Pandemia garaiko urtebetean poema ugari idatzi du Maixa Zugastik (Tolosa, Gipuzkoa, 1973), uda sasoian batez ere, eta horietako bat irakurri du jendaurreko ekitaldian. Baina olerki berrienak aski landu gabe daudenez oraindik, ez dira Hostoen hezurdura unatua liburuan ageri. «Hemengoak duela lau-bost urte idatzitakoak dira», azaldu du Zugastik.
Hamarna poemako hiru atal ditu liburuak; Isiltasuna da lehena, Hitza bigarrena eta Zarata hirugarrena. «Egitura eta poemen kopurua modu kontzientean antolatu dut. Poema batzuk alboratu egin nituen, beste batzuk aukeratu; eta ondoren, asko orraztu eta osatu, eta ikasten saiatu».
Lo galdua izena du liburuko lehendabiziko poemak, eta hortxe dator bildumari titulua eman dion esaldia: «Ametsezko bi gorputz bihurtu gara ohean;/ hostoen hezurdura unatua, udazkenean./ Itxiko ditut begiak/ amets egarriz/ eta oroitzapenez beteko dut hustasuna». Hain zuzen, udazkeneko egun batez sortu ziren olerkiko irudiak. «Aldapatsua da Hernani, nekatuta nindoan lanera, goialdean da ikastetxea. Haren ondoan dago ipar haritz bat. Une hartan hostoak zeuden lurraren gainean, eta adinarengatik edo gaixotasunagatik hildako nire hurbilekoen gorputzak eta hezurdurak gogorarazi zizkidaten. Iruditu zitzaidan nekatuta hiltzen direla hostoak ere. Bikotekidea eta maitea galtzen duen pertsona adindu baten ikuspuntutik idatzitako poema bateko lerroa da, beraz, hostoen hezurdura unatua».
Liburuaren izenburuak Imanol kantariaren Iratze okre geldiak (1982) diskoa ekarri dio gogora Felipe Juaristi idazleari. «Bietan dago naturaren gorazarre gozoa», esan du aurkezpenean. «Imanolenean udazken kutsua garbia da. Maixarenean badago udazken kutsu bat. Urtaroak ez du gupidarik, eta hostoak hain dira hauskor eta erorkor! Hosto eroriak denbora iragana erakusten digu; zuhaitzean dagoenak, aldiz, denbora hortxe dagoela, eskuraezin eta, era berean, neurtezin betiko».
Hiru hitz eta kontzeptu
Hiru ataletan atonduta dagoen liburuaren egiturari buruzko oharrak egin ditu Juaristik. «Isiltasuna, Hitza eta Zarata, hitz bakoitzak bere esanahiaren katea dakar berarekin. Isiltasuna, batzuentzat, kontzeptu negatiboa da, baina poesia zale garenontzat ezinbestekoa zaigu, hitzak ulergarriak egin daitezen. Hitza, askorentzat, kontzeptu positiboa da, baina hitzak berdin balio du egia esateko edo gezurra aldarrikatzeko; badakigu. Zarata, gehienontzat, munduaren gaitza da, baina zaratarik gabe ez genuke jakingo zein den isiltasunaren balioa». Hiru kontzeptuak elkarren osagarri dira poema bilduman, Juaristiren aburuz.
Zugasti azkenekotik hasitamintzatu da hiru atal horiez. «Ikasleei galdetu nien zer den zarata beraientzat». Eta orduan isiltasuna egin zen gelan. «Kanpoan txikien garrasiak entzuten ziren, eta esan zidaten hori dela zarata». Gero autoak entzun zituzten, eta galdetu zien haiek erabiltzen dituzten tresnez eta sare sozialez. «Eta orain, dena da zarata ikasleentzat. Niretzat, sufrimendua zarata izan liteke. Baina denbora, kultura, askatasuna... gauza onak direnak ere zarata bihurtzen ari gara».
Zarataren ifrentzua da isiltasuna. «Kontzeptu ezkor bezala bizi du gure gizarteak», uste du Zugastik, bakardadearekin, huts-minarekin, heriotzarekin, inkomunikazioarekin lotzen delakoan. «Zigor oso gogorra izan liteke isiltasuna. Hala ere, bizipen premiazkotzat daukat nik. Hitza iristen ez den leku sakonetara iristen da isiltasuna, heriotzeko oinazea edo maitasuna bezalako sentipen uneetan». Argiarekin lotzen du isiltasuna poetak. «Pena dut, ez dudalako isiltasunaren alderdi baikor hori landu; gehiago izan dira zigorraren, heriotzaren, larriminaren, sekretuaren isiltasuna».
Azkenik, hitzari buruzko gogoetak egin ditu Zugastik. «Hitzarentzat garai zaila da bizi dugun hau, bai eguneroko bizitzan, bai hedabideetan. Uste dut manipulaziorako tresna bihurtu dela. Interesen arabera, errealitatea moldatu egiten du jende askok, eta sinesgarria dena gustuko egia bihurtu». Duela urte batzuk, ikastetxean ohitura hartu zuen egunero hitz bat irakasteko, eta ikaragarri gustatzen zaie gazteei. «Hitzak ikastean, badirudi konturatzen direla gure pentsamendua sakonagoa egiten dutela hitzek. Hautematen dugun errealitatea eta adierazten duguna ñabardurez janzten dira. Iruditzen zait ezagutzen ditudan poetek haurraren begiradaz erreparatzen diotela errealitateari».
Bi eleberri kaleratuta ditu Zugastik: L.A.A. (2017) eta Ahotsak eta itzalak (2018). Udazkenean Erein etxearekin hirugarren nobela argitaratuko duela iragarri du. «Bizitzaren amaierari buruzkoa da, eta adineko pertsonak ditu protagonistak».
Balea Zuriaren ale berriak
Hogei liburu plazaratu ditu dagoeneko Balea Zuria argitaletxeak, 2017an sortu zenez gero, poesiazkoak hemezortzi eta saiakera bi.
Beste bi berri ere badira bidean. Hilabete honetan bertan kaleratuko dute Maialen Berasategi Catalanen Eskuan beti zerbait. Ekainerako, aldiz, antologia bat apailatu dute Jon Kortazar eta Paloma Rodriguez Miñanbres irakasleek, Bidea eta zauria izenburua duena, Iñigo Astiz, Jon Benito, Jone Gorostarzu, Hasier Larretxea, Peru Magdalena eta Beatriz Txibite idazleen poemez osatua.
Urezko kaligrafia xumez idazten
Maixa Zugastik 'Hostoen hezurdura unatua' poema bilduma plazaratu du. Balea Zuria etxea sortu zenez gero, hogeigarren liburua da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu