Urtaro berriarekin bat, oparotasuna

Aurreko urteetako joerari eutsiz, ugariak izango dira udaberriko argitalpenak.Poesia indartsu azalaraziko da, eta, iazko legez, saiakera izango da generorik oparoena

Urtaro berriarekin bat, oparotasuna.
Ander Perez Argote
2016ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Literatur argitalpenetarako garai oparoa izan ohi da udaberria. Ez udazkena bezainbeste —Durangoko Azokak biltzen baitu urteko uzta handiena—, baina argia ikusteko sasoia izan ohi dute euskal letretako lanek uda aurreko hilabeteetan. Aurten ere, oro har, aurreko urteetako joerari eutsiko zaio liburu kopuruari dagokionez. Generoetan, ordea, alde nabaria izango da: iaz baino askoz ere poesia lan gehiago emango dira argitara hurrengo hilabeteetan; kontrara, apala izango da narratiba lanen kopurua. Saiakera eta memoria liburuetan ere oparoa izango da urtaroa, eta, azken urteetan bezalaxe, asko izango dira erdal autoreak euskarara ekarriko dituzten itzulpen lanak ere.

Narratiban, bereziki aipagarria da Pello Lizarralderen lan berria. Autore zumarragarrak nobela berria aurkeztuko du, azkenekotik lau urte joan direla. Elur bustia izango du izena, eta Ereinek argitaratuko du. Argitaletxeak jakinarazi duenez, «etxera buelta luze eta amaiezina» izango du Lizarralderen eleberriko protagonistak. Ereinek, gainera, Eneko Aizpuruaren Lehertu da festa emango du argitara, Donostia 2016ko kultur hiriburutzaren inguruan jazotzen diren atentatu batzuei buruzko lana. Elkar argitaletxeak, bestalde, hiru eleberri argitaratu ditu jadanik; tartean, Julen Belamunoren Gaueko zaintzailea eta Unai Villenaren Hauts haietatik. Hurrengo hilabeteetan, Jon Ariza de Miguelen Ohe hotzak eta Joxean Agirreren Gizajoen katalogoa aurkeztuko ditu. Literatur tailer batean ikasle dabilen gizonezko heldu baten sorkuntza prozesua kontatuko du Agirreren bederatzigarren eleberriak.

Nobelekin gertatzen denaren antzera, ipuin bildumak ere ez dira beste urte batzuetan bezain ugariak. Elkarrek Egoitz Zelaia Gazteluma saridunaren Eta galtzen bagara zer? aurkeztu berri du, eta Goiatz Labandibarren Fotogramak emango du argitara aurki. Idazle horren bigarren narrazio bilduma izango da; 2013an Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak argitaratu zuen, Igartza Sariaren laguntzaz.

Poesia genero oparoa izango dahurrengo hilabeteetan. Sei argitaletxek emango dituzte argitara olerki liburuak, eta idazle gazteak eta berriak ere izango dira, ibilbide luzeko autoreekin batera. Lehenengoen artean, aipagarriak dira Pako Aristik Susarekin aterako duen lana —izenik ez dute zehaztu oraindik—, Joxe Auxtin Arrietaren Estalien gradora (Txalaparta) eta Karlos Linazasororen Zerua beti beherago dago (Utriusque Vasconiae). Maiatz argitaletxeak Amaiur Blasko poetaren lehen liburua argitaratu du, Egunsentia, eta Aritz Mutiozabalen lan berri bat ere aurkeztu du, Hutsartea izenburuarekin. Susak, bestalde, Ekhine Eizagirre presoaren lehen liburua aurkeztuko du apirilaren 4an: Alde erantzira nabil. Eizagirrek bezala, lehen liburua kaleratu du Unai Maleskik ere: otsail amaieran aurkeztu zuen Elkarrek Hau ez da poesia izen iradokitzaileko lana.

Antzerki argitalpenak ez dira, oro har, asko izaten. Aurtengo udaberrian, edonola, bi lanek ikusiko dute argia. Bat, Oier Guillanek Txalaparta argitaletxearekin aurkeztuko duen Mr.Señora bakarrizketa. Bestea, Jokin Apalategik Utriusque Vasconiaeren eskutik argitaratuko duen Erbia biper beltxean bezala. Hogei eta hogeita bi urterekin idatzitako bi testu bildu ditu Apalategik liburu horretan.

Saiakeraren jario ugaria

Saiakera eta lekukotasun lanak izaten dira, urterik urtera, argitaratzen ugarienak. Aurten ere ez dira halakoak faltako. Pamielaren bi nobedadeak dira —jadanik aurkeztutako Iñigo Aranbarriren Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna lanarekin batera—aipagarrienetakoak: batean, Joxemiel Bidador zenak Nafarkaria gehigarriko Klasiko bitxi arront klasiko sailean egindako nafar idazle euskaldunen bilduma jaso dute. Bestean, Aita deitzen zen gizona izenekoan, haren familiaren lekukotasunak plazaratu ditu Joan Errea Nevadan (AEB) jaiotako euskal idazleak. Utriusque Vasconiae argitaletxeak, bestalde, bost saiakera lan aurkeztuko ditu hurrengo hilabeteetan, eta Maiatz-ek Xipri Arbelbideren 14ko gerra, 14 lekuko lana emango du argitara. Lehen Mundu Gerra bizi zutenekin 1980ko hamarkadan egindako elkarrizketak bildu ditu autoreak lan horretan.

Udaberriak, gainera, Franz Kafka, Laurence Sterne, Herman Melville, Pere Calders, David Foster Wallace, Paul Celan eta halako autoreen lan itzuliak irakurtzeko aukera ekarriko dio euskal irakurleari. Eta gazteenek ere izango dute zer irakurria: beste urtebetez, ugaria izango da haur eta gazte literaturaren produkzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.