Urrian hasita, Renoirren hamar lan erakutsiko ditu Nafarroako Filmotekak

Urriaren 9tik abenduaren 18ra bitartean emango dituzte filmok. Filmotekan orain artean erakutsi gabeko lanak dira denak

Erredakzioa
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Le crime de Monsieur Lange (1936), La bête humaine (1938), The River (1951)... Nafarroako Filmotekak emanak ditu Jean Renoirren (Paris, 1894 - Beverly Hills, AEB, 1979) hainbat film, zinemaren historiako izen handietako bat baita. Horrexegatik, hain zuzen ere, Funtsezkoen VIII. Egitaraua zuzendari horri eskainiko dio, urriaren 9an hasita. Egun horretan, La Chienne (1931) emango dute. Georges de La Fouchardiereren nobela homonimoan oinarrituta dago filma, eta prostituta batekin maitemintzen den gizon ezkondu baten gorabeherak kontatzen ditu. Hortik aurrera, eta abenduaren 18ra bitartean, Renoirren film bat proiektatuko dute asteazkenero filmotekan, azaroaren 20an izan ezik.

Proiektatuko dituzten gainerako filmak, hurrenez hurren, hauek dira: Boudu sauvé des eaux (1932), Toni (1935), Les Bas-fonds (1936), La Grande illusion (1937), La Règle du jeu (1939), This Land is Mine (1943), The Southerner (1945),Le Carrosse d'or (1953) eta French Cancan (1954). Zerrendatik at utzi dituzte Renoirren filmografiako hainbat ale gogoangarri, lehendik proiektatuak dituztelako filmotekan. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Polonskiren lehena ere bai

Urriaren 19an, 20:00etan, Abraham Polonski (1910 - 1999) estatubatuarrak zuzendu zuen lehen filma ere proiektatuko dute Nafarroako Filmotekan: Force of Evil (1948). Zinema klasikoko maisulan bat da. Hala ere, 1951tik aurrera, ezizenez sinatu behar izan zituen bere lanak Polonskik, Hollywoodeko estudioek zerrenda beltzean sartu zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.