Koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, agenda erabat aldarazita egin zituzten 2021eko eta 2022ko maskaradak Zuberoan. Astebeteko tartea baino ez baitzen egon elkarren artean: urtarrilean bukatu ziren iazkoak, eta urtarrilean bertan hasi aurtengoak. Bada, egoera ohikora itzuli den gisan, 2023ko maskaradak ere ohiko datetan egingo dituzte: urtarrilaren 15ean hasiko dituzte, eta apirilaren 22an bukatu.
Dantzan.eus atariak eman du datorren urteko maskaraden egutegiaren berri. Zehaztu duenez, Maule-Lextarreko gazteek paratuko dituzte datorren urteko maskaradak. Lau hilabetean, asteburuz asteburu, hamabost emanaldi egingo dituzte gazteek, eta hamahiru herri bisitatuko. Horien artean daude, besteak beste, Atharratze, Altzürükü, Zalgize, Urdiñarbe eta Barkoxe. Ohitura duten moduan, lehen eta azken saioak etxean egingo dituzte, Maulen, alegia.
Hain zuzen ere, hamabost urte igaro dira Mauleko dantzariek, kantariek eta antzerkilariek maskaradak azkenekoz eman zituztenetik; 2007an tokatu zitzaien antolatzea. Atharratze eta Alozeko gazteek egin zituzten iazko neguan, eta Barkoxekoek 2021ean.
Maskaradek, Zuberoako inauterietako ikuskizunak izaki, asko dute inprobisaziotik, eta, beraz, ez dute ordutegi finkorik. Dantzan.eus-en arabera, aurreneko barrikada edo barrikadaren haustea goizeko lehen orduan egitea da ohikoena, 09:00etatik 10:00etara bitartean; hiru edo lau barrikada egiten dituzte, halere. Ofizioak edo arratsaldeko emanaldi nagusia, berriz, bazkalondoren hasten da, 15:00 edo 16:00 inguruan, eta hiru bat ordu iraun ohi du.
Urtarrilaren 15ean hasiko dituzte datorren urteko maskaradak, Maulen
Maule-Lextarreko gazteek emango dituzte. Apirilaren 22ra bitartean, hamabost emanaldi egingo dituzte guztira, eta hamahiru herri bisitatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu