Urruntasunari bi begirada

Jaeggyren 'Proletarka' eta Benedettiren 'Udaberri kantoi-hautsia' eleberriak euskaratu dituzte

Fleur Jaeggyren Proletarka itzuli dute Miren Iriartek eta Fernando Reyk —irudian—. Aiora Jakak Mario Benedettiren Udaberri kantoi-hautsia euskaratu du, baina ezin izan zen egon atzo Donostian eginiko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Gutxi dakigu Fleur Jaeggy idazlearen bizitzaz (Zurich, Suitza, 1940), berak hala nahita. Ingurukoek esaten dutenez, bakarti amorratua da, adiskide gutxikoa, gutxitan ateratzen dena eta elkarrizketa ia guztiei uko egiten diena. Itzultzailearen betaurreko pribilegiatuetatik begiratuta —liburua hamaika aldiz irakurri etaegilearen asmo, estilo eta bizitza ikertuz lortzen den ikuspegi pribilegiatutik—, haren nahi eta apustu batzuk agerikoak dira Proletarka eleberrian, oharkabean pasatu nahia, bakardadea, harreman sareari izkin egiteko gogoa eta isiltasuna ikusten baitira. Mario Benedettiren (Paso de los Toros, Uruguai, 1920 - Montevideo, 2009) Primavera con una esquina rota ere autobiografikoa da neurri batean. Istorioko protagonistek bezala, idazleak ere erbestera alde egin behar izan zuen espetxea eta tortura saihesteko, eta familiarengandik urruti bizi behar izan zuen. Horiek dira Literatura Unibertsala sailean argitaratutako azken bi lanak: Miren Iriartek eta Fernando Reyk itzuli dute Proletarka (Erein-Igela), eta Aiora Jakak Udaberri kantoi-hautsia (Erein-Igela).

Jeaggyk italieraz idazten du, jaiotzez suitzarra izan arren. Bizitokia ere Italian du gaur egun, Milanen, hara joan baitzen Adelphi Edizioni argitaletxearentzat lan egitera. Le statue d'acqua (Urezko estatuak), I beati anni del castigo (Zigorraren zorioneko urteak) eta La paura del cielo (Zeruko beldurra) dira haren liburuetako batzuk. «Izenburuek berek erakusten digute errealitateen kontraesanak dituela begiz jota», azaldu dute Iriartek eta Reyk.

Proletarka da idazlearen lanik ospetsuena. Izen eslaviarreko itsasontzi baten izena da, eta alabak 15 urte zituenean aita-alaba batzuek han egindako hamalau eguneko itsas bidaia kontatzen du. Bi pertsona horien harremanean oinarritzen da istorioa. «Misterioa argituz joango da. Pixkanaka argituko da haien arteko urruntasunaren arrazoia, eta beste zenbait gai garrantzitsu ere azalduko dira, irakurleak berak egin dezan gogoeta, berak ez baitu ez iritzirik ematen, ez sentimendurik adierazten». Sexu grina, heriotza, bakardadea eta suizidioa dira ageri diren gaietako batzuk .

Itzultzaileen esanetan, soila da liburua adierazpenetan, eta sintaxiak berak ere laguntzen du horretan. Motzak dira esaldiak, apaingarririk gabekoak, ia telegrafikoak. «Dena urruntasunez bezala adieraziko zaigu, hitzetan eta moduetan ageri den hoztasunak sufrimendua eramaten lagunduko balu bezala». Egoerak marrazten ditu idazleak, eta irakurleari uzten dio nahi duena pentsatzen, aste batzuetara zerbait piztu diezaion. «Liburua, bere soiltasunean, hantxe gelditzen zaizu, iradokizun iturri gisara».

Bi itzultzaileek elkarrekin lan egin duten lehen aldia izan da; Iriarteren kasuan, beste batekin liburu bat itzultzen duen lehen aldia ere bai. «Betiko ariketa egiten saiatu gara, itzultzaile batek egin behar duena: oharkabean pasatzen saiatu; edukia, tonua eta giroa euskarara ekarri; eta jatorrizkotik ahal bezain hurbil baina behar bezain urrun egon». Pozik geratu dira bata zein bestea emaitzarekin, liburuak «berniz» bera duelako, eta ez bi ahots.

Gordina bezain umoretsua

Gazte literaturako hainbat lan itzuli izan dituen arren, Aiora Jakarentzat ere Udaberri kantoi-hautsia izan da helduen literaturan egin duen bakarkako lehen itzulpena. Uruguaiko diktadura militarraren ondoriozko erbesteari buruzko eleberria da. Aberriaren eta erbestearen artean kokatzen dira bost protagonista nagusiak. Uruguain baina kartzelan dago Santiago; haren familia—Graciela emaztea, Beatriz alaba, don Rafael aita eta Rolando laguna—, berriz, Mexikon erbesteratuta. Bost pertsonaia horien ahotsak tartekatuta ageri dira eleberrian, kapitulu bakoitza pertsonaia baten ikuspegitik kontatzen baita.

Injustizia, zapalkuntza, kartzela, tortura, erbestea, heriotza, traizioa eta beste zenbait gai ageri dira kontakizunean. «Hala ere, ezin da esan eleberri triste edo gogorra denik, umoreak, ironiak eta baikortasunak goitik behera zipriztintzen baitute istorioa», nabarmendu du Jakak.

Eta horixe izan du itzulpeneko buruhauste eta dibertsio nagusietako bat: «Nola eman euskaraz eleberriaren hain zati funtsezkoa den hizkuntzaren erabilera jostari hori». Hasieratik erabaki zuen hitz jokoak ezin zituela ezabatu, ezta oin oharren bidez azaldu ere.Hala, jatorrizko bertsioan besteko efektua izango zuten hitz jokoak aurkitzea izan du erronka nagusi, «baita horretarako beste alderdiren bat sakrifikatu» behar bazuen ere. Pertsonaia baten izena ere aldatu du hitz joko bat nahi bezala geratzeko.

Bi liburuak atzo aurkeztu zituzten, Donostian, eta Iriarte eta Rey itzultzaileez gain —Jakak ez zuen joaterik izan, Quebecen dagoelako—, han izan ziren Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko zuzendaria, Idoia Gillenea EIZIEko lehendakaria eta Inazio Mujika Erein eta Igela argitaletxeen ordezkaria ere. Azken horren esanetan, Literatura Unibertsala Saileko azken izenburuetan, ahalegin berezia ari dira egiten emakumezkoen lanak ere itzultzeko. «175 lan itzuli dira orain arte, eta horien artean gizonezko gehiegi zegoen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.