Urte berriak dakarrena

Iaz lez, kultura eskaintza oparoa izango da 2024an; ekitaldiz beteta daude datozen hilabeteak. Musika eta zinema jaialdiak, arte plastiko zein eszenikoetan aukera zabala... gozatu nahi duenak badu non gozatua.

(ID_12982033) EHZ
Iazko Euskal Herria Zuzenean jaialdian egin ziren ikuskizunetako bat. GUILLAUME FAUVEAU
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun gutxi batzuk bete ditu 2024ak, baina ez da laburra izango urteak dakartzan kultur ekitaldien zerrenda. Ezerezean geratu dira pandemiak kultur sektoreari ezarri zizkion murrizketak, eta, iaz bezala, normaltasun osoz antolatuko dira ekintzak. Bertsolaritza, musika ikuskizunak —baita talde batzuen agurrak ere—, zinema, erakusketak... urte oparoa izango dela dirudi.

Musika

Urtea hasi berri da, baina, batzuentzat, hasiera baino, amaiera izango da 2024a. Willis Drummond taldeak, Whatsappez zabaldutako mezu baten bidez, abenduan iragarri zuen eszenatokiak utziko zituela, «itzulera datarik ez duen geldialdia» eginez. Azken kontzertua ostiralean izango da, Donostiako Intxaurrondo kultur etxean, eta taldekideek aurreratu zuten «gaualdi berezia» izango dela. Urtebeteko epearekin kontatu zuen Huntzak ere atseden hartuko duela tarte batez. Otsailaren 3an egingo dute azken emanaldia, Bilboko Miribillan: Azkena balitz bezala deitu diote. Huntzakoak ez dira bakarrik egongo eszenatokian; izan ere, hainbat musikari izango dituzte lagun: adibidez, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Xabi Solano eta Tremenda Jauria.

Eguraldia epelduz joango den eran, apurka-apurka ospatuko dira musika jaialdiak. Lehena Iruña Rock izango da, martxoaren 1ean eta 2an. Hamasei talde edo musikari izango dira Nafarroa Arenako eszenatokian. Horietako batzuk: En Tol Sarmiento, Iseo & Dodosound, Zea Mays, Xavi Sarrià, Kaos Urbano eta Sara Socas. Handik hilabete pasatxora egingo da Zeinen Ederra Izango Den festibalaren hirugarren aldia; apirilaren 13an.

Ekainetik aurrera hasiko da jaialdien errenkada luzatzen. Ekainaren 20tik 22ra egingo dute Azkena Rock, Gasteizen. Queens of The Stone Age taldea izango da jaialdiko kartelburua. 2011. urtean izan zen lehen aldiz taldea Azkena Rocken. Besteak beste, Sheryl Crow eta Arde Bogota taldeak igoko dira Mendizabalako eszenatokira.

Euskal Herria Zuzenean Arberatzen (Nafarroa Beherea) egingo dute aurten lehen aldiz. 27. aldia amaitzearekin batera esan zioten agur Irisarriri (Nafarroa Beherea), jaialdia bost urtez bertan egin ondoren. Aldaketaren berri eman zutenean, antolatzaileek esan zuten ziklo baten amaiera iritsi zela. Jaialdiaren helburuetako bat Ipar Euskal Herrian herriz herri mugitzea ere badela adierazi zuten. Ekainaren 28tik 30era izango da.

Uztailean izango da BBK Live; 11tik 13ra, hain zuzen. Azaroan eman zuten Kobetamendin izango diren artistetako batzuen berri. Badira jaialdian behin baino gehiagotan jo duten talde batzuk: 2017an izan zen Massive Attack taldea, eta The Prodigy 2014an izan zen. Bestalde, El Columpio Asesinok bere agur birako kontzertuetako bat eskainiko du BBK Liven. Arcade Fire, Jungle, The Prodigy, Underworld eta Khruangbin taldeak ere izango dira.

Jazza gustuko dutenentzat garrantzitsuak izango dira Gasteizko eta Donostiako Jazzaldiak. Lehena uztailaren 15etik 20ra izango da, eta, bigarrena, 23tik 28ra. Rufus Wainwright, Diana Krall eta John Zorn izango dira Donostian, besteak beste. Zorni eskainitako ziklo bat antolatu dute, eta bera izango da jaialdia ixteko arduraduna. Uztailaren 28an izango du kontzertua, Trinitate plazan, New Massada Quartetekin.

Zinema

Zinema sariketetan lehena izango da Urrezko Globoena. Igandean izango da 81. aldiaren sari banaketa, Beverly Hillsen (AEB). Goya sariak handik hilabete pasatxora izango dira, Valladoliden (Espainia). Aurten, Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas filmak lortu du izendapen gehien; hamabost guztira. Film onenaren, zuzendari onenaren, berezko gidoi onenaren eta emakumezko aktore onenaren izendapenak daude hamabost horien artean.

Martxoaren 10ean izango dira Oscar sariak; Los Angelesen (AEB). Urtarrilaren 23an jakinaraziko dituzte izendatuak, eta Hollywoodeko akademiako kideek otsailaren 12tik 27ra izango dute botoak emateko aukera.

Kanpora begira jarri beharrik gabe, Euskal Herrian ere antolatuko dituzte jaialdiak. Martxoaren 11tik 16ra egingo dute Ikuspuntu Nafarroako zinema dokumentalaren jaialdia, Iruñean. Donostiako Musika Dokumentalen festibala egingo dute hamazazpigarrenez, ekainaren 3tik 8ra. Ekainaren 24tik uztailaren 1era izango da Zinegoak LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdia, Bilbon. Martxoaren 31ra arte dago irekita izena emateko epea. 2022an, 2023an eta 2024an ekoitzitako film luze zein laburrek parte hartu ahal izango dute.

Oraindik ez dute plazaratu zehazki zein egunetan egingo den Donostiako Zinemaldia, baina 72. aldia, urtero lez, irailean egingo dute. Iazkoak datu onak lortu zituen: 158.000 ikusletik gora joan ziren, eta seiehun proiekzio inguru antolatu ziren jaialdirako.

Literatura

Hamargarren aldia izango du aurten (H)ilbeltzak, euskal nobela beltzaren asteak. Baztanen (Nafarroa) izango da, urtarrilaren 22tik 28ra bitarte. Aurtengoan aurkeztuko dute 2022ko (H)ilbeltza beka jaso zuen itzultzailearen lana: Fred Vargasen Altxa hildakoak liburua itzuli du Beñat Irastorzak.

Iazkoa amaitu bezain laster jakinarazi zuten noiz izango den 2024ko Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 8ra izango da, hain zuzen.

Bertsolaritza

Bertso urte oparoa izan da 2023a. Uda amaitutakoan hasi ziren txapelketak bete-betean. Seigarrenez, Nafarroako txapelketako garaile izan zen Julio Soto, eta Nerea Ibarzabalek jantzi zuen Bizkaiko txapela, bigarrenez. Nafarroa Behereko taldekako Xilaba txapelketa ere egin zen, eta Hazparke taldeak irabazi zuen.

Gipuzkoako txapelketaren txanda izango da aurten, udazkenean zehazki. Abenduan amaitu zen izena emateko epea, eta sailkapen faseko saioak apiriletik maiatzera bitarte izango dira. 2019ko txapelketan finalista izandakoek ez dute fase horretan parte hartu beharko. Urte hartan Beñat Gaztelumendik irabazi zuen. Arabako Bertsolari Txapelketari ere ekingo diote hilabete honetan, urrian kanporaketak amaitu ostean.

Bizkaiak Gipuzkoari hartu dio lekukoa aurtengo Bertso Eguna antolatzeko. Gernikan (Bizkaia) izango da, hilaren 27an. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta askotariko bertso saioak izango dira bertaratzen direnentzat. Amets Arzallusek, Etxahun Lekuek, Maialen Lujanbiok eta Saioa Alkaizak hartuko dute parte eguna borobilduko duen bertso jaialdian.

Arte eszenikoak

Antzerki konpainia batzuek jada iragarri dute aurten lanak estreinatuko dituztela. Hasteko, Dejabu konpainiak iragarri du antzezlan batean lanean ari dela eta urtean zehar estreinatuko duela, baina ez du beste daturik eman. Naon tokin lana izan zen aurkeztu zuten azkena, 2021ean.

Urtarrilaren 14an, Usurbilgo (Gipuzkoa) Sutegi aretoan, Metrokoadroka sormen laborategiak Artxibo biluzia estreinatuko du. Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, haren etxetik dozenaka dokumentu eraman zituzten, eta antzezlanaren sortzaileek etxean hutsik geratutako karpeta bat irudikatu nahi izan dute; antzerkiaren baliabideekin betetzen saiatuz. Intza Alkain eta Javier Barandiaran izango dira aktoreak.

Udazkenean, urrian hain zuzen, estreinatuko du Hika Teatroak Zorretan antzezlana. Agurtzane Intxaurragak sortu du, eta Miren Gaztañaga, Mikel Losada eta Iñake Irastorza izango dira protagonistak. «Amatasunari, zaintzari eta maitasunari buruzko tragikomedia absurdoa» dela esan du egileak.

Martxoaren 27a izaten da urtero antzerkigile, aktore eta antzerkizaleen egun seinalatua. Izan ere, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun horretan bertan izaten da Donostia antzerki sariaren ekitaldia ere, Viktoria Eugenian. Sarituak, garaikurra eramateaz gain, obra interpretatzeko aukera izango du Viktoria Eugenian bertan.

Pagolako (Nafarroa Beherea) gazteek izango dute aurtengo Maskaradak antolatzeko ardura. Urtarrilaren 21etik apirilaren 27ra bitarte izango dira. Hamabost emanaldi izango dira guztira, eta Pagolan hasi eta bertan amaituko dira. 2025ean Lakarri-Altzaik (Zuberoa) antolatuko ditu.

Arte plastikoak

Datorren asteazkenean 100 urte beteko dira Eduardo Txillida (Donostia 1924-2002) eskultorea jaio zenetik. Hori dela eta, Eduardo Txillida-Pilar Benzunce fundazioak hainbat ekitaldi antolatu ditu urte osorako —iaz hasi ziren ekintza batzuekin—. Ekitaldi nagusiak bat egingo du haren jaiotza egunarekin, eta Viktoria Eugenian izango da. Bestalde, hainbat erakusketa antolatu dituzte urteurrenaren harira, bai Euskal Herrian, bai eta handik kanpo ere. Txileko Unibertsitate Katolikoan antolatu dute erakusketetako bat, esaterako. Kontzertuak ere antolatu dituzte haren omenez.

Eduardo Txillida artista, Madrilgo Castellana zubipean. LUIS PEREZ MINGUEZ/ TXILLIDA LEKU
Eduardo Txillida artista, Madrilgo Castellana zubipean. Luis Perez Minguez / Txillida Leku

Arantxa Agirrek Ciento volando filma estreinatuko du urrian. Txillida Leku «bisitatzeko, sentitzeko eta bizitzeko esperientzia» ikus-entzunezko hizkuntzara eramateko erronka bere gain hartu nahi izan du egileak.

Bada beste mendeurrenik ere. Nestor Basterretxea artistaren jaiotzarena izango da maiatzean. Hori hala, Artium museoak hari buruzko erakusketa bat zabalduko du maiatzaren 10ean; zinemagintzan eginiko lanei erreparatuko dio batik bat.

Gasteizko Artium museoak beste bi erakusketa berri ere iragarri ditu dagoeneko. Lehena otsailaren 2tik irailaren 1era egongo da ikusgai. Edonor, denok, inor ez. Euskal Herriko arte hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak du izena. 2022an museoan izan zen erakusketa baten jarraipena da. Bestalde, Randa Maroufi artistaren erakusketa bat ere jarriko dute ikusgai, datorren ostiraletik apirilaren 21era.

Guggenheimek makina bat erakusketa berri hartuko ditu aurten. Horietako bat izango da Giovanni Anselmoren Ostertzaz gaindi; otsailaren 9tik maiatzaren 19ra egongo da. 50 obraren bitartez, Anselmok sormenaz duen ikuspegia bistaratzea da erakusketaren helburua. Martxoaren 1etik ekainaren 9ra ikusgai egongo da June Cresporen Baskularra erakusketa. Azken hamarkadetan euskal artean mugarri izan diren kontzeptuen arteko elkarrizketa bultzatu nahi izaten du Crespok bere lanetan, eta era askotako materialak bildu eta nahastu ditu erakusketako obrak sortzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.