normala iruditzen zait. Jendea pozik ikusi dut, motibatuta.

SAGARDOI: Bai, eta aitzakia barik. Hona gentozela, hizketan, ni ez nintzen gogoratu ere egiten joan den urtean derrigorra zela txanda hartzea. Azoka niretzat da alde batetik bestera joatea, gauzak deskubritzea, jakin gabe zer ordutan non egongo naizen. Poztekoa da Durango normaltasunean ikustea, eta Plateruena zabalik: niretzat leku zentral bat da hurbil ospatzen diren gauzetan.

Baina bat azokari?

SAGARDOI: Eguraldia [barrez]. Beti dabiltza berritzen, aldatzen, urtero daude gauza berriak. Niretzat atrebentzia handia da esatea zer hobetu horrelako leku batean. Datak direnak dira, eta guretzat kasik Durangoko bigarren jai batzuk ere badira, zeren urria oso hurbil daukagu. Hobetzekoa... Guk, irakurle eta kontsumitzaile moduan, gehiago kontsumitzea euskaraz. Eta ni ere sartzen naiz zaku horretan.

OLABE: Eta dena ez zentratzea Durangoko Azokako egunetan. Urte osoan beste kultur ekintza batzuk egoten dira, eta batzuetan sentsazioa ematen du euskal kultura Durangoko Azokako astean bakarrik dagoela bizirik. Ez da egia: gainontzeko egunetan hor egongo ez bagina, aste hau ez zen existituko.

Zertan egin du aurrera komunitateak, eta zertan da trabatua?

SAGARDOI: Azokatik harago, askotariko diziplinak batzen dituzten gune espezifikoak edukitzea funtsezkoa da niretzat: azoka sare baten moduan ulertzea. Horrek bizitza ematen dio, eta espezialitate puntu bat ere bai. Erronka da jendea erakartzea, euskarazko kontsumora ohituta ez dagoen jendea. Gustatuko litzaidake pilo bat nire Bilbo Handiko lagunek edukitzea etortzeko ohitura, beste toki batzuetakoek bezala.

Aurtengo uztatik bina ale?

SAGARDOI: Katixa Agirreren Berriz zentauro [Elkar]. Amek ez dute ikaragarria iruditu zitzaidan, eta kuriositate handia dut. Eta Eñaut Elorrietaren Fantasia [Elkar]. Fan handia naiz, eta diskoa deskubrimendu bat izan da.

OLABE: Lizar Begoñaren Gepardo japoniarrak poesia liburua [Susa], udaberriko lanak apur bat ahazten ditugunez. Potentea da: esperimentala eta inteligentzia handikoa. Eta Miceren Lautada [Erraia]. Gozatu egin dut, eta kontzertuetan ere bai, asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.