Komikigintza

Urruneko abenturak eta hurbileko egunerokoa

Gregorio Muro ‘Harriet’ westernera itzuli da ‘Mugako dragoiak. Azote’ komikiarekin. Asier Iturralde ‘Gaston’-ek, berriz, taberna baten bizitza jaso du bere lehen nobela grafikoan.

Gregorio Muro 'Harriet' eta Asier Iturralde 'Gaston', Donostian, bi komikien aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Gregorio Muro 'Harriet' eta Asier Iturralde 'Gaston', Donostian, bi komikien aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko urriaren 12a
05:25
Entzun

Elkarren ezin ezberdinagoak diren bi komiki elkarrekin aurkeztu ditu Harriet argitaletxeak. Far Westean eta XVIII. mendean girotu du bere lan berria Gregorio Muro Harriet-ek, eta pertsonaia errealak eta fikziozko istorioak txirikordatu ditu Mugako dragoiak. Azote komikian —Pedro Camello arduratu da marrazkiez, eta Dani Seijas koloreez—. Asier Iturralde Gaston-ek, berriz, edozein irakurlek ezagutzeko moduko taberna bat hartu du agertoki bere lehen nobela grafikoa osatzeko: Egun bat Beti Berdin tabernan. Biak ala biak Miel Anjel Elustondok ekarri ditu euskarara, eta aldi berean plazaratu dituzte euskaraz eta gazteleraz.

Komikigilea, gidoigilea, zinemagilea eta Harriet argitaletxearen sortzailea da Gregorio Muro Harriet (Hernani, Gipuzkoa, 1954). Beste askoren artean, Mugako dragoiak komikia eman zuen 2015ean, eta hura ekarri du gogora lehenik egileak bere lan berriaz aritzeko: «Duela hamar bat urte, itxarongela batean historiari eta zientziari buruzko aldizkari sentsazionalista samar bat orriztatzen ari nintzela, honela zioen artikulu bat topatu nuen: ‘Komantxeak garaitu zituen lehen gizona Hernanikoa zen’. Eta ni hernaniarra izanik, zirrara eragin zidan». Juan Bautista Antzaren izena aipatzen zuen testuak, eta, etxera iritsi orduko, ikertzeari ekin zion. «Erabat ezezaguna nuen unibertso bat aurkitu nuen, hau da, AEBen lurraldearen zatirik handiena Espainiaren jabetzakoa zen garaia. Han, beraz, hernaniarrak ez ezik, euskal herritar asko izan ziren, baita Espainiako leku askotatik iritsitako jendea ere. Hori guztia ikertuz, istorio izugarri pila batekin egin nuen topo».

Mugako dragoiak lanean, Antza eta beste zenbait euskal herritar jarri zituen ardatzean komikigileak. Eta istorioari segida ematea erabaki du orain, baina erdigunera beste pertsonaia batzuk eramanda: Texasera Kanaria uharteetatik iritsitako jendea. «Lehen cowboyak kanariarrak izan ziren, Texasko lurralde zabalak populatzeko hainbat familia kanariar bidali baitzituzten. Haiek izan ziren abeltzaintzarekin hasi zirenak, ganadua batetik bestera eramaten».

(ID_14304579) (/EZEZAGUNA) (;)
Mugako dragoiak. Azote komikiaren irudi bat. GREGORIO MURO 'HARRIET' / HARRIET ARGITALETXEA

Garai hartako istorioetatik, jendearen bizimoduak piztu izan dio interesik handiena: «Nola bizi ziren, eta zer gatazka zituzten haiek baino lehen han bizi zirenekin». Baina horiekin batera, «ezkutuan geratu diren kontu historikoak» ere eraman ditu komikira, tartean AEBen independentzia gerran aritu ziren euskal herritarren gainekoak. «Kontu hauek denak erabat ahaztuta daude, eta gogoa nuen berreskuratzeko». Beste izen bat dago berreskuratu dituen horien artean: Cristobal Maria Larrañaga euskal zirujauarena, zeina Mexiko Berrian lanean aritu zen. 

«Denek ezagutzen dute Billy The Kid, baina Juan Bautista Antza eta Cristobal Maria Larrañaga, aldiz, ez, eta gauza garrantzitsuagoak egin zituzten»GREGORIO MURO, 'HARRIET'Komikigilea

«Irakurleak entretenimendu gisa goza ditzakeen fikziozko istorioen bidez, errealak diren kontu horiek guztiak eta atzealde historikoa kontatu ditut», azaldu du Harrietek. «Amerikarrek westernak egin zituzten beren istorioak kontatzeko, eta denek ezagutzen dute Billy The Kid, zeina Mexiko Berrikoa zen. Baina Juan Bautista Antza eta Cristobal Maria Larrañaga, aldiz, ez, eta hark baino gauza garrantzitsuagoak egin zituzten. Beraz, erabil dezagun fikzioa ahal duguna dibulgatzeko».

Westerna «ia guztiaz hitz egitea» ahalmentzen duen genero bat dela adierazi du Harkaitz Cano idazleak lanon aurkezpenean, eta Harrieten komikian irakurleak, besteak beste, «epikaren lilura, jazarpenak, enboskadak eta bidaiaren xarma» aurkituko dituela, baita «trama gurutzatu, oso aberats eta sofistikatuak eta pertsonaia askotarikoak» ere, Camelloren irudi «liluragarriez» gain.

Beti berdin, beti desberdin

«Eta zein da mundua jatera abentura bila ateratzearen ifrentzua?», galdetu du Canok; baita erantzun ere: «Etxean edo taberna batean geratzea, eta mundua tabernatik igaro dadin itxarotea». Idazlearen ustez, «egun bat nahikoa izan daiteke unibertso oso bat kontatzeko», eta horixe da Asier Iturralde Gaston-en liburu berriaren funtsa, taberna baten egunerokoa erakutsi baitu Egun bat Beti Berdin tabernan bere lehen eleberri grafikoan. Harrieten lanaren aldean, «beste tenperatura bat, beste giro bat, eta egunerokotasunaren xarma ehizatzen duen istorio bat» topatuko ditu bertan irakurleak, Canoren hitzetan: «Ihesi doakigun bizitza horri modu jostalari eta sortzailean begiratzeko gonbita da».

Tabernari ofizioari eginiko omenaldi bat ere ikusi du idazleak komikian, eta tabernan biltzen den «fauna» askotarikoa eta istorioaren erritmo sosegatua nabarmendu du. «Badago mundu bat, unibertso oso bat tabernari baten begietatik ikusia, eta egunerokotasunaren ospatze bat, Delirium Tremensen kantu batek esaten zuen bezala, egun denak ez baitira berdin».

(ID_14304578) (/EZEZAGUNA) (;)
Egun bat Beti Berdin tabernan komikiaren irudi bat. ASIER ITURRALDE, 'GASTON' / HARRIET ARGITALETXEA

Gastonek azaldu du pertsonaia sorta bat landua zuela aurrez, zintetan, eta haien bueltan «istorio luzeago bat egiteko moduko unibertso txiki bat sortuz» joan zela: «Zinta komikoak egiten nituen haiekin, eta banuen gogoa beste formatu batzuekin esperimentatzeko, istorio luzeagoekin. Pertsonaia horiek ez ziren inon elkartzen, baina bururatu zitzaidan hau izan zitekeela haiek dabiltzan mundutxoa, eta, hortik, taberna bat sortu zen, eta pertsonaia horiek han sartuz joan nintzen».

«Zinta komikoak egiten nituen pertsonaia batzuekin, eta banuen gogoa beste formatu batzuekin esperimentatzeko, istorio luzeagoekin»ASIER ITURRALDE, 'GASTON'Komikigilea

Hiru auzi gurutzatzen dira albumean barrena, egilearen hitzetan. Batetik, egunerokoa, «non egunero gauza bera gertatzen den baina aldi berean beti ezberdina den, ñabardura txikiengatik». Bestetik, kontu gastronomikoak, aspalditik erakargarri zaizkionak. Eta hirugarrenik, pertsonaiak eta haien artean sortzen diren harremanak daude. Haiek sortzeko, gehienetan, pertsona errealetan oinarritu dela zehaztu du Gastonek, eta anekdotak asmatuz joan dela haiekin.

Soinu banda ere badu lanak, kantu zerrenda baten esteka ere jaso baitu egileak, irakurketari giro berezi bat emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.