Urriaren 30etik azaroaren 5era egingo da Sormene, zaintza ardatz hartuta

Diziplina askotako kideak bilduko dira Galdakaon. Testuinguru «esanguratsu batean» egingo dute

Sormene jaialdiaren aurkezpena, atzo, Galdakaon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ate joka dago udazkeneko Sormene jaialdia: urriaren 30ean hasi, eta azaroaren 5era bitarte egingo dute, Galdakaon (Bizkaia). Zaintza izango du ardatz. Hala azaldu dio BERRIAri Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak: «Zaintza, euskarazko kultur sorkuntzarentzat, hizkuntza zaintzea da, euskaraz sortzen duten sortzaileak zaintzea da, gure kulturgintzaren oraina eta historia zaintzea da; eta transmisioarekin lotuta dago erabat».

Testuinguruan ere jarri du arreta, eta gogoratu du, besteak beste, azaroaren 4an manifestazioa egingo dela Bilbon, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra; eta gero, azaroaren 30ean, zaintzari erreparatuko dion greba feminista orokorra izango dela. Hala, Sormene testuinguru «esanguratsu batean» egingo dela uste du: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa, euskararen transmisioa, zaintza ariketa bat da. Horren arabera aukeratu ditugu udazkeneko edukiak eta egitaraua».

Emakume musikarien inguruko solasaldi batekin hasiko dute jaialdia, eta «genealogia berri baten beharra» aldarrikatuko dute hartan. Garazi Navasek, Lide Hernandok, Maria Riverok eta Aintzane Camarak parte hartuko dute, eta Ihintza Orbegozo musika kritikaria arituko da moderatzaile. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen garaitik orain arteko bidea landuko dute mahai inguruan.

Ikastetxeetan bi tailer ere egingo dituzte, antzerkia eta musika lantzeko. Antzerki tailerra Metrokoadroka Sormen Laborategiak gidatuko du, eta ondoren, azaroaren 2an, bere azken antzezlana taularatuko du: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Hurrengo egunean, emakumezko sei bertsolarik kantatuko dute, eta Ibil Bedi taldeak kontzertua emango du gero. Jaialdia ixteko, berriz, emanaldi «berezi» bat estreinatuko dute, espresuki Sormenerako sortua: Libe Goitiaren Fast Fatum liburuko poemetan oinarritutako kontzertua. Bestalde, Barandiaranek azpimarratu du ez dutela emanaldirik prestatu azaroaren 4rako, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarekin bat egiteko asmotan. Hala, manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Sormen beka

Galdakaoko Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak sortutako sormen beka baten berri ere eman dute. Hain zuzen, Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien pandero jotzaile galdakoztarren biografiak idazteko diru laguntza bat jarriko dute martxan. «Mauriziaren garaikideak izan ziren, baina, Maurizia ez bezala, nahiko itzalean geratu ziren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.