Urriaren 30etik azaroaren 5era egingo da Sormene jaialdia, zaintza ardatz hartuta

Kultur diziplina askotako sortzaileak elkartuko dira Galdakaon. Azaroaren 4an ez da emanaldirik izango, Kontseiluak deitutako manifestazioa dela eta.

Sormene jaialdiaren aurkezpena, gaur, Galdakaon. SORMENE
Jone Bastida Alzuru.
2023ko urriaren 18a
14:36
Entzun

Ate joka dago udazkeneko Sormene jaialdia: urriaren 30ean hasi, eta azaroaren 5era bitarte egingo dute, Galdakaon (Bizkaia), eta zaintza izango du ardatz. Hala azaldu dio BERRIAri Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak: «Zaintza, euskarazko kultur sorkuntzarentzat, hizkuntza zaintzea da, euskaraz sortzen duten sortzaileak zaintzea da, gure kulturgintzaren oraina eta historia zaintzea da; eta transmisioarekin lotuta dago erabat».

Testuinguruan ere jarri du arreta, eta gogoratu du, besteak beste, azaroaren 4an manifestazioa egingo dela Bilbon, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren kontra; eta gero, azaroaren 30ean, greba feminista orokorra izango dela, eta zaintzari erreparatuko diola. Hala, Sormene testuinguru «esanguratsu batean» egingo dela uste du: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa, euskararen transmisioa, zaintza ariketa bat da. Horren arabera aukeratu ditugu udazkeneko edukiak eta egitaraua».

Gaur aurkeztu dute, hain zuen, egitaraua. Emakume musikarien inguruko solasaldi batekin hasiko dute jaialdia, eta «genealogia berri baten beharra» aldarrikatuko dute hartan. Garazi Navasek, Lide Hernandok, Maria Riverok eta Aintzane Camarak parte hartuko dute, eta Ihintza Orbegozo musika kritikaria arituko da moderatzaile. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailearen garaitik orain arteko bidea landuko dute mahai inguruan.

Ikastetxeetan bi tailer ere egingo dituzte, antzerkia eta musika jorratzeko. Antzerki tailerra Metrokoadroka Sormen Laborategiak gidatuko du, urriaren 31n, eta ondoren, azaroaren 2an, beren azken antzezlana taularatuko dute: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan. Pandero tailerra, berriz, Maixa Lizarribar trikitilari eta pandero jotzaileak zuzenduko du, azaroaren 3an, ostiralean. Ondoren, arratsaldean, emakumezko sei bertsolarik kantatuko dute –Maite Berriozabal arituko da gai jartzaile–. Eta eguna amaitzeko, Ibil Bedi musika taldeak kontzertua emango du Goldea diskoa aurkezteko.

Halaber, jaialdia ixteko, emanaldi «berezi» bat estreinatuko dute, espresuki Sormenerako sortua. Libe Goitiaren Fast Fatum liburuko poemetan oinarritutako kontzertua egingo dute. «ESAS sareko emakume artistekin elkarlanean, hainbat musikarik kontzertu bat emango dute, eta Liberen testuak irakurri ere bai. Poemetan oinarritutako konposizio berriak izango dira. Guretzat oso inportantea da hori, Sormeneren oinarri ideologikoa eta helburu oso garrantzitsu bat biltzen duelako: sormena sustatzea eta sormen horri plaza eskaintzea».

Bestalde, Barandiaranek azpimarratu du ez dutela emanaldirik prestatu azaroaren 4rako, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarekin bat egiteko asmotan: «Sormene euskarazko kulturgintza lantzen duen ekinaldi bat da, eta euskarazko kultur sareak sortzea du helburu. Euskarazko kulturazaleak sortzeko, noski, ezinbestekoa da hizkuntza, euskara. Euskara eta haren kulturgintza bereizezinak direla uste dugu, eta, beraz, euskararen eta euskaldunon kontrako oldarraldi judizial eta ideologiko bete-betean, iruditzen zaigu Sormenek bat egin behar duela deialdi horrekin. Horregatik erabaki genuen azaroaren 4an Galdakaon ezer ez antolatzea». Hala, manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.

Sormen beka

Galdakaoko Udalak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak sormen beka berri baten berri ere eman dute gaurko aurkezpenean. Hain zuzen, Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien pandero jotzaile galdakoztarren biografiak idazten laguntzeko diru laguntza bat izango da. «Romualda Zuloaga eta Kastora Irigoien Mauriziaren garaikideak izan ziren, baina, Maurizia ez bezala, nahiko itzalean geratu ziren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.