Atzo bezalako egun batez, duela 40 urte, hil zen Fernando Aire Xalbador bertsolaria, sorlekuan eskaini zioten omenaldian, Urepelen. Egun hartan aurkeztu behar zuen Odolaren Mintzoa idatzizko bertsoen liburua ere, haren biografiaz osaturik. Orain, Elkar argitaletxeak berriz kaleratu du hainbat berrikuntzarekin. Horrez gain, Herria eta Hizkuntza bertso bilduma plazaratu du Elkarrek, bi diskotan. «Hunkigarria» da Anjel Valdes argitaletxeko musika arduradunaren hitzetan: «Batez ere, pentsatzen badugu denbora distantzia horrekin pertsona hark mantentzen duela bere izena eta izana. Euskal Herria osoarentzat ondare berezi eta iraunkor bat da».
Odolaren Mintzoa liburuaren hirugarren argitalpena da, eta, honetan, Amets Arzallusek idatzi du hitzaurrea. Disko bat darama liburuak, 36 kanturekin, bertso idatziei doinua jartzen diena. Xalbadorrek berak hartutako grabazioak dira. Halere, «bertso idatziaren indar poetikoa» utzi nahi izan dute, Valdesen arabera.
Bizitzako gaiak jorratu zituen Xalbadorrek bere kantuetan, hala nola natura, artzaintza, sorlekua, familia edota jainkoa. Horretan oinarritzen dira kantuak, eta, Valdesen ustez, «sinbologia bat» eraikitzen du. «Gaur egun sorkuntzan, idazten edota bertsotan ibiltzen direnentzako eredu izan daiteke».
Xalbadorrentzat garrantzitsuak ziren gai horiek ere topatu dituzte zuzeneko bertsoetan. Horiekin osatu dute Herria eta hizkuntza albuma. Herri Gogoa diskoetxeak argitaratu zuen Xalbador diskoaren grabaketak ageri dira eta Elkarrek 1977an kaleratu zuen Herria eta hizkuntza diskoarenak. Ikertzen aritu dira, ordea, eta konturatu artxibo anitz zeudela. Xalbador bat-bateko bertsoetan ageri da. Hedabideetako grabaketak dira asko.
Xalbador diskotik hamar bertso hartu dituzte eta 1977ko Herria eta Hizkuntza diskotik sei. Beste hamar, zuzenean grabatutako bertsoak dira. Txistu eta txalo izena du guztietan azkenak, 1967an abestua. Donostiako Anoeta pilotalekuan ospatutako Bertsolari Txapelketa Nagusian zuzenean grabatu zuten. Buruz burukorako hautatu zuten Manuel Olaizola Uztapide-rekin batera, publikoaren txistu artean. Une latza izan zen harentzat, eta ez zuen txapela irabazi. Baina txistuez gaindi, publikoari bere maitasuna helarazi zion. Valdesen ustez, Xalbadorren bizitza markatu duten uneetako bat da hori. Bestea, hil zen eguna. Bertso hautaketa Valdesek egin du, baina asko dira prozesuan lagundu diotenak, hala nola Jose Mari Iriondo, Euskadi Irratia edota Xenpelar Dokumentazio Zentroa.
«Saiatu gara Xalbadorren arima biltzen diskoetan, Xalbadorren bizitzan inportanteak ziren gai horiek. Hunkitu egiten zen pertsona bat zela sumatzen da grabazioetan», aipatu du Valdesek. Haren ustez, lehengo bizitzaren isla ere badira kantuak, garai hartako baloreena. «Ikusten dugu Euskal Herria industrializatu aurretik zegoen mentalitate bat, herri txiki baten izpiritu handia».
Izenburuak badu arrazoi bat. Izan ere, Valdesen ustez, Xalbadorren garaian herriak eta hizkuntzak bat egiten zuten, «eta orain, askotan, ez dakigu zein den hizkuntza. Hori da euskaldunok askotan dugun korapiloa». Garai hartan harreman estuagoa zegoela uste du herria eta hizkuntzaren artean. Horregatik, sorkuntza askoz barneagotik sortzen zen.
Mixel Aire Xalbadorren semea esker onez agertu da: «Berak egin obra atxiki ahal izateko egin duten lana handia da. Mila esker Xalbador, 40 urteren buruan, hain bizi atxikiarazteagatik». Haren aitaren garaia egungoarekin alderatu du. Urepeleko baserriak jenderik gabe gelditzen ari dira haren ustez, segidarik ez dutela izanen etxe anitzek. Eta inguruetako herrietakoek ere ez. Euskaragatik ere agertu du kezka, Xalbadorrek liburua idaztean adierazi zuen bezalaxe.
Artxibo gehiago
Hil zenetik omenaldiak egin dizkiote urtero Xalbadorri. Aztarna utzi zuen bertsogintzan, plazaratu zituen kezkengatik, besteak beste. Arzallusek hitzaurrean bi garaien artean eginiko konparazioan aipatu du «gaur eguneko diskurtso asko baino harago» doala. Laoni Etxebarreni haren emazteak idatzitako bertso batzuk ere aipatu ditu, Etxebarrenek zer pairatu behar izan zuen azaltzeko, «liburu orain bedeinkatu baina bukatu artean madarikatu horren kontura».
Haren heriotzaren 40. urteurrena dela eta, Elkarrek Iparraldeko kantu zaharrak plazaratu zuen apirilean, Hegoaldean Iparraldeko lirika sartzen hasi zen garaikoa.
Urepeleko artzaina biziarazten
'Odolaren Mintzoa' Fernando Aire 'Xalbador'-ek idatzitako liburua, eta 'Herria eta hizkuntza' albuma berrargitaratu ditu Elkar argitaletxeak, hainbat moldaketarekin. Duela 40 urte hil zen bertsolaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu