Zinema

Urriaren 16tik 28ra egingo dute Zinemakumeak Gara jaialdia

Emakumeek zuzendutako filmei ikusgaitasuna ematea du helburu jaialdiak. Bilbon egingo dute urriaren 16tik urriaren 31ra, eta beste udalerri batzuetara hedatuko da gero.

Silvia Munten 'Las buenas compañias' filmeko fotograma bat. NICCO DE ASSAS
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urriaren 2a
13:29
Entzun

Alice Guy (Paris, Frantzia, 1873-New Jersey, AEB, 1968) zinema narratiboaren lehen zuzendaria omenduko dute aurten Zinemakumeak Gara jaialdiaren 28. aldian. Urriaren 16tik 31ra bitarte egingo dute, eta proiekzioak, tailerrak, mahai inguruak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte Bilboko hainbat tokitan. Handik astebetera, Basaurira, Portugaletera eta Bermeora hedatuko da jaialdia.

Nazioarteko zinemaldietan emandako edota saritutako bederatzi film proiektatuko dituzte denera: Las buenas compañías (Silvia Munt), Blue Black Permanent (Margaret Tait), Diabolo Menthe (Diane Kurys), The Bride (Myriam U. Birata), Totem (Lila Aviles), Tiger Stripes (Amanda Nell Eu), El proxeneta. Paso corto, mala leche (Mabel Lozano), La chimera (Alice Rohrwacher) eta La imatge permanent (Laura Ferres). Horiez gainera, Isabel Hergueraren El sueño de la sultana animaziozko filma ere proiektatuko dute urriaren 27an.

Bestalde, urriaren 19an bost film labur emango dituzte Bilbo Arten: Alegre y olé (Clara Santaolaya), Anatomía dunha serea (Adriana Paramo), Harta (Julia de Paz), Hondarrak (Paula Iglesias eta Marta Gomez) eta La loca y el feminista (Sandra Gallego).

Jaialdiak irauten duen egunetan, gainera, Indómitas: una genealogía de mujeres cineastas erakusketa egongo da ikusgai Indautxuko metro geltokian.

Hitzaldiak eta mahai inguruak

Jaialdia urriaren 16an hasiko bada ere, urriaren 26an egingo dute inaugurazio ekitaldia, BBK aretoan. Simone de Beauvoir saria ere orduan banatuko dute. Aurten, Silvia Munt aktore eta zuzendariak jasoko du.

Zinemaz harago, bestelako ekintzak ere eskainiko dituzte. Bizkaiko Batzar Nagusietan, esaterako, bi hitzaldi egingo dituzte: Alice guztiak eta Zineaz hitz egiten. Urriaren 17an eta 27an izango dira, hurrenez hurren. Urriaren 30ean, berriz, Sexu indarkerien aurkako psikologia. Prostituzioa eta sexu esplotaziorako gizakien salerosketa mahai ingurua egingo dute. Amaitzeko, urriaren 23an, 24an eta 25ean, Léelas como una chica (genero-ikuspegia duen analisi zinematografiko bat) tailerra emango dute Deborah Garcia eta Tania Lopez arte historialariek, BBK aretoan.

Zinemakumeak Gara proiektua Simone De Beauvoir talde feministak jarri zuen martxan, 1996an, eta emakumeek zuzendutako lanak bistaratzea izan du helburu hasieratik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.