271 argitalpen zerrendatuta, eta ez dira horiek den-denak. Lehena, 1969koa: Zomorro eta Kazkazuri, Kriselu argitaletxeak emana eta Bilboko Miguel de Unamuno ipuin sariketa irabazi zuena. 1970ekoa hurrena, Lurrek kaleratutako Literatura eta Kritika saiakera, irakasle zuen Fernando Lazaroren Crítica literaria klaseetako oharren bilduma euskaratua. Eta 271.a, iazkoa, Noticia Vasconiae hiztegirako testu bat, Agosti Xahori buruzkoa. Tartean, beste hamaika testu, idazlanak eta ikerketa lanak. 50 urtetik gora eman ditu zeregin bietan oparo Patri Urkizu Sarasuak (Lezo, Gipuzkoa, 1946); literatur sorkuntzan, ediziogintzan, itzulpenean, irakaskuntzan, testu zaharren berreskurapenean, azterketan, hedapenean. Eta dena, ia dena, bildu du orain atari bakarrean: patriurkizu.eus-en. «Ordenagailuan eta beste zenbait lekutan hor nituen testuak, edizio galduak... Urteak aurrera doaz, eta esan nuen, ingurukoak ere horretara bultzatuta: 'Garaia da egin dudan lana, gehiena, nahi duenaren esku uzteko'».
Zazpi ataletan bildu du webgunera igotako materiala Urkizuk, eta, kontsultagai ez ezik, deskargatzeko moduan ere jarri ditu materialetako asko. Biografia da ataletan lehena, non, sarrera testu baten ondotik, Autobiografia: besteak eta neroni testua jarri baitu; 600 orrialdetik gorako lana, Salamancan (Espainia) ikasle zebiltzan lau lagun ageri dituena azalean, tartean Urkizu. «Lau gazte sutsu», egileak barrez. «Nire burua argitzeko hasi nintzen [autobiografiarekin]; azkenean, iraganaren halako irudi lanbrotsu bat gelditzen zaizulako, eta oharrekin, paper zaharrekin, egunkarien gaineko begiradarekin, liburu zaharretako istorioekin eta abar moldatu dut». Ñabardura, baina: «Hala ere, autobiografia guztiak beti dira irristakorrak».
Pierre d'Urteren hiztegia. Londres 1715 tesi lanarekin egin zen doktore Urkizu 1986an, EHUn, eta Errenteriako (Gipuzkoa) zein Donostiako institutuetan lehenik, eta EUTG, Bordele (Okzitania) eta Madrilgo unibertsitateetan gero, irakasle aritu da bere ibilbide profesionaleko tarterik handienean. Beti euskararen eta euskal literaturaren ardatzetan. Eremu horrek «ikerketan sakontzeko denbora» eskaini diola aipatu du, eta alde nabaria antzematen duela bere bidearen hastapenetatik gaurko egunetara arte: «1968an Koldo Mitxelenak Arantzazuko batzar ezagunera gonbidatu ninduenetik hona egin dena jauzi handia izan da. Euskal hizkuntzari eta kulturari beste batasun bat eman zaio, beste maila bat, beste tornu bat, Etxeparek esango lukeen bezala».
1969az geroztik osatutako liburu eta ikerketa lanen katalogoa, argazki bilduma, ikus-entzunezko pieza gutxi batzuk eta euskal hizkuntzaren atala datoz biografiaren segidan webean, eta irakurgai osoak, berriz, azkenetan. Lehenik, poesian, narrazioan, saiakeran eta antzerkian argitaratutako liburuetako zenbait, digitalki eta modu librean irakurgai ipinita; eta, ondotik, orain artean argitaratu gabeko beste 26 lan, horiek ere edonorentzat eskuragai jarriak orain.
Ezezaguna ezagutaraztea
Lan argitaragabe horien ugaritasunak ere erakusten du non izan duen interesa jarria Urkizuk urtetako lanean. Bertsogintzari eta balada zaharrei lotutako lau argitalpen ditu, kasu batera, multzo honetan; euskaldunek Ternuara eginiko bidaietan ardaztutako Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1789), eta Patxi Intxaurrandieta musikariarekin elkarlanean ondutako 101 Balada zahar, esaterako.
Baina berdin eman ditu argitara bertan Mediterraneoan zein Zipre eta Siria artean egindako bidaietatik idatzitako liburu bana, Ostertz ilun-argiak izeneko poema bilduma, Jean Ellissalderen Pellot kortsaria lan galdua, Hendaiako irakurle taldetik ateratako testuak —Koldo Izagirreren Franco hil zuten egunak-i buruzko iruzkinak, adibidez— eta Jarrai antzerki taldeak oholtzaratutako testuak, besteak beste. Urkizu: «Nirea batez ere hori izan da: autore eta testu ezezagunagoak biltzen saiatzea. Idazle horiek nolabait ere omentzea».
Urkizuren obra, osorik sarean
Patri Urkizu idazle eta ikerlariak webgune bakarrean bildu du 50 urtetako lana, edonoren eskura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu