Urrutira begiratu du Keu Agirretxeak bere egongelan grabatutako lan berrian

Kolaboratzaileek «kolorea» eman diote lanari, eta «presiopean, denboraz justu» egin du grabazioa

Keu Agirretxeak bere ibilbideko 16. lana aurkeztu du. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Bilbo
2013ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Behe presioaren erdigunean(Mauka, 2013) egongo balitzbezala sentitzen da azkenaldian Keu Agirretxea, musika alde batera uzten ez dakien gizona baita ondarroarra. Familiak, lanak eta atzean utzitako hainbat proiektuk denbora libre gutxi uzten dioten arren, bere ibilbidean grabaturiko 16. diskoa aurkeztu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian. «Proiektu askotan ibili ondoren, buruan neuzkan ideia guztiei forma emateko gogoa nuen», esan zuen Agirretxeak prentsaurrekoan. Etxeko egongelan grabatzen duen laugarren diskoa du, eta, alde horretatik, hasieratik argi izan du diskoak zein ibilbide edo zein emaitza izan beharko lukeen: «naturala, freskoa eta buruan nituen eta benetan betetzen ninduten ideiak erakutsiko zituena».

Bakarkako lehen diskoetan egin ez bezala, mundu osoko doinuak sartzen ausartu da oraingoan musikaria. Horrela, folk amerikarraren edota countryaren ukituez gain, mestizajea, bossa nova eta kubatar izpiritua suma daitezke diskoan. Bederatzi kantuz osatutako bildumaren ezaugarri nagusia gitarristak aipatutako naturaltasuna izan daiteke. Aipatu bezala, etxeko egongelan, «intimitatean», grabatu ditu oinarrizko instrumentuak, eta, Agirretxearen ustez, kantuak zuzenean defendatzeko nahikoa da «gitarra eta ahotsarekin». Dena den, diskoari «kolorea» emateko, «luxuzko» kolaborazioak izan ditu: Xabi Solanoren programazioak, Esteban Valcarcelen tronpetak, Mikel Arakistainen baxua —aurten 21 urte egingo dituzte elkarrekin musika munduan—, eta Eneko Mobydicken ahotsa. «Berarekin zerbait egiteko gogoa izan baitut betidanik».

Etsaiak, Uek, Governors eta beste hainbat taldetan ibilitakoa da, eta Keuk musika hainbat estilotan aritzeko aukera izan du urte luzeetan. Dena den, musika akustikora itzultzeak hainbat teknika hobetzera bultzatu du, eta horren adierazle dira Bakoitzean eta Olatu bakoitzeko abestiei goxotasuna eta sakontasuna eman dieten slide gitarrak.

«Konexioa» letretan

«Gauean, argi guztiak itzaltzen direnean, eramango zaituztet nere ondoan, inor ailegatu ez den lekura», abesten du Agirretxeak Indar galaktikoa lehen singlean. «Carlos Noainen sintetizadoreek rollo epikoa, galaktikoa eman diote abestiari». Intrigazko soinu banda batentzako abesti aproposa izan daiteke. Diskoaren izenburuak, Behe presioaren erdigunean, bere alde anekdotikoa du gainera, abeslariaren egoera islatzeaz gain —denboraz justu ibili zela onartu du Agirretxeak berak— orain dela denbora bateko bizipen bat erabili baitu izenbururako. «Duela urte batzuk, txingor ekaitz batek harrapatu gintuen Jon Gurrutxaga, Mikel Arakistain eta hirurok Deba aldean, Donostiara bidean. Itsaso aldean harriak jausiko zirela ematen zuen, eta bat-batean gure gainera erortzen hasi ziren. Autoko kristala apurtu zigun. Momentu hartan, Mikelek 'behe presioaren erdigunean gaude' esan zuen, eta ordutik buruan sartuta izan dudan esaldia da».

Alde literarioari dagokionez,egunerokoan bizitako sentimenduak islatu nahi izan ditu hitzetan, eta berarekin «konexio handia» daukaten Leire Bilbao, Mikel Etxaburu, Eneko Garmendia eta Aiert Goenagaren hitzak erabili ditu. Horrez gain, Freddy Agirretxeak egindako diseinu sinple bezain dotorea erabili du oraingoan diskoa formatu fisikoan aurkezteko, non gitarrak berak protagonismo guztia kendu dion gitarra jotzaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.