Urtarrilaren 21etik apirilaren 27ra eginen ditu maskaradak Pagolak

Egutegia zabaldu dute gazteek: guztira, hamabost emanaldi izanen dira; Zuberoako hamabi herritan izanen dira, Pagolan bi emanen dituzte, eta Nafarroa Behereko beste herri batean.

Mauleko maskarada, Baionan, aurten. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2023ko azaroaren 15a
12:28
Entzun

Pagolak (Nafarroa Beherea) argitara atera du 2024ko maskaraden egitaraua: hamabost asteburuz, hamalau herri zeharkatuko dituzte urtarrilaren 21aren eta apirilaren 27aren artean; horietarik lehen eta azken emanaldiak Pagolan emanen dituzte. Nahiz historikoki Zuberoari erabat lotua izan, administratiboki, Nafarroa Beherean dago Pagola, eta bi probintzien arteko muga da. Horregatik, auzo herria Nafarroa Beherean ere badu. Urtero, edo gehienetan, maskarada ematen duen herria auzoko herrira doa emanaldia aurkeztera; orduan, 2024an, pagolarrek maskarada Donaixtin (Baxenabarre) ere emanen dute, martxoaren 2an, larunbatez.

Usu ikusi ez bada, Pagolako gazteek dinamika berezia eraman dute maskaradaren sorkuntza prozesuan, ihauteria hizkuntzatik landurik, euskaratik, hain zuzen: joan den urtean, Xiberoko Gau Eskolako laguntzaz, bi gela ireki zituzten maskaradako gazteentzat. Alde batetik, euskararen ulermena eta mintzamena hobetzeko asmoa zuten; hutsetik abiatzen zirenentzat, batez ere. Bestalde, euskaraz zekitenek zuberera hobetzeko parada ukan zuten; mugako herria izanik, errealitate soziolinguistikoa Zuberoako beste herriez desberdina da euskalki aldetik.

Egitaraua

Urtarrilak 21, igandea: Pagola

Urtarrilak 28, igandez: Ezpeize

Otsailak 3, larunbatez: Maule-Lextarre

Otsailak 11, igandea: Iruri

Otsailak 17, larunbata: Gamere-Zihiga

Otsailak 24, larunbata: Muskildi

Martxoak 2, larunbata: Donaixti

Martxoak 10, igandea: Ligi-Atherei

Martxoak 17, igandea: Idauze

Martxoak 23, larunbata: Aloze

Martxoak 31, igandea: Barkoxe

Apirilak 7, igandea: Larraine

Apirilak 14, igandea: Urdiñarbe

Apirilak 21, igandea: Lakarri-Altzai

Apirilak 27, larunbata: Pagola

Joan den urtean, Maulek eman zuen maskarada; Pagolatik ere pasatu zen. Eta 2025ean, Lakarri-Altzaik (Zuberoa) emanen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.