Nafarroako Bertsolaritza Txapelketa

Urriaren 7an hasiko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan

Lehiaketan 24 bertsolarik parte hartuko dute, eta finala Iruñean izango da, abenduaren 2an

Nafarroako Bertsolari Txapelketako parte hartzaileak Atarrabiako (Nafarroa) Kultur Etxean egindako aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
itsaso jauregi 2
2023ko irailaren 16a
16:18
Entzun

Urriaren 7an abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruritan, eta abenduaren 2an amaituko da, Iruñean. 29 bertsolarik izena eman dute parte hartzeko, baina, aurre kanporaketak amaitu eta gero, 24 izango dira. Guztira, zortzi saio izango ditu txapelketak, eta bakoitza Nafarroako udalerri batean egingo da; bertsolaritza Nafarroa osora hedatzea da helburua. Hala azaldu dute Nerea Bruño Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak, Atarrabiako (Nafarroa) Kultur Etxean egindako aurkezpenean.

Lau final-laurden izango dira, guztira, aurtengo txapelketan: Iruritakoaz gain, Vianan urriaren 14an, Uharten urriaren 15ean eta Leitzan urriaren 21ean. Bertan lehiatuko dira 24 bertsolariak, eta saio horietan gailentzen diren 18ek egingo dute aurrera finalaurrekoetara. Bigarren fase horretan, hiru saio izango dira: Altsasun azaroaren 4an, Agoitzen azaroaren 11n eta Lesakan azaroaren 19an. Finalaurrekoetan sailkatutako zortzi bertsolariek Iruñeko finalean kantatuko dute, Anaitasuna kiroldegian. Zortzi horietatik, saioan zehar puntu gehien lortzen dituzte bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute: orduan erabakiko da txapelduna. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira, finala izan ezik —17:00etan abiatuko da—.

Aurtengoa Nafarroako 46. Bertsolari Txapelketa izango da, eta, kartelak islatzen duen bezala, bertsolaritzak Nafarroako lur berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu. «Bide horren bitartez, euskarari eta euskarazko kulturari ekarpen mamitsua egingo dio bertsolaritzak, Nafarroako hainbat eskualde eta bazterretara hedatuz», Bruñoren hitzetan. Bi hilabetez Nafarroako zortzi udalerri euskal kulturaren topaleku izango direla nabarmendu du elkarteko lehendakariak.

Aurreko edizioko pausoak jarraitu nahi izan dituzte aurten; izan ere, 2021eko aldia inoizko jendetsuena izan zen, nahiz eta pandemia garaian izan. «Egun, zorionez, bertso plaza berreskuratzen doala esan dezakegu, eta kulturak, mehatxuak mehatxu, gizartearentzat duen balio ezinbestekoa erakutsi du. Bide horretan ale berri bat gehitzera dator aurtengo txapelketa», esan du Bruñok.

Lehiaketa jendetsua lortzearen atzean dagoen lana azpimarratu du lehendakariak, emaitzak lan isilaren fruitu baitira: «Bertsolaritza transmititzeko hezkuntzaren esparruan egindako lanaren ondorio zuzena da. Egitasmo horiek baliabideak beharko dituzte hemendik aurrera ere fruituak ematen segi dezagun».

Oholtza gainean

Parte hartzaileen artean aurpegi berriak ikusi ahal izango dira oholtzaren gainean: Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena eta Fernando Ziganda lehendabiziko aldiz arituko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Gainera, lau txapeldun ere ariko dira kantuan: Julio Soto, Xabier Silveira, Julen Zelaieta eta egungo txapelduna den Saioa Alkaiza. Gainerako parte hartzaileak honakoak dira: Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterrazu, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Idoia Granizo, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Patxi Castillo, Saats Karasatorre, Sarai Robles, Urko Gartzia eta Xabat Ilarregi.

Saioetan 11 lagun ariko gai jartzaile lanetan: Ainhoa Iriarte, Ainhoa Larretxea, Alaitz Rekondo, Ander Aranburu, Elisa Almandoz, Irati Agesta, Izaskun Aleman, Kizkitza Mujika, Maialen Belarra, Miel Mari Elosegi eta Zigor Gartzia. Zortzi arituko dira epaile gisa: Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Iñigo Ibarra, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Saioa Mitxelena.

Sarrerak jada eskuragai daude bertsosarrerak.eus webgunean, eta egunean bertan leihatilan salgai ere jarriko direla esan du Bruñok: «Orain gozatzeko unea da. Iritsi da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.