Urmeneta: «Komiki batek hunkitzen du, baina dokumental batek gehiago»

'Ni ez naiz sorgina' dokumentala bidean dute Asisko Urmenetak eta Herrima ekoiztetxeak. Donostiako Zinemaldian aurkeztu nahi lukete. Azken grabaketen bermatzeko, dirua biltzeko deialdia egin diete herritarrei Goteo plataformaren bidez, gaurtik abendura.

'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat.
'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat. NIEZNAIZSORGINA.EUS
Iñaki Etxeleku.
2024ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Asisko Urmeneta eta Aitor Karasatorre Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik dokumentala egiten ari dira hilabete hauetan, Herrima eta Erro argitaletxeen laguntzaz. XVI. mendean eta XVII.aren hastapeneko inkisizioak zituen arrazoi politikoak agerian emanen ditu. Garai hartako historiografian eta sorgin auzi eta erretzeen gaian adituak diren nazioarteko unibertsitariengana ere jo dute, gertatutakoa orduko Europako testuinguru politikotik aztertzeko. Elkarrizketak, komiki marrazkien teknikak, animazioa, dramatizazio antzeztuak eta orai arteko sorginen iruditeria deseraikitzeko ekinbideak agertuko dira dokumentalean. Kalitatezko grabaketak eta irudiak landu nahi dituzte, eta, horretarako, egitasmoa lagundu nahi luketen herritarrei deia egin diete filmaren egileek, finantzaketa kolektibo bidez lagundu dezaten. Azaroaren 19tik abenduaren 28ra, Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik dokumentalaren ekoizpena laguntzen ahalko da, beraz, Goteo plataformaren bidez.

Urmenetak gaia jada lantzen zuen Sugarren mende (2020) komikia plazaratu zuen duela lau urte. Urteetako ikerketen emaitza zen dagoeneko. Irudigileak esplikatu du jendeari buruan sarrarazi dioten sorginen irudia eta sorginen auzien usteen deseraikitzeko lana dela haiena. Akelarreen inguruko ameskerien desegiteko lehen entsegua izan zen Sugarren mende. Helburua oroitarazi du Urmenetak: «Gure historia kontatu geure buruarendako, eta ez turistendako eta axalkeriaz». Arrakasta bildu zuen komikiak, ezen, 3.000 aletan saldu baitzen.

«Aurreuste guziak joan ziren erortzen, eta lan hipotesia koherentea eta berritzailea atzeman genuen» 

ASISKO URMENETAIrudigilea

Egin historiografia lan sakonak ulermen bideak argitu zizkien ordurako. «Aurreuste guziak joan ziren erortzen, eta lan hipotesia koherentea eta berritzailea atzeman genuen». Europako orduko testuinguruan, puxanten handinahikerien erdian jazarpen politikoa pairatu zutela euskaldunek ere. «Bukaera eman ziotelarik sorgin ehizari, Iruñeko apezpikuak aipu bat egin zuen hori oso ongi laburbiltzen duena: ‘Lapurdin sorgin ehizaz akusatuak zirenak Urruñako Urtubiako jaunaren etsaiak ziren: emazteak, gizonak, mutilak eta neskatxak’». Lapurdiko baizik ez zuen aipatu dela apezpiku hark, Nafarroakoa isildurik atxikiz. Hipotesia hori da, beraz: geopolitikagatik asmatu zutela inkisizioa.

'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat.
'Ni ez naiz sorgina' dokumentala grabatzen. NIEZNAIZSORGINA.EUS

Dokumentalera jauzi

Lan horri beste forma bat eman nahi zion Urmenetak. Hedadura handiagoko bitartekoa baliatuz. «Ohartu nintzen bazela aski material beste formatu batean eskaintzeko». Gehiago dena, heldu den urtean 500 urte beteko dira «lehenbiziko erretze kolektiboa» egin zenetik, Auritzen (Nafarroa). «Sekta satanikoa» edo «sorgintza demoniakoa» ordukoz «Europako elite intelektualek asmatua zuten».

Komikirako baliatu zituzten iturrien egileengana jo dute zuzenki aldi honetan Ni ez naiz sorgina dokumentalaren egileek. Euskal Herriko ikerlariengana ez ezik —Peio Monteano (Nafarroako Artxiboak), Joldan Jimeno (Zuzenbide Historikoa, NUP), Gurutze Ezkurdia (EHU), Amaia Nagusia (NUP)—, kanpokoengana ere joan dira: William Monter (Chicagoko Unibertsitatea, AEB), Sophie Houdard (Sorbona III Unibertsitatea, Paris), Diarmaid MacCulloch (Oxfordeko Unibertsitatea, Erresuma Batua) eta Natalia Silva Prada. Aditu horien guztien jakinduria filmegileek zuten hipotesia historikoaren indartzera jin direla uste du Urmenetak.

Lan hipotesiaren gisan, dokumentala bera berritzailea izatea nahi zuten. Adituekin egin elkarrizketa zatiez gain, herrietako «ikerlari eta aktibistak» ere galdekatu dituzte. «Nahi dugu ikusi zer irudi daukagun sorginaz oraingo egunean». Akelarre eta gainerakoen inguruan, Euskal Herrian berean bada irudimen eraiki bat sorginekin. «Orain arte kontatu digutena deseraikitzeko mugimendu bat hasi da», adierazi du Urmenetak, eta haien ekarpena egin nahi diote Herrimakoek. Atzoko eta gaurko mistifikazio berriak ere agerian ezarriko dituzte arazoa bere zabaltasunean erakusteko: «Mistifikazio zaharretarik ari dira mistifikazio berriak sortzen, eta horiek ere izanen dute lekua gure dokumentalean».

«Mistifikazio zaharretarik ari dira mistifikazio berriak sortzen, eta horiek ere izanen dute lekua gure dokumentalean»ASISKO URMENETAIrudigilea

1614an Espainiako Inkisizioak ediktua atera zuen gertatukoa isiltzeko eta mendeetan isilik atxikiarazteko. Ondorioz, «inkisidoreen eta epaileen kontakizuna» da gelditu dena. Eta hortik irudimen grafiko mistifikatuak: «Ziarkok —De Lancreren liburua ilustratu zuenak— plantatu zigun Akelarrea. Goyak errepikatu zuen XIX. mendean, eta azkenengo urte hauetan Alex de la Iglesiak edo Pablo Aguerok. Bide bakar hori ezagutzen dugu». Ni ez naiz sorgina lanak karrakatu du urrunago, eta gertatu dena orduko nazioarteko testuinguruan kokatu. Garaiko aginte politiko jokoetan, baina baita akusatuek inkisidoreen aitzinean erraten zutenean bermatuz ere; «isildu diguten egia horretara hurbiltzeko». Horrek dio izena eman dokumentalari. «Sumario anitzetan agertzen da: ‘Ni ez naiz sorgina, eta ez naiz sekula izan’; ‘ene lana egiten dut, izerdiz eta garbiki’; ‘ez naiz zuk erraten duzun hori’. Behin eta berriz agertzen da», adierazi du Urmenetak.

'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat.
'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat. NIEZNAIZSORGINA.EUS

Sormen berritzailea

Adituez gain, sorginen inguruko usteak deseraikitzen ari diren zenbait herri dinamika agertuko dira dokumentalean. Hala nola Hernanin (Gipuzkoa), Bidankozen (Nafarroa), Senperen (Lapurdi), Zugarramurdin (Nafarroa).

Adibiderako, Senpereko Seaskaren Kattalin Elizalde kolegioaren izendatzea aipatu du Urmenetak. Sorgintzak ekarri zuten hura. «Oso gauza guti dakigu Katalin Elizaldez, baina badakigu Senpereko baroiaren, jaunttoaren etsaia zela. Badakigu Espainiako inkisizioa biziki interesatua zela, bai eta Bordeleko epaileak ere, biziki emazte aberatsa zelako; ahaltsua». Gisa bereko deseraikitze dinamikan sartzen da, Urmenetaren ustez, bisitariek urteetan ikusi duten eta Zugarramurdiko plazatik (Nafarroa) herriko langileek erauzi duten «sorginaren irudi misogino, iraingarria» kentzea.

Elkarrizketez gain, dokumental berritzailea izateko, marrazkiak, komiki teknikak baliatuko dituzte. «Tabletan berreraikuntza historikoak, eskemak eta abar eginen ditugu». Horri esker, sorgin ehizaren arrazoi politikoak kokatzen ahalko dituzte. Sophie Houdard Sorbonako irakasleak dioena aipatu du Urmenetak: «Europa modernoa eraikitzen ari zen, eta momentu hartan botereak etsai bat behar zuen. Potentzien arteko muga lerroak garbitu nahi zituen bere absolutismo politiko eta kulturala ezartzeko». Sektaren eta deabruaren figura orduan sortzen dela dio, eta gaur egungo terroristaren figurarekin alderatu du. «Silvia Federicik erraten du terrorista hitzarekin nola kendu nahi dioen jendetasuna eta defenditzeko ahalmen guztia kolektibo bati», zehaztu du Urmenetak.

«Europa modernoa eraikitzen ari zen, eta momentu hartan botereak etsai bat behar zuen. Potentzien arteko muga lerroak garbitu nahi zituen bere absolutismo politiko eta kulturala ezartzeko»ASISKO URMENETAIrudigilea

Erraten da komikia pobrearen zinemagintza dela. Sorgin ehizarekin gertatu zena lau haizeetara hedatzeko, marrazkilari nafarrak uste du pantailetara ekartzeak izan dezakeela zabalkunde gehiago. Gartxot filmarekin ikusi zuen: «Papereko bi dimentsiotatik pantailan ikustera, musikak lagundurik, girotze batekin, laguntzen du are gehiago sarrarazten. Komiki batek hunkitzen du, baina dokumental batek gehiago». Nazioartera zabaltzeko bide bat iruditzen zaio, bestalde.

'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat.
'Ni ez naiz sorgina' dokumentaleko sekuentzia bat grabatzen. NIEZNAIZSORGINA.EUS

Diru bilketa

Horretarako, ahalak behar dira. Lanaren parte handi bat egina dute jadanik, baina gauzak «ahalik eta modurik txukunenean eskaini» nahi dituzte. Horretarako, grabaketa batzuk baldintza onetan egitea nahi dute. Orain arte, urrun diren adituekin bideokonferentziaz aritu dira. Orain, kalitate handiagoko irudiak nahi dituzte. Horregatik dute dirua biltzeko deialdia egin. Chicagora, Oxfordera, Sorbonara joan nahi lukete, «eminentzia horiek beren lantokian guk nahi dugun estetikan» agertzeko. «Dokumentalean ari gara irudia biziki lantzen: planoak, testura, argitasuna». Orain arte, ekoizleek dena beren sakelatik ordaindu dute.

Erran behar da badutela grabaketa gehiagorik egiteko oraino. Beste baliabide bat ere ekarriko baitiote dokumentalari. «Dramatizazio ttipiak egiten ari gara. Aktoreekin garai hartako giroa islatzeko». Grabaketa horietarik bat egin gogo dute Donibane Garaziko Apezpikuen presondegian. Eibarko (Gipuzkoa) gaztetxean ere aritu dira —XIX. mendeko kartzela ohia—, baita Izura-Azmeko (Nafarroa Beherea) Latsagako jauregian ere. Azken filmaketa eguna Logroñon izanen dute (Errioxa). «Logroñon ibilbidea eginen dugu zehazteko Inkisizioaren jauregia non egon zen, eta akusatuak nondik nora eramaten zituzten autodafé handirat».

Diru bilketa deialdiak beste abantaila badu Urmenetaren arabera: jendeari jakinarazten zaiola egitasmoaren berri eta parte hartzeko aukera ematen. «Nahi genuke proiektua kolektiboa izatea». Parte hartzeko plataforman proiektu anitzetan agertuko da egitasmoa: euskaraz, katalanez, espainolez, ingelesez eta frantsesez. «Saiatuko gara ahalik eta gehien hedatzen».

Orain Ni ez naiz sorgina. Suak errerik, keak gorderik dokumentaleko lagunak postprodukzio lanetan sartuko dira. «Ditugun grabaketa orenak eta orenak eta orenak kategorizatu, istorio liburua egin» eta halakoak. Anitz grabaketa zati dokumentaletik kanpo geldituko direlako, Internet atarian pentsatua dute podcast gisa ezartzea, «elkarrizketa osoekin» (Nieznaizsorgina.eus).

2025eko ekainean 500 urte beteko direnez lehenbiziko talde erreketa egin zutela, Auritzen aitzin dasta eskainiko diete parte hartzaile guziei. Baina «gero ideia da Zinemaldian aurkeztea». Donostiako zinema jaialdia ezagunari aurkeztu diote dokumentalaren egitasmoa.

Finantzaketa kolektiboa Kataluniako Goteo plataformarekin eginen dute, muga administratiboak gainditu eta Euskal Herri guziko herritarrei parte hartzeko parada emanen baitie.

'Ni ez naiz sorgina' dokumentalaren grabaketako une bat.
'Ni ez naiz sorgina' dokumentala grabatzen. NIEZNAIZSORGINA.EUS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.