Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren iritziz, «batzuek uste dute nolabaiteko txartel bat eduki behar dela %100ean euskalduna sentitzeko, eta horiek monopolio bat sortu dute euskara berena dela pentsatuz». Horren aldean, Jaurlaritzak «kontsentsuz» egindako hizkuntz normalizazioaren kudeaketa aldarrikatu du. «Euskara denona da, ideologiez gaindi».
Forum Europan, Bilbon, hitzaldia eman zuen Urgellek atzo, eta EAJren aurreko gobernuei leporatu zien politika kulturala «eraikitze identitariorako zein eraikitze nazionalerako» erabili zutela 30 urtez. «Gure gobernuak, ordea, euskal kultura aniztasunetik abiatuta sendotzearen aldeko apustua egin du». Haren ustez, «normalizatzea» da «Espainiako Vuelta Euskadira bueltatzea eta ezer ez gertatzea, eta Korrika Trebiñutik hastea, eskuindar espainiarrak agintean dauden arren, eta ezer ez gertatzea».
Bestelako gaiez ere mintzatu zen Jaurlaritzako Kultura sailburua. Bildu izan zuen ahotan, esaterako. Urgell «arduratuta» dago Bildu Donostiako Udalean egiten ari den «kultur politikaren garapenarekin». Iruditzen zaio Bizkaiko Foru Aldundiaren «antza» hartzen ari dela. «Elkar ulertzea eta elkarlana zailtzen du Tabakalera eta Donostia 2016 proiektuetan, adibidez».
Txillida Lekuz, berriz, Urgellek nabarmendu zuen Jaurlaritzak «ahal duen guztia» egin duela museo publiko bihurtzeko baina artistaren familiak «negoziaziorako» ateak itxi zizkiola Jaurlaritzari: «Beharbada, etorkizunean norbaitek zorte handiagoa edukiko du».
Urgell: «Euskara denona da, ideologiez gaindi»
«Kontsentsutik» abiatuz egindako hizkuntz normalizazioaren kudeaketa aldarrikatu du Kultura sailburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu